Milaka manifestarik «putre funtsak» Euskal Herritik kanporatzeko eskatu dute, LABek deituta

Donostian, Gasteizen eta Iruñean atera dira kalera eguerdian. Bihar, Bilbon egingo dute manifestazioa.

Donostiako manifestazioaren irudi bat. JUAN HERRERO / EFE
Donostiako manifestazioaren irudi bat. JUAN HERRERO / EFE
Edu Lartzanguren - Mikel P. Ansa
2026ko urriaren 3a
14:51
Entzun 00:00:00 00:00:00

Milaka pertsona bildu dira eguerdian, Donostian, Gasteizen eta Iruñean etxebizitzaren arazoa konpontzea exijitzeko. LAB sindikatuak eta hainbat gizarte mugimenduk deituriko manifestazioetan «putre funtsak» Euskal Herritik kanporatzeko eskatu dute, besteak beste. Borroka da giltza. Etxebizitzarekin negoziorik ez leloarekin egin dituzte martxak.

Gipuzkoako hiriburuan, erdialdeko kaleetan ibili dira manifestariak, eta, amaieran, adierazpenak egin ditu Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile nagusiak. Egoera larria dela esan du, eta zenbait eragile etxebizitzarekin negozioa egiten ari direla salatu du. «Errentismoaren kontra gaude, eta espekulazioaren eta etxebizitza negozioa izatearen aurka», esan du.

Adierazi du atzo Espainiako Kongresuan atzera bota zituzten legeek ez zutela arazoa erabat konponduko, baina «aurrerapauso bat» izango zirela. «Eskuinak eta eskuin muturrak etxe agentzien patronalaren eta putre funtsen alde egin zuten». LABeko buruak kritikatu egin du EAJren jarrera, Junts-ekin eta UPNrekin «lerrokatzeagatik», eta etxebizitzekin negozioa egiten duten funtsak Euskal Herritik kanporatzeko eskatu du.

Gasteizko manifestazioa. LAB
Gasteizko manifestazioa. LAB

Iruñean eginiko manifestazioan, funts horiei izen-abizenak jarri dizkie LABen ekintza sozialaren arloko arduradun Jaime Iribarrenek: Testa Residencial eta Catella Group aipatu ditu, besteak beste. Lehena AEBetako Blackstone funtsaren adar bat dela azaldu du. «Testak 507 familia kanporatu nahi ditu, eta guk kosta ahala kosta defendatuko ditugu, diru publikoarekin eraikitako etxebizitzak direlako, eta dagoeneko ordainduta daudelako». Iribarrenek Nafarroako Gobernuari eskatu dio etxebizitza horiek berreskuratzeko, eta alokairurako parke publikora bideratzeko. Urriaren 17an egingo dute manifestazioa, bizilagun horiek defenditzeko; Baluartetik abiatuko da, 17:30ean.

Gaurko manifestazioetarako deialdian, sindikatuak zabaldu zuen bost arlotan presazko neurriak hartu behar direla, baita neurri iraunkorragoak ere. Sindikatuaren ustez, alokairu mugagabeak ezarri behar dira, etxegabetze guztiak gelditu, «asmo espekulatiboekin» etxeak erosteko bideak eragotzi, etxebizitzaren prezioak jaitsi, eta etxebizitza parke publikoa handitu, «etxebizitza duina herritar guztien eskura» jartzeko.

Gasteizen ere egin du LABek manifestazioa gaur, eta Bilbon bihar egingo dute, 12:00etan, Plaza Eliptikotik abiatuta.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA