Ia bi urte joan dira Amaya Zabarte Anoetako estadioaren inguruan larri zauritu zutenetik, Ertzaintzaren oldarraldi baten ondorioz. Bada, gaur egin dituzte lehen deklarazioak egun horretan Anoetako operazioan aritu ziren ertzainek, auzia ikertzen ari den epailearen aurrean. Oldarraldi hura zuzendu zuen ertzainburuak ukatu egin du Zabartek eta hainbat lekukok egin duten kontakizuna. Ertzainburuaren arabera, ertzainek ez zituzten foam jaurtigaiak erabili, eta iradoki du Zabartek buruan hartutako kolpea ez ote zen harrikada bat izango —sareetan zabaldutako irudietan ikus daiteke ertzain batek ostikoz jo zuela—. Emakumeak bizi osorako kalte neuronalak dauzka egun horretan hartutako kolpeak direla eta.
Ikusi gehiago
Bi ertzain eta lekuko bat aritu dira epailearen aurrean, Amaya Zabarteren auziari loturik. Zabarte ez da egun horretan Ertzaintzaren oldarraldian zauritu zen bakarra. Maria Martin gaztea begian zauritu zuten, eta betiko ditu kalteak begi horretan. Haren auziari loturik, sei ertzain eta lekuko bat hitz egitekoak ziren epailearen aurrean, baina akats bat izan da, eta ez dute gaur deklaratu. Abenduaren 5erako deitu dituzte.
Amaya Zabarteren abokatu Iker Sarriegik azaldu du Zabarte lurrean zela ostiko bat eman zion ertzainak ez diela bere galderei erantzun, baina epailearen galderei erantzuteko orduan ukatu egin du Zabarteri ostikoa eman ziola. Ertzainak deklaratu du korrika ari zela eta zerbaitekin estropezu egin zuela.
Realaren PSGren Txapeldunen Ligako partidaren atarikoetan oldarraldia zuzendu zuen ertzainburuak ere ezezkoekin erantzun die epailearen galderei. Haren arabera, Ertzaintzak ez zituen foam jaurtigaiak erabili, eta ziurtatu du oldarraldi guztia grabaturik dagoen bideoan ez duela ikusten bere lankide batek Zabarteri ostiko bat eman zionik.
Halaber, esan du arratsalde horretan ertzainak mehatxaturik sentitu zirela, Topoaren geltokiaren sarreran zeuden gazte batzuek ertzainak ezagutzen omen zituztelako. Erantsi du aurretik gertatutako istilu batzuetan parte hartu zutela gazte horiek.Â
Perez Asenjoren jarrera
Hainbat lekukok esaten dutenaren eta egun hartan grabatutako irudietan ikusten denaren aurkako deklarazioak egin ditu ertzainburuak. Erasoak jasan zituztela adierazi du, eta zale batzuek zenbait objektu jaurti zizkietela. Erantsi du geltokiko gazte taldea «desafioan» ari zela, eta objektuak pilatzen ari zirela. Iradoki du objektu horietakoren batek joko zuela Zabarte.Â
Galdeketan, Ana Isabel Perez Asenjo epailea oldarkor aritu da defentsaren abokatu Iker Sarriegirekin, eta bestelako jarrera bat hartu du, berriz, ertzainarekin eta haren abokatuarekin. Hasieran, ikerketa sakonik egin gabe agindu zuen Asenjo epaileak auzia artxibatzeko. Epaile hori polemika iturri izan da auzi honen aurretik ere. Esaterako, hura izan zen Kote Cabezudoren auziaren epailea, eta kasutik baztertu zuten.Â