Duela egun batzuk Israelgo soldaduek jo zituzten. Gaur, ertzainek. Global Sumud Flotillan parte hartu duten sei euskal herritarrak gaur iritsi dira Turkiatik Euskal Herrira. Loiuko (Bizkaia) aireportuan lur hartu dute. Dozenaka lagun elkartu dira haiei harrera egiteko, Palestinako banderak eskuetan.
Aireportuko atetik atera orduko, ertzain batek atetik kentzeko eskatu die. Ekintzaileak, ordea, elkarren ondoan jarri dira, talde argazkia ateratzeko eta aireportura joandakoen babesa jasotzeko. «Palestina askatu» oihu egin dute bertaratuek. Irribarreak ziren nagusi. Orduan, baina, ertzainak ekintzaileei bultza egiten hasi dira, irteera atearen aurrean zeudelako.
Global Sumud flotillako kide bat harrera egin dieten jendearengana hurbildu denean, ertzainek bortizki lurrera bota dute. Gainerako kideak ere lurrera bota dituzte eta lurrean zeudela borrekin jo diete. Ertzainek flotillako kideak eraman dituzte. Lau pertsona atxilotu dituzte: flotillako bi kide eta harrera egitera joandako beste bi. Ertzaintzak «desobedientzia larria, erresistentzia eta agintaritzaren aurkako atentatua» egozten die.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi du Ertzaintzaren Barne Arazoetarako Buruzagitzak ikerketa hasi duela, «agenteen jarduera indarrean dauden jarraibideekin bat datorren egiaztatzeko».
TVE Espainiako telebista publikoak emandako irudietan ertzainak flotillako kideen gainean ikus daitezke, eta ertzainetako batek lurrean dagoen pertsona bat jo ere egiten du borrarekin. Lurrean arrastan eraman dituzte, eta batzuei eskuburdinak jarri dizkiete. Flotillako kideei babesa ematera joandakoak, berriz, lurrean belaunikatu dira bitartean, Israelgo armadak flotillako kideak edukiarazi zituen jarrera berean. Bildutako batzuek oihu egin diete ertzainei: «Zuek, faxistak, zarete terroristak».
«[Ertzainek] egin duten lehen gauza kolpe gehiago ematea izan da. Ospakizuna izan behar zuena kaka zaharra bihurtu dute»
LUKA REMIRO Global Sumud Flotillako kidea
Luka Remiro abailduta agertu da komunikabideen aurrera. Flotillan parte hartu duen euskal herritarretako bat da. «72 ordu pasatu ditugu sionisten eskuetan, eta era guztieko torturak egin dizkigute», gogoratu du. «Bi ekintzaile etorri dira saihetsezurrak hautsita eta sorbalda lehertuta, eta [ertzainek] egin duten lehen gauza kolpe gehiago ematea izan da», salatu du. «Ospakizuna izan behar zuena kaka zaharra bihurtu dute».
Euskal Herritik Gazara bidean Global Sumud Flotillan joandako bi kide ospitaleratu behar izan zituzten Istanbulen, Israelgo soldaduek eragindako lesioengatik: kolpeak eman zizkieten eta kolpeen eraginez hautsita dituzte hezur batzuk.
Berez, gaur 11:00ak aldera iritsi behar zuten Amargak, Jotasek, Hegoak, Karimek, Linok eta Lukak Loiura, baina taldea osatu denerako 14:00ak izan dira. Orduan izan dira istiluak Loiuko aireportuan. Une hauetan jendea elkartuta dago, ertzainek lau atxilotuak eramatea saihesten saiatzeko.
Kontrastea nabarmena da haien herrialdeetara bueltatu diren flotillako gainerako kideei egin dieten harrerarekin. Atzo eta gaur iritsi dira, esaterako, Kataluniara eta Herbeheretara, eta ongietorrietan besarkadak, txaloak eta emozioa izan dira nagusi.