SATSEk «gardentasuna, informazioa eta benetako negoziazioa» eskatu dizkio Osakidetzari Tolosako eta Elgoibarko (Gipuzkoa) anbulantzia medikalizatuetako langileen subrogazio prozesuaren inguruan. Eusko Jaurlaritzak atzo baieztatu zuen Gipuzkoako herri horietako anbulantzietako langileak subrogatuko zituela.Â
SATSE Euskadiko Erizainen Sindikatuak salatu du ez direla «nahitaezko negoziazioak» egin mahai sektorialean. Bereziki «larria» iruditu zaio aldez aurretik «irizpideak eta arauak argitu gabe» egitea subrogazioa. Zehaztu duenez, Osakidetza ez da bildu larrialdietako langileen ordezkariekin, «nahiz eta prozesuak zuzenean eragiten dien». Nabarmendu nahi izan du Osakidetzak zerbitzua enpresa bati eman zionetik jakina zela kontratuaren iraunaldia urtarrilaren 6an bukatuko zela.Â
Langileak subrogatzeko eskubidea onartu duen arren, SATSEk adierazi du Osakidetzak «berariazko azterketa bat» egin behar duela kudeaketa eredua aldatzen denean, «enpleguaren jarraipena bermatzeko». Hala ere, argitu du ez dutela zalantzan jartzen «subrogatutako langileen profesionaltasuna».
Hori dela eta, SATSEk eskatu dio Osakidetzari subrogazio prozesuaren «informazio zehatza» emateko datorren urtarrilaren 28an egingo den mahai sektorialean. Gai hauek argitzea eskatu du SATSEk: «Egiturazko plantillari buruzko informazio osoa, langile mota bakoitzaren egoera, lanpostuen ezaugarriak, ordainsarien baldintzak, lanaren antolaketa, hautaketa eta hornidura prozesuetan parte hartzea eta emandako zerbitzuen aintzatestea».
Publifikazio prozesu zalapartatsua
Osakidetzak kudeatzen du Tolosako eta Elgoibarko anbulantzia medikalizatuen zerbitzua urtarrilaren 7tik. Lehen, ordea, Gipuzkoako Anbulantziak kooperatibak kudeatzen zuen. 45 langile ari ziren zerbitzu horietan lanean: medikuak, erizainak eta osasun garraioko teknikariak.
Abenduan, ELAk salatu zuen publifikazio prozesua Gipuzkoako Anbulantzietako langileen subrogazio bermerik gabe egingo zela, eta Osakidetzak egun horretan eskaini zien subrogatzea langileei. Urtarrilaren 7rako, ordea, langileen egoera argitu gabe zegoen oraindik. Atzo, bada, Eusko Jaurlaritzak erabaki zuen 45 langileak subrogatzea.