Eskola oso bat tunel bat egiteko zain

Lamiakoko itsasadar azpiko tunela egingo zutela jakin zutenetik, lanak noiz hasiko zain daude Artatza-Itzubaltzetako institutuan. Lanek sorturiko zaratak eta kutsadurak inpaktu handia izango dute haien egunerokoan.

Proiektuaren aurkako irakasle taldeko eta plataformako kideak, aste honetan, Artatza parkean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Proiektuaren aurkako irakasle taldeko eta plataformako kideak, aste honetan, Artatza parkean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
inaut matauko rada
GETXO-LEIOA
2026ko urriaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herrian oso ohikoa da azpiegitura handien lanak berandu hastea. Eta Lamiakoko itsasadarraren azpitik egin nahi duten tunela ez da salbuespena. Hasiera batean 2024ko udazkenean ziren hastekoak, baina lanek zenbait atzerapen izan dituzte, aurkezturiko alegazioak berrikusteko eta beste ingurumen txosten bat egin behar izan zelako. Bazirudien 2026ko udaberrian hasi behar zirela, baina ondoren esan zuten irailean hasiko zirela. Bada, oraindik ez dira lehen zuloa egiten hasi, nahiz eta prestaketa lanak aurrera doazen. Santi Canalesek, Subflubialari Ez plataformako kideak, argitu du udan zundaketak eta bestelako lanak egiten aritu direla, eta edonoiz hasiko direla obra egiten. Larunbat honetan manifestazio bat antolatu dute, 18:00etan, Areetako metro geltokiko plazatik.

Proiektu handia da, eta gutxienez zazpi urte beharko dituzte lanak amaitzeko. Aurreikusten dute 600 milioi euroren inbertsioa beharko dutela, eta egingo duten lehen lana Artatza parkeko zuloa da. Leioan (Bizkaia) dago parkea, baina Getxoko (Bizkaia) mugari itsatsita. Lanak egin bitartean parkearen zati bat suntsituko dute, eta eraikuntza enpresek Artatza-Itzubaltzetako institutuko jolastokiaren erdia okupatuko dute. Eskuinaldean, Artatza-Itzubaltzetako eskola komunitateak pairatuko ditu gehienbat lanen kalteak. Izan ere, ikastetxeak oso eremu txikian daude eta lanak egingo dituzten lekutik oso gertu, eta bertan haur hezkuntzako ikasleak ez ezik, batxilergokoak ere badira. Maitane Nerekan getxoztarra da, eta institutuko irakaslea. Azaldu duenez, eraikin horietan guztira 1.000 pertsona inguru aritzen dira egunero, ikasleak, irakasleak, garbitzaileak eta bestelako langileak batuta.

Nerekanek hasieratik garbi utzi du azken urteetan jaso duten informazio gehiena Subflubialari Ez plataformari esker jaso dutela. Azaldu duenez, Bizkaiko Foru Aldundia, adibidez, ez da haiekin inoiz ere bildu, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin ere harreman oso urri eta eskasa izan dute.

Eztandak eta leihoak

Tunela zulatzeko moduak zalaparta sortu zuen, leherketa bidez egiteko asmoa baitzuten. Bazirudien leherketa bidezko modu hori baztertu behar zutela, baina ez da hala izan azkenean: «Leherketa bidez zulatuko dute tunela. Gainera, oraindik ez dute zehaztu zenbat izango diren, behin lehenengoak eginda ikusiko baitute zenbat beharko dituzten», azaldu du Nerekanek. Canalesek azaldu duenez, txostenaren arabera, 80-90 dezibeleko zarata sortuko dute eztandek, itsasontzien sirenaren pare.

«Neurri batzuk hartzea lortu da azken urteetan eskolak egin dituen mugimenduengatik, alegazioengatik batez ere»

MAITANE NEREKAN Artatza-Itzubaltzetako institutuko irakaslea

Aurreikusten da zarata eta hauts asko sortuko dituztela lanek; hori dela eta, leihoak aldatzea eta gela bakoitzean aire girotua jartzea proposatu zioten eskolari. Dena den, Nerekanek azaldu du aire girotuaren sistemari buruz oraindik ez dakitela ezer, eta leihoak duela gutxi aldatu zituztela: «Leiho berriak ezin dira ireki, eta ezin ditugu gelak egurastu». Gainera, aurrez abisatu gabe joan ziren leihoak aldatzera, irailean, eta horrek ikasturtearen hasieran kaosa sortu zuela nabarmendu du. Lehen astean ezin izan zuten eskolan lan egin, segurtasun bermerik ez baitzegoen, eta ikasturteko lehen egunean ezin izan zituzten aurkezpenak egin, eskola ez baitzegoen prest. Leihoak, gainera, eraikin bakarrean aldatu dituzte.

Neurri aringarriei buruzko azalpena eman du Nerekanek: «Oso lausoa da guztia. Neurri batzuk hartzea lortu da azken urteetan eskolak egin dituen mugimenduengatik, alegazioengatik batez ere». Esplikatu duenez, alegazio horiei esker, esku hartzeko modu batzuk izan zituzten aztergai mahai gainean, baina «oso modu informalean eta idatzirik jaso barik»; horietako bat da aire girotua jartzea.

Aurreikusia dago leherketen ondorioz eraikineko hormak zerbait mugitzea; beraz, eskolako hormak mugitzen diren detektatzeko sistemak erabiliko dituzte. Horrez gainera, sei metroko horma bat ere eraikiko dute, eskolaren ondoan lanen hondakinak metatuko baitituzte. Naiara Goiriena ere institutuko irakaslea da, eta, haren ustez, lanek airearen kalitateari kalte egingo diote, eta obrek iraun bitartean eta haiek amaitu ostean tunela erabilgarri egotean izango da kutsadura airean. Azaldu duenez, bi tximinia jarriko dituzte tunelaren aireztapenerako, bata ezkerraldean eta bestea eskuinaldean, eta eskuinaldekoa eskolatik metro gutxira egongo da.

«Hasieran bazirudien ematen ziguten alternatiba hiru eraikinetan banantzea zela, baina hori guztia idatziz inon jaso gabe»

MAITANE NEREKAN Artatza-Itzubaltzetako institutuko irakaslea

Goirienak nabarmendu nahi izan du obrak egin bitartean Artatza parkearen zati bat ezingo dela erabili, eta gainontzeko eremuan zarata eta hautsa egongo direla. Haren esanetan, parkea oso garrantzitsua da eskolarentzat, jarduera mordoa egiten baitituzte bertan, baina ez soilik haientzat, inguruko bizilagunek ere asko erabiltzen baitute.

Itxierari buruzko zalaparta

Eskolaren eta institutuaren etorkizuna beti egon dira zalantzan, tunelaren lanek izango duten inpaktuagatik. Aurtengo udaberrian zalaparta piztu zen, Hezkuntza Sailarekin izan zuten bilera baten harira. Nerekanek eman ditu azalpenak: «Sailak bilera batera deitu gintuen, eta bertan mahai gainean jarri zuten ikastetxea lekuz aldatzea. Hasieran bazirudien ematen ziguten alternatiba hiru eraikinetan banantzea zela, baina hori guztia idatziz inon jaso gabe. Horrek asko zaildu zuen informazioa familiei transmititzea».

«Galdetu ziguten ea hori nahi genuen, eta guk nabarmendu genien lehenago jakin nahi genuela zeintzuk ziren lanen ondorioak, noiz hasiko ziren, zer baldintzatan mugituko ginen eraikin horietara...», azaldu du Nerekanek. Esan duenez, ordutik jaso duten informazioa «kaotikoa» izan da, askotan benetan gertatzen zenarekin zerikusirik ez zuena.

Horiek hala, Nerekanek adierazi du Hezkuntza Sailari azaldu ziotela ez zutela inolako informaziorik erabaki bat hartzeko, eta, hala, egoera bere horretan geratu zen. Erantsi du kaos horrek guztiak eragina izan duela matrikulazioan, eta jaitsiera ekarri duela, nahiz eta uste zuen eragin handiagoa izango zuela.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA