Joan den martxotik, taser pistola elektrikoak ditu Ertzaintzak, suzko armen erabileraren «alternatiba» gisa. Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak joan den maiatzean Elkarrekin Podemos koalizioak egindako galdera bati erantzunez emandako argibideen arabera, taser pistola elektrikoak egoera «larrietan» eta «salbuespenezkoetan» bakarrik erabiliko ditu Ertzaintzak, eta «formakuntza berezitua» jasoko duten ertzainek bakarrik erabiliko dituzte.
Elkarrekin Podemoseko Jose Ramon Becerrak Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan gogoratu zion pistola elektrikoek heriotzak eragin dituztela. Otsailean, idatzizko galdera batean, berriz, arma horiek osasun arazo jakin batzuk dituzten pertsonen aurka erabiltzeko arriskuaz galdetu zion, baina Segurtasun sailburuak apenas eman zuen argibiderik bere erantzunean. Horrela zioen hitzez hitz Beltran de Herediaren erantzunak: «Taserrak fabrikatzaileak homologatuta daude emango zaien erabilerarako, eta horri buruzko egiaztagiriak izan badira».
Segurtasun Sailak emandako datuen arabera, aurten 50.687 euroko diru saila bideratu du taser pistolak erosteko, eta soilik brigada mugikorretan berehalako erantzunetarako patruilen zerbitzuan lan egiten duten ertzainek erabili ahal izango dituzte.
Pistola elektrikoaren erabilera defendatu du Erne sindikatuak, baldin eta «modu egokian eta logikoan» erabiltzen bada eta«ahalik eta min gutxiena» eragiten badu.
Hiltzen duen arma
50.000 volteko deskarga elektriko bat botatzen dute arma horiek, deskarga jasotzen duena zenbait denboraz geldi-geldi uzteko. Arma «ez-hilgarri» gisa kalifikatuta badago ere, AIk argitaratutako txosten baten arabera, 2001 eta 2012 bitartean gutxienez 500 pertsona hil ditu poliziak AEBetan arma hori erabilita. Erresuma Batuan, azken hamar urteetan, ehundik gora pertsona hil dituzte horrelako armekin, hango Gobernuz Kanpoko Erakundeek emandako datuen arabera. Besteak beste, Dalian Atkinson Realeko jokalari ohia taser pistola batekin hil zuen Ingalaterrako Poliziak iazko abenduan.
Ertzaintzak taser pistolak erabiliko ditu, «salbuespen kasuetan soilik»
Suzko armen «alternatiba» gisa erabil ditzake. AIren txosten batek dio 500 hildako eragin zituztela AEBetan 2001 eta 2012 bitartean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu