Polizia

Erkorekak esan du Ertzaintzako lan gatazkak ez duela Tourra baldintzatuko

Segurtasun sailburuak uztailaren 1etik 3rako «segurtasun publikoaren gida plana» aurkeztu du; 1.700 ertzainek parte hartuko dute egunero. Ertzainak Borrokan plataformak, berriz, Urkulluri leporatu dio gatazkari konponbide bat bilatzeko aukera galtzea.

Erkoreka, gaur goizean eginda aurkezpenean. IREKIA
Iosu Alberdi.
2023ko ekainaren 05a
10:02
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkorekak Frantziako Tourreko lehen hiru etapetako «segurtasun publikoaren gida planaren lerro nagusiak» aurkeztu ditu, Bilboko, Gasteizko, Donostiako eta Zornotzako (Bizkaia) udal ordezkariekin batera. Ertzainen protestak indar hartu duen honetan iritsi da aurkezpena, baina, sailburuaren esanetan, lasterketako segurtasuna «bermatuta» dago. Argudiatu du Ertzainak Borrokan plataformaren «ustezko bozeramaileek berek» adierazi dutela Tourrari «min egiteko» asmorik ez dutela, eta, beraz, ez dagoela aurkakoa esateko arrazoirik: «Inork ez du hain zorrotz prestatutako proba bat galarazteko borondaterik. Inor ez dago ondo ez dela egingo esateko moduan».

Segurtasun Sailaren eta Ertzaintzako sindikatuen arteko negoziazioetan ez da agenteek nahi adinako urratsik egin. Hala, Ertzainak Borrokan plataformak deituta, polizia agenteek zenbait protesta egin dituzte azken asteetan; besteak beste, 1.100 euroko soldata igoera bat eskatzeko. Horiek Tourreko lehen hiru etapak gauzatzea arriskuan egon daitekeela ere esan dute, eta Eusko Jaurlaritza haiekin izaten ari den jarrera kritikatu. Atzo bertan, Ertzaintzako buru Josu Bujandari leporatu zioten agenteak «terroristekin alderatzea», eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluri gatazkari konponbide bat topatzen ez saiatzea: «Segurtasun publikoren alde egin balute, ez lituzke milaka ertzain izango bere kontra».

Urkulluk eta Bujandak atzo hitz egin zuten, lanean hildako ertzainak omentzeko eta dominak banatzeko ekitaldi batean, Arkautin. «Inongo erakundek, Ertzaintzak ere ez, ezin du onartu gizartearen errespetua galtzeko luxua», azaldu zuen Urkulluk. Ertzaintzak zibersegurtasuna lantzeko egingo dituen urratsen berri ematearekin batera, «kezka» adierazi zuen «bizikidetza eta bizitza demokratikoaren garapena baldintzatzen saiatzen diren esku sartze antolatuekiko».

Lehendakariak ez zien erreferentziarik egin Ertzainak Borrokan plataformak deitutako protestei, baina gogoratu zuen erakundearen «lehentasuna» dela gizartearen segurtasuna bermatzea: «Euskal herritar guztiek erakunde honi emandako misioa da». Hala, Ertzaintzaren eta gizartearen arteko «konfiantzaren zubi hau zutunik» mantentzeko eskea egin zuen.

Ertzaintzako buru Josu Bujandak, berriz, adierazi zuen Ertzaintzaren «eredua aldatzen» saiatzen ari direla. Haren hitzetan, iraganean «kanpotik» saiatu ziren aldaketa hori egiten, baina gaur egun erakunde barrutik ari dira. Hark, baina, gaineratu du ez dutela lortuko halakorik egitea: «Arreta jarri behar zaio datorrenari».

Bide beretik, EAJren Espainiako Kongresuko eledun Aitor Estebanek adierazi du ertzain izatea «ordenagailu aurrean dagoen funtzionario bat» izatea baino gehiago dela, eta, beraz, «zentzuz» jokatzeko eskatu die protestan ari diren agenteei. Radio Euskadin egindako elkarrizketan, jeltzaleak azaldu du egoera «kezkagarria» dela, eta protestetan legea ez betetzea kritikatu du, ez diolako erakundearen «prestigioari» mesede egiten.

Izan ere, ertzainek egindako protestetako bat bat ikertzen ari da Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila. Izan ere, ostegunean Gasteizko tranbia geldiarazi zuten ordubetez, lanean ari ziren agenteek ezer egin gabe. «Arrazoiak daude pentsatzeko jarrera hori ordenamendu juridikoaren kontrakoa dela», adierazi zuen Erkorekak orduan.

Egoeraren bestelako analisi bat dute Ertzaintzako sindikatuek. Hedabideetara bidalitako ohar batean, Ernek, Esanek, Euspelek eta Sipek adierazi dute lan balditzen inguruko negoziazioan ez dagoela ertzainen «borondate faltarik», baizik administrazioaren «enpatia eta konpromiso falta»: «Segurtasun Sailak ez du interesik langileen lan baldintzak berritzeko». Are gehiago, «harrokeriaz» aritzea leporatu die, eta polizien aurkako diskurtsoak hauspotzea.

Tourreko operatiboa

«Segurtasun operatibo integrala» izango da Tourrekoa. «Inoiz ez bezalakoa», Erkorekaren hitzetan. Denera, 1.700 ertzain eta ehunka udaltzain arituko dira lan horietan egunero, baita dozenaka suhiltzaile eta larrialdietako langile, Arkautiko (Araba) «euskal poliziako» azken promozioko 500 ikasle eta 1.800 «tour lagun» ere. Denak Ertzaintzaren aginduetara egongo dira, eta instituzio hark BECen izango du zentro logistikoa.

Aipatutako udalerrietan eragingo du nagusiki —Bilbon, baita hasi aurreko egunetan ere—, baina lasterketa 108 udalerritatik igaroko da uztailaren 1ean, 2an eta 3an, eta haietan ere errepideak itxiko dituzte. Txirrindulariak iritsi baino lau ordu lehenago itxiko dituzte lasterketa igaroko den errepideak, Tourrarekin batera doan karabana pasatuko baita lehenik. Denera, Ertzaintzak 2.190 tokitan etengo du trafikoa, eta horietako 66 «kritikotzat» jo dituzte. Hain zuzen, ikusle gehien elkartuko diren eremuak hartu dituzte kritikotzat —mendi igoerak, esprintak eta anoa postuak—, eta batzuk 48 ordu lehenago ere itxiko dizkiete autoei.

Tourraren hasiera soilik ez: Erkorekak gogora ekarri du oporretako irteerako eta itsasartea igarotzeko operazioak ere martxan egongo direla egun horietan. Beraz, hiru «eskakizun» egin dizkie herritarrei: egun horietako joan-etorriak «denborarekin planifikatzea», informazioa «behar besteko denborarekin» bilatzea eta «garraio publikoa» erabiltzea. Informazioa helarazteko, herritarrei arreta eskaintzeko telefono zerbitzuak indartuko dituzte, eta aplikazio bat jarriko eskura. Bertan, etapa bakoitzeko rutometroa ikusi ahal izango da, unean-unean berritua: «Tresna biziak dira. Aldaketak izan ditzakete egoeraren arabera».

Era berean, jakinarazi du 166 larrialdi puntu ezarri dituztela lasterketa igaroko den errepideetan. Horien helburua litzateke larrialdi zerbitzuen eta suteen kontrako taldeen mugimendua erraztea, beti ere, lasterketaren noranzko berean mugituz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.