Ertzaintzak hemezortzi aldiz erabili ditu foam jaurtigaiak herritarren kontra 2023tik, Jaurlaritzaren arabera

Bederatzi kasutan «desordena publikoak» izan ziren Ertzaintzak erabilitako argudioa, eta beste horrenbestetan norbanako bat «menderatzeko» xedea.

Ertzaintza, San Mames aurrean, aurreko astean. LUIS TEJIDO / EFE
Ertzaintza, San Mames aurrean, joan den astean. LUIS TEJIDO / EFE
Iosu Alberdi.
2025eko maiatzaren 6a
17:25
Entzun 00:00:0000:00:00

Eusko Jaurlaritzaren arabera, 2023 hasieratik aurtengo martxoa amaitu bitarte, Ertzaintzak hemeretzi aldiz erabili zuen suzko armaren bat herritarren kontra. Dokumentuaren arabera, ia guztietan foam jaurtigailuekin egin zuten tiro, pertsonaren bat «menderatzeko» edo «desordena publikoak» eteteko asmoz. EH Bilduk egindako galdera sortan hala eskatu arren, Eusko Jaurlaritzak ez du zehaztu zenbat lagun zauritu zituzten ekintza horietan, argudiatuta jaurtigaiek ez zutela inor jo edo ez dutela lesioen inguruko mediku txostenik. Halere, gutxienez lau lagunek kolpeak edo lesioak pairatu zituztela adierazten da dokumentuan; tartean da Tolosako inauterietan begian zauritutako gaztea. Beste bi kasutan adierazi dute «salaketak» daudela, baina ez dituzte baieztatu. Horien artean dago Realaren eta PSGren arteko partidaren atarikoan larri zauritutako emakumea.

EH Bilduk Segurtasun sailburu Bingen Zupiriari eskatu zion xehatzeko Ertzaintzak azken hamarkadan zer-nola erabili dituen suzko armak. Sailak, baina, 2023tik martxora bitarteko datuak eman besterik ez du egin. Beraz, ez da kontuan hartu, besteak beste, Bilboko Etxarri II gaztetxea hustearen aurkako protestan egindako ekintza.

Ertzaintza eta armen erabilera

Foam jaurtigaiak erabiltzeari dagokionez, dokumentuan jasotako hemezortzi kasuen erdietan «pertsonentzako arrisku handiko desordena publikoak» izan ziren Ertzaintzak halako armak erabiltzeko aitzakia. Horietatik bost futbol partiden harira gertatu ziren. Bi Bilbon, Athleticen partidetan —Atletico eta Erromaren kontrakoak—, eta hiru Donostian, Realaren norgehiagoketan —Erromaren, Benficaren eta PSGren kontrakoak—. Soilik bitan eman dute erabilitako foam jaurtigaien berri. Esaterako, Realaren eta Erromaren arteko partidan, 2023ko martxoan, hemezortzi salba egin, eta hamahiru SIR jaurtigai eta 25 SIR-X bota zituzten. Azken horiek SIR deritzenek baino lesio larriagoak eragin ditzakete, eta, fabrikatzailearen arabera, urrutiagotik jaurti behar dira.

Segurtasun Sailaren arabera, bost kasu horietatik lautan ez zen zauriturik izan. Realaren eta PSGren artekoari dagokionez, baina, adierazi du emakume batek «salatu» zuela «foam bala batek buruan jo zuela». Hain zuzen, Amaya Zabartek, egun hartan larri zauritutako emakumeak, apirilean deklaratu zuen epailearen aurrean. Orduan, auzitegi mediku baten txostenean oinarrituta, Zabarteren abokatuak adierazi zuen emakumearen lesioak «zeharo bateragarriak» direla foam jaurtigai baten inpaktuarekin.

Beste bi kasu herritarren mobilizazioei lotuta daude. Zaharrena, 2023ko azaroaren 3koa. GKS Gazte Koordinakunde Sozialistak deituta, hainbat gazte elkartu ziren PSE-EEren Donostiako egoitzaren aurrean, Gazako genozidioa salatzeko. Orduan, borrak ere erabili zituzten poliziek, eta GKSk salatu zuen zenbait lagun zauritu zituztela. Iazko martxoaren 3an, berriz, emakume batek salatu zuen foam bala batek masailezurrean jo zuela, 1976ko sarraskia salatzeko egiten ari ziren protestan. Salaketa haren berri eman dute txostenean.

Beste bi kasuak goizaldean gertatuak dira. Batetik, Segurtasun Sailak adierazi du ertzainek SIR jaurtigai bat bota zutela Urduñako taberna batean (Bizkaia), «hainbat pertsona identifikatzean sortutako desordena publikoetan». Bestetik, iazko otsailean, Tolosako inauterietan (Gipuzkoa) Xuhar gaztea larri zauritu zuten begi batean, txostenaren arabera, «errebotez» jaurtigai batekin jota. Bertsio horrekin bat egin zuen Josu Erkoreka Segurtasun sailburu ohiak.

Gainerakoak norbanakoen kontra egindako tiroak dira. Lau kasutan zehaztu dute «arazo psikiatrikoak» dituzten lagunei egin zitzaiela tiro, horiek menderatzeko asmoz; horietako hiruri kolpeak edo lesioak eragin zizkieten. Gertaera haietako batzuetan eta beste batzuetan, Segurtasun Sailak zehaztu du armaren bat zutela norbanako horiek. Era berean, gutxienez hirutan taser pistolak ere erabili zituzten.

Azken hiru urteetan norbanakoen kontra eskopeta ere erabili du Ertzaintzak. Txostenaren arabera, Derion (Bizkaia), lapurreta bat egin ostean ihesean ari zen auto baten gurpilari egin zioten tiro. «Agenteei eraso egitea edo ibilgailuarekin harrapatzea eragoztea izan zen helburua», sailaren arabera.

Hain zuzen, txostenaren arabera, eskopeta da Ertzaintzak gehien erabiltzen duen arma. Gehienetan, helburua da «trafiko istripuetan larri zauritutako animaliak hiltzea» edo bidean egonik «bizia arriskuan jartzen duen animaliak hiltzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.