ESK-k salatu du Tolosako eta Elgoibarko anbulantzien subrogazioa «hondamendi handia» izan dela

Sindikatuak uste du kontratazio publikorako arauak hautsi direla, eta Osakidetzako zuzendari nagusiaren eta giza baliabideen zuzendariaren dimisioa eskatu du.

Anbulantzia bat, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Anbulantzia bat, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Julen Urrestarazu
2026ko urtarrilaren 19a
13:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beste sindikatu batek ere arbuiatu du Tolosako eta Elgoibarko (Gipuzkoa) anbulantzia medikalizatuetako langileen subrogazioa. ESK-k azaldu du subrogazioa «hondamendi handia» dela, eta Osakidetzak «akordio arautzaile» bat hautsi duela.

ESK-k adierazi du Osakidetzak «irregulartasun larria» egin duela, eta «pertsona jakin batzuei mesede» egin diela: «Behin betiko barne mugikortasunak, zerbitzu eginkizunak eta barne sustapenak eman ditu, indarrean dauden zerrendak gaindituta».

Sindikatuaren ustez, Osakidetzak ez ditu errespetatu «kontratazio publikoa arautzen duten arauak», ezta «berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak» ere. Horregatik, Miren Lorea Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusiaren eta Josune Retegi Osakidetzako giza baliabideen zuzendariaren dimisioa eskatu du.

Gainera, ESK-k gogoratu du subrogatutako langile «gehienek» estatutupeko postu finkoa zutela Osakidetzan, eta «langile gehienek estatutupeko langile izaten jarraitzea» erabaki dutela.

Sindikatuak, desados

Joan den ostegunean jakinarazi zuen Osakidetzak Tolosako eta Elgoibarko anbulantzia medikalizatuetako langileak subrogatuko zituela. Zerbitzu hori Gipuzkoako Anbulantziak kooperatibak kudeatu zuen urtarrilaren 6ra arte, eta 45 langile zeuden.

Ostiralean, SATSE Euskadiko Erizainen Sindikatuak salatu zuen ez zirela «nahitaezko negoziazioak» egin subrogazio prozesuaren inguruan, eta prozesuari buruzko «informazio zehatza» eskatu zion Osakidetzari. ELAk, berriz, Gipuzkoako Anbulantzietako langileen subrogaziorako bermeak eskatu zituen abenduan, zerbitzu horiek publifikatu baino aste bat lehenago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.