Bizkaiko itsasadarraren azpian eraiki nahi duten errepidearen kontrakoek urteak daramatzate egitasmoaren aurkako borrokan, haien ustez proiektuak ekarriko dituen kalteak nabarmenduz, mobilizaziorako dei eginez eta egitasmoari alegazioak aurkeztuz. Aste honetan, baina, lanak hasi dituzte, eta lurra zulatzeari ekin diote Galindo auzoan, Sestaon (Bizkaia); horrekin gatazka «beste fase batean» sartu dela eta horren ezaugarri nagusiak «erresistentzia eta desobedientzia» direla uste du Subflubialari Ez plataformak, eta hala azaldu du gaur, Getxo eta Leioa batu dituen manifestazioan.
Erlazionatuta
Mobilizazioa 18:00etan hasi da, Areetako Geltokiko plazan (Getxo, Bizkaia). Subflubiala ez leloa idatzita zeukan pankarta bat eraman dute bost bizilagunek manifestazioaren buruan, eta, atzean, dozenaka lagunek parte hartu dute. Haietako asko gazteak eta umeak zituzten familiak ziren; zenbaitek kartelak eraman dituzte, Subflubialaren dirua garraio publikorako, EAJ-PSE errudun eta antzeko leloak idatziak zituztela.
«Subflubiala geldituko dugu», «Artatza parkea defenda dezagun» eta «Artatzatik ez dira pasako» izan dira gehien errepikatutako oihuak. Itzubaltzeta auzoko kaleak zeharkatu ostean, Amaia etorbidea hartu dute manifestariek, eta handik Artatza parkera joan dira. Han amaitu da manifestazioa, Getxoren eta Leioaren arteko mugan. Izan ere, Subflubialari Ez plataformak adierazi duenez, «ingurumena ezagutzeko ikasleen leihoa, bizilagunen doako aisialdirako tokia eta etorkizunerako babesleku klimatikoa» da parkea, eta hark pairatuko ditu kalterik larrienak.
Mobilizazioaren amaieran irakurritako agirian, egitasmoaren ajeak gogorarazi ditu plataformak: «11.000 auto gehiago errepidean, kutsaduraren gorakada, institutuan eta eskolan ikastea ezinezko egingo duen leherketen zarata, aldundiaren gertuko eraikuntza enpresek poltsikoratuko duten ditu publikoa —500 milioi eurotik gora—, eta Artatzako parkearen eta Ballonti ibaiaren ingurunearen suntsiketa».
Egoera «kaotikoa»
Hala ere, Bizkaiko Foru Aldundiak aurrera jarraitzen du egitasmoa ezarri nahian, eta horren erakusgarri dira aste honetan Sestaon hasitako lanak, «nahiz eta aitortu duten ez dakitela nola ekin obrari itsasadarraren eskuineko aldean». Plataformaren iritziz, dena «kaotikoa» da, eta Artatza-Itzubaltzetako institutua «erabateko ziurgabetasunean» dago —haren ondoan egingo dituzte lanak, eta eraikuntza enpresek institutuko jolastokiaren erdia hartuko dute—. «Baina haientzat garrantzitsuena da kontratuak dagoeneko esleitu direla, eta harrapakina banatu egin dutela», erantsi dute.
Plataformaren ustez, administrazioak entzungor egiten die herritarren aldarriei «badakitelako euren arduragabekeriaren ondorioak beste batzuek jasango dituztela». «Bibrazioak, kamioiak eta hautsa langileen auzoetako bizilagunek pairatuko dituzte, mugarik gabeko zarata ikastetxe publikoko ikasle eta irakasleek jasango dute, eta uda gero eta itogarriagoek eta klima aldaketatik eratorritako muturreko gertaerek gehiago zigortzen dituzte klase herrikoiak». Plataformaren esanetan, «auzi honetan jokoan dagoena ez da tunel bat bakarrik, gizarte eredua baizik».
«Auzi honetan jokoan dagoena ez da tunel bat bakarrik, gizarte eredua baizik»
SUBFLUBIALARI EZ PLATAFORMA
Horregatik, «erresistentziarako eta desobedientziarako deia» egin dute. Azaldu dutenez, erakundeak birritan saiatu dira parkea hesitzen, eta birritan eragotzi diete itsasadar azpiko errepidearen aurkakoek. Eredutzat daukate Urdaibaiko Guggenheimen proiektuaren kontra garatutako borroka: «Herritarren presioak baino ezin du geldiarazi euren gutizia».
Garraio sistema «eraldatu» eta hura «gehiengoaren beharretara» egokitzea baitezpadakoa dela azaldu dute. Itsasadarraren azpiko tunelaren kontrako aldarriak eginez eta horretarako erabilitako dirua garraio publikoa sustatzeko erabil dezatela eskatuz amaitu dute mobilizazioa. Eta «erresistentziara batzeko» deia berretsi dute: «Benetako lanak ez dira oraindik hasi, eta orain da garaia egitasmoa geldiarazteko».
Zuhaitz batera igota
Gatazka «erresistentzia eta desobedientzia aroan» sartu dela adierazi dute manifestazioan, eta, mobilizazioa bukatuta, hitz horiek ekintzetara eraman nahi izan dituzte. Plataformako zenbait kidek «kanpaldi desobedientea» abiarazi dute, eta kanpadendak, lo zakuak eta gainerakoak zabaldu dituzte Artatza parkean, obrak egin nahi dituzten lekuan. Printzipioz, gaua han emateko asmoa dute.
Ez hori bakarrik: manifestazioa hasi baino ordu batzuk lehenago, Subflubialari Ez plataformako kide bat parkeko zuhaitz batera igo da, «obra gelditu arte han eusteko asmoz», plataformako kideek azaldu dutenez. Kanpaldia hasi aurretik, hara joan dira manifestariak, kideari adore ematera.