Medikua eta Meatzaldea Bizirik-eko kidea

Sara Ibañez: «Errepide berria gainontzekoari batuko zaio: beste errepideen kutsadurari, industriaren isuriei, Bilboko portuari...»

Subflubiala Ez plataformak gonbidatuta, Bilbon egindako hitzaldi batean Ibañezek ohartarazi du Lamiakoko itsasadar azpiko tunela kaltegarria izango dela osasunerako, haurrentzat eta adinekoentzat bereziki.

Sara Ibañez, joan den astean, Bilbon. RAUL BOGAJO / EFE
Sara Ibañez, joan den astean, Bilbon. RAUL BOGAJO / EFE
inaut matauko rada
Bilbo
2026ko otsailaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilbon jaioa da, baina Meatzaldean egin du bizitzaren parterik handiena Sara Ibañezek (Bilbo, 1955). Lanbidez medikua, Meatzaldea Bizirik taldeko kide da Ibañez, eta Muskizen bizi da. Ortuellan egin du lan hamarkada askotan, familia plangintzarako eta haurdunaldien kontrolerako zerbitzuan, Meatzaldeko emakume haurdun ia denak artatuz. Bere bizitokia eta jaioterria lotuko dituen itsasadar azpiko tunelak osasunean eragingo dituen kalteez ohartarazi du; izan ere, bi sarrera-irteeretatik aterako da kutsadura guztia, eta bertako biztanleei kalte egin.

Ibai azpiko errepidearen diseinuak eraginik izango al du kutsaduraren ebakuazioan?

Jakina da tunelak kutsadura bertatik ateratzeko bi ebakuazio puntu izango dituela, bi sarrerak, ibaiaren azpian egongo delako errepidea eta ez dagoelako aurreikusita kutsadura ebakuatzeko beste sistemarik. Horrek eragin nabarmena izango du tunelaren bi muturren inguruko biztanleengan. Partikula fin asko barreiatuko dira, gasolioaren errekuntzarekin lotutakoak bereziki, eta partikula horiek askotan beste kutsagarri batzuen bektoreak dira.

Zer kalte sortzen dituzte partikula horiek osasunean?

Partikula horiek arnas aparatutik barrena sartzen dira, eta odoleraino iristen dira. Hortik aurrera, ia gorputzeko edozein lekutan pilatu daitezke. Italian duela urte batzuk, zientzialari batzuek malformazio batzuekin jaiotako umeki batzuen nekrosiak ikertu ziren, eta mikroskopia elektroniko bidez ikusi zuten gibelean, burmuinean eta beste organo batzuetan partikula ultrafin metaliko batzuen pilaketak zeudela; horrek erakusten zuen partikula horiek gainditu egin zituztela giza gorputzaren filtro eta sistema guztiak, plazenta barne.

«Partikula horiek arnas aparatutik barrena sartzen dira, eta odoleraino iristen dira. Hortik aurrera, ia gorputzeko edozein lekutan pilatu daitezke»

Itsasadar azpiko tunelaren diseinua, beraz, kaltegarria da?

Bai. Gainera, trafiko handieneko uneak kalean jende gehien dagoen momentuak dira, goizeko zortziak aldean eta arratsaldeko bostak inguruan. Jendeak goizeko ordu horietan irekitzen ditu leihoak etxea egurasteko; goizeko zortzietan etxea egurasteko leihoak irekitzen dituena oker ari da, partikula guztiak etxean sartzen direlako. Gainera, asko barreiatzen dira, haizeak sakabanatu egiten baititu; beraz, tunelaren ahoetatik urrunxeago bizi direnak ere ezingo dira guztiz lasai egon, partikulak barreiatu egingo direlako. Batzuetan Saharako basamortuko partikulak iristen zaizkigu, pentsa.

Beraz, aurreikus daiteke tunelaren bi sarreren inguruan airearen kalitateak okerrera egingo duela?

Bai, kutsadura sinergikoa delako, gehigarria. Errepide berria gainontzeko kutsadurari batuko zaio: beste errepideen kutsadurari, industriaren isuriei, Bilboko portuari... Airearen kalitatea are gehiago okertuko duten proiektu gehiago ere aurreikusten dira gainera, Bilboko portuan bereziki. Zorrotzako Sader enpresa portura lekualdatuko dute, Petronorrek hondakinekin material berriak egin nahi ditu... Proiektu kutsagarri asko daude, eta haizeak Getxon barrena barreiatuko du kutsadura asko. Euskal Herriko udalerri kutsatuenetako bat da Getxo, trafikoarengatik batez ere. Gainera, airearen kalitatea neurtzeko estazio bakarra dauka herriak, Galeako puntan gainera; ez da leku egokia, ez baitu ondo jasotzen hiri kutsadura. Oso eskasa da hori.

«Kutsadura asko pilatzen den egunetan ere gogor jotzen dute beste gaixotasun batzuek, arnas aparatuarekin lotutakoek batez ere»

Errepidearen esplotazio fasean ibilgailuen kutsadura izango da arazo nagusia. Zer kutsadura mota sortzen du trafikoak?

2,5 nanometrotik beherako partikulak, nitrogeno dioxidoa (NO2) eta ozono troposferikoa (O3) dira. Era askotako gaixotasunak sortzen dituzte horiek. Luzera begira sortu ditzakete gaixotasunak, minbiziak eta bestelakoak, baina kutsadura asko pilatzen den egunetan ere gogor jotzen dute beste gaixotasun batzuek, arnas aparatuarekin lotutakoek batez ere. Tenperatura inbertsioa dagoen egunetan, adibidez, kutsadura pilatu egiten da, eta oso arriskutsuak dira. Bihotzeko arriskua ere handiagoa da halako egunetan, eta ospitaleratzeen ugaritzearekin ere lotzen da.

Zein herritar dira zaurgarrienak?

Adinari dagokionez, haurrak eta nagusiak dira zaurgarrienak. Umeek gehiago arnasten dute proportzionalki, eta, gehiago mugitzen direnez, gehiagotan arnastu behar dute. Gainera, lurretik gertuago daude, eta partikula gehiago arnasten dituzte. Kalean begiratzea besterik ez dago: ohikoa da ume bat ikustea haur kotxean, eta haren altueran autoen ihes hodiak pasatzen. Ikusi da kutsadura hori jaio aurretik ere eragiten ari dela kasu batzuetan, umetoki barruan motel haziz, erditze goiztiarrak eraginaz... Eta jaio ostean, arazo neurologikoak edo intelektualak ere handitzen dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA