Ernairen mobilizazioan Espainiako erregearen figura bat eraitsi izana ikertuko du Ertzaintzak

Gazte antolakundeak milaka jarraitzaile elkartu zituen atzo, Donostian. Mobilizazioan, Espainiako erregearen figura bat bota zuten lurrera, eta burua hautsi zioten.

Ernairen manifestazioan egindako ekintza, atzo. IDOIA ZABALETA / FOKU
Ernairen manifestazioan egindako ekintza, atzo. IDOIA ZABALETA / FOKU
Iosu Alberdi.
2026ko irailaren 14a
12:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ertzaintzak ikerketa bat hasi du atzo Ernai gazte antolakundeak Donostian egindako mobilizazioaren harira. Europa Press albiste agentziak jakinarazi duenez, atestatu bat ireki du desordena publikoagatik, eta jomugan jarri dute Felipe VI.a Espainiako erregearen figura bati burua moztu izana ere.

Ernaik milaka gazte bildu zituen Donostiako kaleetan. Faxismoari aurre egiteko «alternatiba integralak» sortzea defendatu zuten antolakundeko kideek, eta «askapen borrokara» batzeko deia egin zieten gazteei. Era berean, gogoratu zuten Espainia eta Frantzia direla Euskal Herriari «askatasunez bere etorkizunaz erabakitzeko» eskubidea ukatzen diotenak.

Horiek hala, manifestazioa egin bitartean, zenbait lagunek su eman zieten Espainiako eta Frantziako banderei. Aurretik, berriz, Bulebarrean ekimen bat egin zuten zenbait gaztek. Felipe VI.aren figura bat jarri zuten errepidean, eta, hura lurrera bota ostean, burua hautsi zioten mailu batekin.

Ez da Espainiako erregearen figuraren kontrako ekintzengatik halako ikerketa bat martxan jartzen den lehen aldia. 2020ko urriaren 12an Iruñean egindako mobilizazio batean, erregearen eta Kristobal Kolonen irudiak hautsi zituzten. Orduan, Espainiako Auzitegi Nazionalak auzia artxibatzea erabaki zuen.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA