Ertzainek lan itunaren osteko lehen hauteskunde sindikalak egingo dituzte gaur

Ertzainak Borrokan plataforma agertuz geroztik, lehen aldiz bozkatuko dute 7.000 poliziak baino gehiagok, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.

Pradales Jaurlaritzako lehendakaria eta Zupiria Segurtasun sailburua, Arkautiko akademian. ADRIAN RUIZ DE HIERO / EFE
Pradales Jaurlaritzako lehendakaria eta Zupiria Segurtasun sailburua, Arkautiko akademian. ADRIAN RUIZ DE HIERO / EFE
xabier martin
2026ko martxoaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ertzainak Borrokan plataforma agertu ondorengo lehen hauteskunde sindikalak egingo dituzte gaur, Ertzaintzaren barruan. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta ERNE, Esan eta SIPE sindikatuek iazko martxoan 2025-2028 aldirako sinatutako akordioaren osteko lehen bozak izango dituzte poliziek, eta ERNE sindikatuak nagusi izaten segitzen duen ala ez erakutsiko dute emaitzek, besteak beste. Azken hogei urteotan, sindikatu hori izan da nagusi Ertzaintzan.

Aspaldikoa da ertzainen kopuruaren inguruko erreibindikazioa, betiere 8.000 agenteren kopurua erreferentzia gisa hartuta, eta, lan ituna sinatu ondoren, indar handiagoa hartu du aldagai horrek. Gaur egun, 7.078 agente daude Ertzaintzaren lantaldean botoa emateko eskubidea dutenak. Araban 1.375 dira; Bizkaian, 3.755; eta Gipuzkoan, 1.942. Dagoeneko ia 4.000 ertzainek eman dute botoa aurrez, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez; gainontzekoek gaur izango dute bozkatzeko aukera, 10:00etatik 18:00etara. Iluntzean jakingo dira emaitzak, aparteko arazorik ez badago.

Guztira, 60 ordezkari aukeratuko dituzte, 17 Araban, 23 Bizkaian eta 20 Gipuzkoan. Aurreko hauteskundeak 2022ko otsailaren 10ean egin zituzten, eta, horien emaitzei jarraikiz, ERNEk 22 ordezkari lortu zituen; Esan-ek, 20; Euspel-ek, 10; SIPEk, 7; eta ELAk, 4.

Hitzarmenaren itzala

Ertzaintzaren lantaldearen barruan, pandemiaren ondoren, asko zabaldu zen murrizketa politiken biktimak izan direlako sentipena. Ertzainen egunerokoa gertutik ezagutzen duen iturri batek esan dio BERRIAri behin-behinekotasun tasa handia eta erosteko ahalmenaren galera handia izan dela sektore publikoan. Azaldu du sentipen horren itzalean sortu zela Ertzainak Borrokan plataforma oldarkorra, 2023an, sindikatuez besteko taldea. 

Plataforma horrek adierazi zuen ez zegoela ados ERNE, Esan eta SIPE sindikatuen negoziatzeko moduarekin. Sindikatu horiek zenbait akordio egin dituzte urteotan Segurtasun Sailarekin, baina ez eduki handikoak. Edonola ere, iturri beraren arabera, sindikatu horien helburua da gainontzeko langileengandik bereiztea, Ertzaintzan gertatzen denak soilik ertzainei eragiten dielako ustean. Batera edo bestera, urteen joan-etorrian, ertzain dezentek lan baldintzak hobetzeko ezintasuna zuten, eta ezinegon horretatik abiatu zen Ertzainak Borrokan plataforma.

Ertzainek ez dute grebarako eskubiderik, baina plataforma horrek mobilizazioak antolatu zituen 2023tik aurrera, baita Tourrean euren lana egiteari uko egiteko mehatxua egin ere. Iturri berak azaldu du Ertzaintzaren «ereduaren kontrola» galtzeko aukera zabaldu zela Ertzainak Borrokan plataforma martxan jarri eta gero, eta Segurtasun Sailak ikusi ei zuen sindikatu nagusien zilegitasuna sendotzeko beharra zegoela; testuinguru horretan egin zuten iazko lan hitzarmena Sailarekin ERNE, Esan eta SIPEk.

Kritika, debekatuta

Bada, gaurko hauteskundeetan ikusiko da lantaldearen barruan zer-nolako harrera izan duen iaz egindako akordioak. Ertzainak Borrokan plataforman aritutakoen babesa Euspel sindikatuak jaso du, ituna sinatu ez zuten sindikatuetako batek, alegia. Ertzaintzaren errealitatearen berri dutenek diote zaila dela aldaketa handiak gertatzea ordezkaritzan. Gerta daiteke, hala ere, ERNEk nagusitasuna galtzea, azken urteetan indarra galduz joan baita.

Horiek horrela, Ertzaintzan ELA da ordezkaritzari eutsi dion klase sindikatu bakarra, baina afiliatuak galdu ditu azken urteotan, eta dituen lau ordezkariak ezbaian leudeke orain. CCOOk eta UGTk ez dute jada ordezkaritzarik, eta ikusteko dago Ekos sindikatu berria gai den ordezkariren bat lortzeko.

Korporatibismoa oso barneratua dago Ertzaintzan; prozesu hori akademian sartzen direnetik hasten dela ziurtatu du iturri berak. Munduko beste polizia askotan izaten den joera esplikatu du: «Agenteei helarazten zaie euren bizitza Ertzaintzaren barruan hasi eta bukatzen dela. Taldetik kanpora ez dago ezer. Okerrena da egiten duten guztia ondo eginda dagoela esaten zaiela, eta ezin dela kritikarik egin; taldeari egindako nolabaiteko traiziotzat jotzen da hori. Korporatibismo horrek gero eta gehiago aldentzen du Ertzaintza gizartetik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!