Ernai «etxebizitza duinaren alde» mobilizatuko da gaur Hego Euskal Herriko 30 herritan. Elkarretaratze guztiak 19:00etan izango dira, eta, esan dutenez, asteburuan egindako mobilizazioei segida ematea dute helburu; besteak beste, LABek Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean egindakoei.
«Etxebizitzaren problematikak berehalako erantzuna behar du, eta etxebizitza duinerako eskubideak bermatua egon behar du. Hori aldarrikatzen gabiltza, eta hori aldarrikatuko dugu aurrerantzean ere, eta eztabaidaren erdigunera ekarri», adierazi du Ernaik mobilizazioetara deitzeko bideoan: «Gazteoi aurrerapauso bat ematea eta borrokan jarraitzea dagokigu. Etxebizitza duinaren alde, Euskal Herrian urrats bat aurrera!».
Protestetara deitzeaz gain, gazte antolakundeak ekintzak egin ditu bart Bilbon, Gasteizen eta Iruñean, hainbat etxe agentzia eta banketxe seinalatzeko.
Bilbon, Gasteizen eta Iruinean hainbat etxe-agentzia eta banketxetan ekimenak egin ditugu. https://t.co/67OiahwWnP
— Ernai (@ernaigazte) October 5, 2026
«Etxebizitza da azken urteetan gazteok eta herri sektorea prekaritatera kondenatzeko auzi nagusia. Horregatik, datorrena datorrela, lanean eta borrokan jarraituko dugu etxebizitzaren negozioaren aurka eta etxebizitza duinerako eskubidearen alde», amaitu du Ernaik.