HIRIGINTZA

Eraikitzeko modu kaskar baten ajea

Azken bero sapak agerian utzi du eraikin gehienetan egiturazko arazoak daudela beroari aurre egiteko. Ez die etxeei bakarrik eragin, ordea, eraikin publiko kritiko askotan muturreko tenperaturak izan baitituzte, osasun etxeetan adibidez.

Bilboko Basurto auzoan eraikitzen ari diren etxebizitza dorre bat. MIGUEL TOÑA / EFE
Bilboko Basurto auzoan eraikitzen ari diren etxebizitza dorre bat. MIGUEL TOÑA / EFE
inaut matauko rada
2026ko uztailaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ekaineko bero boladak eraikinetako paretak gainditu zituen askotan, eta bazen kalean gusturago zegoenik etxean baino. Izan ere, beroak horrenbeste egun irauten duenean, pertsianak jaistea eta leihoak ixtea ez da eraginkorra, barruraino sartzen baita beroa. Haizagailua dutenek lortuko zuten agian bero sapa pixka bat arintzea, gorputzaren izerdia aprobetxatuz. Aire girotua ordaintzeko ahalmena dutenek, berriz, etxean udaberri giroko mikroklima bat sortzeko aukera izango zuten, bizilagunen inbidiarako.

Izan ere, Euskal Herrian ez da batere ohikoa etxeko tenperatura gradu askoan murrizteko ahalmena duten sistemak izatea: etxeen %10 baino gutxiago dira aire girotuko sistema dutenak. Espainiako estatistika institutuaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko etxeen %1,7tan dute soilik aire girotua, eta Nafarroan, berriz, %11,4 dira halako sistemaren bat duten etxeak. Prezioa —instalazioarena eta energia kontsumoarena— faktore garrantzitsu bat da aire girotua ez instalatzea erabakitzeko orduan, baina baita kultura eta ohitura falta ere. Izan ere, Euskal Herrian orokorrean etxeak hotzari aurre egiteko prestatu izan dira, nahiz eta hor ere arazo handiak egon, etxe zahar askok isolamendu arazo asko baitituzte.

Klimatizazioaren afera

Neguan babesteko beharrak hor jarraitzen badu ere, halako bero boladetan ikusten ari da Euskal Herrian ez zaiola askorik erreparatu beroaren kontrako babesari, etxeak eta bestelakoak eraikitzeko orduan behintzat. Baina beroketa global azkarrak eta berote gero eta ohikoago, beroago eta gogorragoek agerian utzi dute hor dagoen hutsunea.

Eraikinen barruko tenperaturaren gaiak hainbat erpin ditu. Kontua ez da soilik klimatizazio sistema bat izan edo ez: eraikuntzarako erabilitako materialak, pisuaren altuera, orientazioa, egurasteko aukera... faktore askoren baturaren emaitza da tenperatura eta sentsazio termikoa.

bilbo
Bilboko Alde Zaharreko eraikin bat, artxiboko irudi batean. Alde zaharretan, eraikin askok klimatizazio arazoak dituzte, materialengatik, dentsitateagatik eta landaredia faltagatik. ARITZ LOIOLA / FOKU

Landa eremuko baserri eta etxalde zaharretatik bada zer ikasirik: harrizko pareta pisutsu eta lodiak dituzte, non beroari gehiago kostatzen zaion sartzea, eta neguan, berriz, hotzari. Baina, noski, toki gehiago eskatzen dute, baita aurrekontu handiagoa ere, material garestiagoak baitira eta eraikitzeko orduan arazo gehiago ematen baitituzte.

Beraz, gehienbat hiri eremuetako eraikinek dituzte egiturazko arazo gehiago, eta, halako egoera batean, aire girotuko sistema batek soluzio perfektua dirudi. Baina ez da hala: lehenik eta behin, aurrez aipatu bezala, sistema garestiak dira. Gainera, argindar asko kontsumitzen dute, non eta Europan, argindarra garestiena den kontinentean. Energia kontsumo handi horrek, bestalde, bere ekarpena egiten dio klima larrialdiari, energia fosil gehiago kontsumitzea eragiten baitu.

Horrez gain, aire girotuko sistema gehienek barneko beroa kanporatzen dute, ez barnealdea hoztu. Horrek hiriko tenperatura handitzen du, eta ikertzaileek ikusi dute aire girotua orokortua dagoen hirietan bi gradu handitu dezaketela kanpoko tenperatura.

Osasun etxeetan ere bero

Beroaren arazoa mota guztietako eraikinetan pairatu zuten ekaineko bero boladan, zerbitzu publikoak eskaintzen dituztenetan ere bai. Are, beroarekiko zaurgarrienak diren kolektiboak hartzen dituzten eraikinetan, egoera larria izan zen, eskoletan eta osasun etxeetan batez ere. Miarritzen (Lapurdi), adibidez, hainbat eskolatako ikasleak ikastetxetik atera zituzten eta Irati areto klimatizatura eraman, hainbesteko berorik ez pasatzeko. Izan ere, eskolak orokorrean aire giroturik gabeko guneak dira Euskal Herrian, bereziki udan hutsik egoten direlako gelak. Baina, klima larrialdiak aurrera egin hala, gero eta beharrezkoagoa izango da ikasleen konfort klimatikoa bermatzea, bero boladak gero eta goiztiarragoak eta gogorragoak baitira.

Ikasleak, gazteenak batez ere, zaurgarriak dira, oraindik ez baitute beren gorputza guztiz ondo ezagutzen; horrez gain, jarduera fisiko gehiago egiten dute, eta orokorrean gehiago mugitzen dira, gelan eta gelatik kanpo.

Gaixoek eta adinekoek ere nabarmen sufritzen dute bero boladetan, baita osasun etxeak gehien bisitatzen dituztenek ere. SATSE erizainen sindikatuak bero boladaren hasieratik salatu zuen Hego Euskal Herriko hainbat osasun etxetan bero handiegia egiten zuela. Hori dela eta, aste honen hasieran sindikatuak hainbat osasun etxetan pairatutako egoera kritikatu zuen, eta, toki horien hobekuntza lanak egin bitartean, protokolo zehatzago bat eskatu zuen, langileen eta erabiltzaileen osasuna bermatzeko.

BERRIAk Marivi Mollinedorekin hitz egin du; sindikatuko lan osasuneko arduraduna da Mollinedo, eta Hegoaldeko osasun etxe batzuetan bizitakoa kontatu du. «Ezin dugu egoera orokortu, baina Osakidetzako osasun zentro askotan 30 gradutik gorako tenperaturak izan dira azken bero boladan». Gainera, tenperatura horietara nahiko berriak diren zentro batzuetan iritsi direla nabarmendu du, Bilboko Miribillakoan, esaterako. Antzeko salaketak egin ditu ELA sindikatuak Zubietako (Gipuzkoa) kartzela berriari dagokionez, salatu baitu «muturreko tenperaturak» erregistratu dituztela instalazio berrietan.

«Beharrezkoa da kontingentzia plan bat egitea eta zentro guztiak xehe-xehe ikertzea, osasun etxeetan klima babeslekuak egiteko»

Marivi Mollinedo SATSEko lan osasuneko arduraduna

Baina, beste batzuetan, beroa izugarria izan da: Getxoko Areetako anbulatorioan (Bizkaia) 41 graduraino iritsi zen termometroa, eta Zuhatzuko (Barakaldo, Bizkaia) osasun zentroko pediatria unitatean, 38,3 gradura. Gurutzetako ospitaleko (Barakaldo, Bizkaia) kardiologia ospitaleratze unitatean ere 30 graduak gainditu zituzten.

Osasun zentro berri batzuetan arazoak daudela ikusita, Mollinedok uste du konfort termikoa ez dela kontuan hartu: «Ulertu dezakegu zentro zahar batzuk baditugula, non egiturazko arazoak dauden gaiari heltzeko, baina zentro berriak egiten direnean kontuan hartu beharko litzateke hori, batez ere ikusita halako muturreko fenomenoak gero eta ohikoagoak direla».

Egoeraren larritasuna ikusita, Mollinedok sindikatuaren eskaria azaldu du: «Beharrezkoa da kontingentzia plan bat egitea eta zentro guztiak xehe-xehe ikertzea, osasun etxeetan klima babeslekuak egiteko. Bestalde, muga termiko bat ezarri behar da, osasun irizpideen arabera ezarritakoa, beharrezkoa balitz jarduna gelditzeko eta egoera termiko hobeagoetan dauden zentroetan emateko arreta». Uste du neurriak azkar eta planifikatu gabe hartzen direla, aurreikuspenik gabe: «Uda urtero dugu, baina Osakidetzaren beroaren kontrako plana ekainaren lehenekoa da, nahiz eta maiatzaren amaieran jada berote bat izan genuen. Berandu iritsi dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA