Eskola jantokien eredua aldatzeko sinadura bilketa abiatu dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat familiak

Sustatzaileen arabera, egungo ereduak azpikontratazioa, lan prekaritatea eta janariaren kalitate eskasagoa dakartza. Besteak beste, beharra duten ikastetxe guztietan sukalde propioa ezartzeko eta elikadura osasungarria sustatzeko eskatu dute.

Haur batzuk eskola bateko jantokian. IÑIGO URIZ / FOKU
Haur batzuk eskola bateko jantokian. IÑIGO URIZ / FOKU
edurne begiristain
2026ko maiatzaren 28a
13:09
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat familia elkartek eta hezkuntza komunitateko eragilek sinadurak biltzeari ekin diote eskola jantokien egungo eredua «errotik» aldatzeko. Ekinbidearen bitartez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eskatu diote eskola jantokien sistema publiko «justu eta iraunkor» baterako urratsak egiteko. Izan ere, sustatzaileen arabera, gaur egun indarrean den ereduak azpikontratazioa, lan prekaritatea eta elikagaien kalitatearen apaltzea eragiten ditu, eta horrek ondorioak ditu ikasleen osasunean, familien parte hartzean eta jantokietako langileen lan baldintzetan. 

Sinadurak esteka honetan jasoko dituzte: https://labur.eus/sukaldeakSinadurak. Sustatzaileen arabera, ikastetxeetan sukalde propioak izatea gizartean zabaldutako eskaera bat da, eta horregatik ari dira mobilizatzen. Araban, Gasteizko Eskolen Sukalde Plataforman antolatu dira familiak, eta Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, ikasleen familien elkarteak eta zenbait kolektibo batu dira dinamikara.

Zenbait aldarrikapenen inguruan antolatu dute sinadura bilketa: beharra duten ikastetxe guztietan sukalde propioa ezartzea, eta zuzenekoak ez diren bestelako kudeaketa aukerak ahalbidetzea hala eskatzen duten ikastetxeetan; tokiko eta sasoiko elikadura osasungarria bermatzea, eta eskola jantokien kudeaketa «publiko eta gardena» sustatzea, hezkuntza komunitate osoak parte hartzen duela.

«Eredu industrializatua»

Era berean, jantokietako langileentzako lan baldintza duinak galdegin dituzte: besteak beste, egonkortasuna, soldata «justuak» eta aitortza profesionala eskatu dituzte haientzat. Elkarteen ustez, jantokia ez da zerbitzu osagarri hutsa, hezkuntza, bizikidetza eta ohitura osasungarriak sustatzeko gune «estrategikoa» baizik.

Aldarrikapenok bat datoz Denon Eskolak eta Bige Bizkaiko guraso elkarteak jendaurrean egindako kritikekin. Elkarteek asteon salatu dute eskola jantokien baldingtza berriek «eredu industrializatua» eta azpikontratatua mantentzen dutela, eta ez dutela biderik eman hezkuntza komunitateak parte hartzeko. Halaber, egungo sistemak catering enpresa handien interesak lehenesten dituela salatu dute.

Sinadura bilketaren sustatzaileak Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordera eramango dituzte euren aldarrikapenak astelehenean, eskola jantokien ereduaren inguruko eztabaida instituzionala sustatzeko asmoz. Hala, Hezkuntza Sailari ohartarazi diote «benetako negoziazio prozesua» ireki ezean mobilizazioetan jarraituko dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA