Palestina Euskal Herrian ere badago. Edo hobeki esanda, palestinarrak ere badaude Euskal Herrian. Gazatik eta Israelen eskuetatik ihes egin izanak, ordea, ez du haien oinazea desagerrarazten, Ibon Meñika Gernika-Palestina plataformako bozeramailearen arabera. Oinaze horri izenak eta abizenak jarriko dizkion kanpaina bat abiatuko dutela jakinarazi dute: Palestina Euskal Herrian dago. Euskal Herrian bizi diren errefuxiatu palestinarren egoera aztertzea du helburu kanpainak. Diagnostiko horren bitartez zehaztuko dute zeintzuk diren pertsona horien babesa bermatzeko hartu beharreko neurri «eraginkorrak» eta «zentzuzkoak». Azterketaren emaitzak ekainaren 20an aurkeztuko dituzte, Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna aitzakia hartuta.
Nekane Balluerka Elkartasun Aktiboaren Behaketa Batzordeko kideak azaldu duenez, kanpainaren helburuetako bat da errefuxiatu palestinarren egoera eta premia zehatzak txosten batean jasotzea. Horretarako lehen urratsa datu base bat osatzea da, eta bertan biltzea, besteak beste, errefuxiatuen familiaren egoerari, baldintza sozioekonomikoei, osasun eta ongizateari eta tokiko gizarte erakundeekiko harremanari buruzko informazioa.
Diagnostikoaren lanketa abiatu dute jada Mohammed Farajallah aktibista palestinarrak eta Amaia Herrero Emari Berdintasunerako Aholkularitzako kideak. Euskal Herrira iritsi berri diren palestinarrekin harremanean nola jarri da kontua. Farajallahk azaldu du Gazatik familia bat heltzen denean informazioa komunitate palestinarrean zabaltzen dela. «Iristen diren unean esku hartu behar da, zer edo zer behar duten ikusi, eta laguntza eskain diezaiekegun zehaztu. Familiekin ari gara lanean bereziki, ume askok tratamenduak behar dituztelako, eroritako eraikinen azpitik atera direlako edo misil bat jaurti dietelako».
Azterketa kualitatiboa
Palestinar aliatuak «saretuta» dauzkatela jakinarazi du Meñikak, baina, hala ere, aitortu du saretze lana «findu» beharko dutela. Errefuxiatuentzako espazio «eroso» eta «seguruak» sortzea aurreikusi dute horretarako. Gallartako Martin Etxea (Bizkaia) izango da leku horietako bat.
Herrerok nabarmendu du ez dutela diagnostiko «huts» bat egin nahi eta azterketa kualitatiboa izango dela: «Zati bat datuak izango dira, baina batzuetan ikusten ez den arren, datuen atzean errealitate bat dago». Bat etorri da Meñika, eta gogora ekarri du azken urteetan Gernika-Palestinak izan duen helburu nagusia Euskal Herrian bizi diren palestinarrei ahotsa ematea izan dela.
Palestina Euskal Herrian dago kanpainaz gain, palestinarren genozidioa salatzen eta «mobilizazioaren bitartez indar egiten» jarraitu behar dela azpimarratu du Meñikak. Hortaz, jakinarazi du Gernika-Palestinak bat egin duela Yala Nafarroa plataformak Iruñean larunbat arratsalderako deitu duen manifestazioarekin.