Ertzaintzak zenbait pertsona salatu ditu Vueltan Palestinaren alde Bilbon izandako protesten harira

Ertzaintzak ez du zehaztu zenbat pertsonari jarri dioten salaketa; ikerketa oraindik irekita dago.

Palestinaren aldeko protestak, Bilbon, Vueltaren 11. etaparen amaieran. MIGUEL TOÑA / EFE
Palestinaren aldeko protestak, Bilbon, Vueltaren 11. etaparen amaieran. MIGUEL TOÑA / EFE
Irati Urdalleta Lete.
2025eko irailaren 25a
10:06
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ertzaintzak zenbait pertsona salatu ditu Espainiako Vueltan Bilbon Palestinaren alde izan ziren protesten harira. Kirol Arloko Indarkeriaren, Arrazismoaren, Xenofobiaren eta Intolerantziaren Kontrako Estatu Batzorde Iraunkorrean  ipini dituzte salaketak —Indarkeriaren Kontrako Batzorde ere esaten zaio—. 3.000 eta 4.000 euro bitarteko zigorrak jaso ditzakete, baita kirol eremuetara sartzeko debekua ere. Ertzaintzak BERRIAri esan dionez, oraindik zabalik dago ikerketa; ez dute zehaztu zenbat pertsona dauden ikerketapean, ezta zenbat salaketa ipini dituzten ere. 

Sona handiko protestak egin zituzten hainbat ekintzailek irailaren 9an, Espainiako Vueltako 11. etapan. Bilbon hasi eta amaitu zen txirrindularitza proba, eta Palestinaren aldeko aldarriak eta Israel Premier Tech taldearen aurkakoak izan ziren garaile. 

Jendetzak parte hartu zuen protestetan, batez ere amaieran. Bilboko Kale Nagusian bukatzekoa zen etapa, baina, bertan Palestinako egoera salatzeko jende andana bildu zela ikusita, helmuga hiru kilometro aurreratu eta sailkapen nagusiko denborak puntu horretan hartzea erabaki zuten. Horretaz gainera, tropela minutu batzuetan geldirik egon zen Enekuri gainean, zenbait manifestari errepidera atera zirela eta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.