Frantziako Poliziak lau pertsona atxilotu ditu Lapurdin, U14 kolektiboarekin lotuta

U14 kolektiboak uztailaren 14an Ezpeletan egin zuen manifestazioarekin lotuta atxilotu dituzte. Kanbora, Uztaritzera eta Senperera eraman dituzte, baina aske daude denak jada.

Berrehun pertsona inguru bildu dira Kanboko jendarmeria aitzinean atxiloketak salatzeko. BERRIA
Berrehun pertsona inguru bildu dira Kanboko jendarmeria aitzinean atxiloketak salatzeko. BERRIA
Ekhi Erremundegi Beloki - Jon Ordoñez Garmendia
Kanbo
2026ko urtarrilaren 6a
08:12
Entzun 00:00:00 00:00:00

Frantziako Jendarmeriak lau pertsona atxilotu ditu gaur goizean Larresoron eta Hendaian (Lapurdi) egin dituen bi operaziotan, baina dagoeneko aske utzi dituzte. U14 kolektiboko kideak dira laurak, eta, Mariel Garrigos Baionako prokuradoreak BERRIAri baieztatu dionez, iazko uztailaren 14an Ezpeletan (Lapurdi) egin zuten mobilizazioarekin lotuta atxilotu dituzte. Egun horretan, U14 kolektiboak Frantziako Estatuaren «zapalkuntza» salatzeko manifestazioa egin zuen; ez zen inolako istilurik izan.

Arratsalde bukaeran bidalitako agiri batean, atxiloketaren arrazoiak zehaztu ditu Garrigos prokuradoreak: segurtasun indarrei taldean irainak, eta heriotza eta andeatze mehatxuak egitea; aurpegia estalita ibiltzea; krimen edo delitu bat egiteko probokazio publiko eta zuzena; deklaratu gabeko manifestazio batean parte hartzea. Atxilotutako laurak kargurik gabe atera dira eta ez dute auzibiderik izanen, baina prokuradoreak erran du ikerketak zabalik jarraitzen duela.

Eguerdian berrehun bat pertsona elkartu dira Kanboko jendarmeria aitzinean, atxiloketak salatu eta militante gazteei babesa adieraztera. 19:00etan, beste protesta bat egin dute Senpereko jendarmeria aitzinean. 

U14 kolektiboko kideek azaldu dutenez, goizean goiz egin dute sarekada jendarmeek, 06:00etan. «Larresoron atxilotu dituzten bi anaietarik bat berehala eraman dute, eta bestea etxean atxiki dute miaketa egin bitartean», esplikatu du. Atxilotuak elkarrengandik aldentzeko borondatea ikusi dute horretan, haienganako sostengua zailtzeko asmoz. Izan ere, atxiloketek helburu argia dutela erran dute gazte mugimenduko kideek: «Militantzia beldurtzea, zigortzea eta kriminalizatzea; fiteago erranik, U14 kolektiboa suntsitzea. Hau da Frantziako estatu zapaltzailearen estrategia: herri mugimenduei zein mugimendu iraultzaileei jazartzea».   

Intimidazio saiakera

U14 kolektiboak Frantziaren asimilazio politika salatu du hainbatetan, eta Frantziaren jaiegun nazionaletan mobilizatu izan da. Hala egin zuten joan den uztailean ere, Ezpeletan antolatu zuten manifestazioan. Azaldu zutenez, hain zuzen, Frantziako festa nazionala ez da haien festa. Frantziako naziotasuna azkartzearekin batera Euskal Herriaren nazio zapalkuntza elikatzen duela baieztatu zuten. Horrez gain, «masa turismoa» eta «euskal kulturaren merkantilizazioa» ere gaitzetsi zituzten, eta aurreko hilabeteetan hainbat eragilek jasan zuten errepresioa txarretsi.

Baina ez zen inolako istilurik izan protestan zehar. Horregatik, «harridura» agertu dute goiz honetako atxiloketak protesta harekin lotuak direla jakitean. «Egin izan dugun manifestaziorik lasaiena izan zen. Ez zen inolako ekintzarik izan, beste urte batzuetan izan diren gisara. Harrabotsa egin genuen karrikan, banderolak atera genituen, baina deus gehiagorik ez», kontatu du U14ko kide batek kazetarien aitzinean.

Haserre mintzatu dira U14ko kideak: «Hemen zigortzen dutena ez da lege urraketa bat; militante batzuek eramaten duten jardun politikoa zigortzen ari dira», salatu dute. «Gure jardun politikoa kriminalizatu eta bortitzak garela esango dute. Gaur argi ikusi da berriz ere norena den bortizkeria: askatasunaren aldeko manifestazio batean parte hartzeagatik txakurtegian bukatzen dugu militanteek».

Hala ere, argi utzi nahi izan dute «intimidazio saiakera» horiek guztiek ez dituztela geldituko, eta zapalkuntzak segitzen dueno borrokatzen segitzeko borondatea agertu dute. Halaber, dei egin diete Ipar Euskal Herriko gazteei «alternatiba iraultzaileak sortzeko helburuz» antolatzera eta borrokatzera, «U14 kolektiboan edo beste talde politiko batetan, baita zure inguruko lagunekin eta ezagunekin ere». 

Aurrekariak 2023an

Ez da lehen aldia Frantziako Estatuak U14 kolektiboaren aurka egiten duena. Lehenago ere hainbat kide atxilotu dituzte. 2023an Donibane Lohizunen egin zuten manifestazioaren ondotik, prefetak kolektiboaren aurka egitera deitu zuen Baionako prokuradorea, eta 2024ko martxoan sei kide atxilotu zituzten. Urrian epaitu zituzten, eta gibelapenezko kartzela zigorra eman.

Ezpeletako manifestazioan auzi hori ere salatu zuten: «Ikuspegi zabalagoari erreparatuta, gure inguruko hainbat mugimendu iraultzailek eta herri mugimenduk jasaten dute errepresio egituratua gaur egun: Marieneak, Euskal Herrian Euskaraz-ek eta ageri ez diren beste hainbatek. Gure iritziz, kasu horiek ez dira bakanak; horregatik, guk ere modu kolektiboan antolatu eta erantzun behar dugula sinesten dugu, betiere gure bide politikoa instituzioetatik kanpo ulertuta».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.