Eskola segregazioari aurre egiteko dekalogoa aurkeztu du LABek

Gizarte kohesioa indartu, euskalduntzea bermatu eta «olatu erreakzionarioari» aurre eginen dion neurri sorta iragarri du Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak.

LAB sindikatuak eskola segregazioaren aurkako dekalogoa aurkeztu du. BERRIA
LAB sindikatuak eskola segregazioaren aurkako dekalogoa aurkeztu du. BERRIA
Ion Orzaiz.
2025eko urriaren 17a
13:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eskola eremuan gertatzen den segregazioari aurre egiteko neurri sorta aurkeztu du gaur LAB sindikatuak. Goizean eginiko agerraldian, Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak azaldu du zio sozioekonomikoengatik gertatzen den segregazioa «pertsonen jatorriarekin nahasita» azaltzen dela maiz, «gizarteratzea sustatu beharko luketen politika publikoen faltagatik». Sindikatuak salatu du hainbat familiak «oztopo ugariri» aurre egin behar dietela eta «zailtasun handiagoak»dituztela bizi baldintza duinak bermatzeko, Espainiako Atzerritar Legearen eraginez.

«Segregazioaren gaia hezkuntza sistemaren arazo nagusietakoa bilakatu da», esan du Aranburuk. Haren esanetan, «desoreka handiak» daude ikastetxeen artean, «langile migratuen eta bertan jaiotako langileen seme-alabak eskolatzeko orduan». Are, desoreka horietan hezkuntza sistemak eragin nabarmena duela uste du: «Haurren eskolaratze orekatua eta euskalduntzea bultzatuko duen hizkuntza politikarik ez dago. Gurera etortzen diren gurasoei ez zaie behar bezalako informaziorik ematen euskalduntzearen garrantziaz eta euskalduntzeko dituzten aukerez; haurrak D ereduan matrikulatzera ez dituzte animatzen».

Kuoten kobrantza ere txarretsi du LABeko idazkari nagusiak: «Doako ikasketak eskaintzen ditu eskola publikoak (hezkuntza sistemaren %50,8) eta, oraindik, kuotak kobratzen dituzte sare itunduan gizarte ekimeneko ikastetxeek (%39,5) eta Ikastolek (%9)». Hala ere, Aranburuk onartu du ikastoletako batzuek utzi diotela kuotak kobratzeari. Fenomeno horrek «arrakala eta desberdintasun sozioekonomikoak iraunarazi eta areagotu» egiten dituela uste du LABeko buruak: «Eskola publikoaren finantzaketa eskasa bultzatu du eta haren kalitatean eragiten du. Horrez gain, euskararen ezagutza eta honen bermerako euskarazko murgiltze ereduaren hedapena ere zailtzen du».

Langileen aurkako «olatu erreakzionario» baten barruan kokatu du segregazioaren fenomenoa: «Klasismoa, matxismoa eta arrazismoa sistemikoak dira, eta arrakalak sortzen dituzte langileen artean. Gero eta gehiago indartzen ari dira neomatxismoa, homofobia, xenofobia eta migratuen kontrako jazarpen giroa». Eta oldarraldi horren partetzat jo ditu euskararen eta euskaldunen aurkako erasoak ere: «Euskara oso momentu zaurgarrian dago, larri. Eskola segregazioa gainditzeko borrokak euskarari arnasa emateko borroka ere izan behar du».

Horiek horrela, eskola mapan antzeman daitezkeen desorekak gainditzeko deia egin du Aranburuk: «Gizarte kohesioaren alde egiten du LABek, eta hor, euskarak gizarteratzeko tresna garrantzitsua izan behar du». Zehazki, D ereduko sare publikoa jo du aldaketaren ardatz gisa: «Herriz herri, auzoz auzo, tokiko errealitatea aintzat hartuz egin behar da [eskola maparen aldaketa]. Egun dagoen ikaspostuen gain-eskaintzari heldu behar zaio, eta erantzun egokia eman. Ikaspostuak murriztekotan, D eredukoak ez diren eta laikoak ez diren plazak murriztu beharko dira lehenbizi».

LABek gogorarazi du segregazioaren aurkako mahaia abiarazi duela Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak, baina Osasun Mahaian erabilitako metodologia bera aplikatu nahi dutela horretan ere: «Hau da, argitasun gutxi, ados jartzeko borondate handirik ez, eta itxurakeria asko». Eredua nolakoa den kontuan hartuta, edozein erabaki «langileen ordezkarien gehiengoarekin» adostea galdegin dio Aranburuk Jaurlaritzari: «Irakaskuntzako mahai sektorialetan ere landu eta adostu behar dira segregazioaren kontrako neurriak. LABentzat ezinbestekoa da horretarako aukerarik izango den ala ez argitzea, mahaian gure parte hartzearen nondik norakoak aztertzeko. Hau da, joko arau argiak nahi ditugu. Ez dago segregazioaren kontrako itunik langileen gehiengorik gabe».

Eztabaidatzen eta negoziatzen hasteko oinarri gisara aurkeztu du LABek segregazioaren aurkako dekalogoa. Honako hamar puntu hauek osatzen dute:

  1. Gizarte kohesioa: «Ikasleen aukera berdintasuna erabakigarria izan behar da hezkuntza sistemaren planifikaziorako».
  2. Eskolatzea eta ikaspostuen planifikazio deszentralizatua, udalerrietatik abiatuta: «Matrikulazioa eta ikaspostuen planifikazioa herrika garatzea eskatzen dugu, kudeaketa bulego bakar eta loteslearen bitartez egin behar da».
  3. Auzo barrutia zabaldu, bizitoki segregazioari aurre egiteko: «Egoera sozioekonomiko ezberdinak dituzten auzoak barnean hartzeko eta bizitoki segregazioak isla izan ez dezan eskolan».
  4. Matrikulazio baremo bateratua hezkuntza sistemako ikastetxe guztietarako: «Neurri gehigarriak ezarri behar dira eta baremazioa homologatua izan behar da sare eta ikastetxe guztietarako».
  5. Laikotasuna bermatzea: «Eremu guztietan eskaintza laikoa bermatu behar da, izaera erlijiosoa segregaziorako iturri bihur ez dadin».
  6. Euskarazko eskaintza bermatzea: «Euskara segregaziorako elementu bihur ez dezaten, eta inklusiorako elementu izateko, neurriak behar ditugu. Hizkuntza ereduen sistemarekin ikasle askori euskaraz ikasi eta bizitzeko eta euskal kultura ezagutzeko aukera ukatu egiten zaie. Horregatik, eremu bakoitzean D ereduan ikasteko eskaintza nahikoa bermatu behar da».
  7. D ereduko ikaspostu publikoak hedatzea: «Eskola publikoen arteko fusioak gertatuz gero, D ereduko ikaspostuen galerarik ezin da egon. D ereduko ikaspostu publikoak hedatzeko planifikazioa behar da».
  8. Bat egitearen aldeko urratsak: «Euskal eskola publiko komunitario baten alde borrokan jarraitzea. Euskal Curriculumean, doakotasunean, laikotasunean, inklusioan, ekitatean, euskararen murgiltze ereduan eta pedagogia feministan oinarrituko den sare publiko bakar, berri, propio, burujabe, euskaldun eta deszentralizaturen alde».
  9. Gardentasuna: «Auditoretza unitate bat, ikastetxe guztietako diru kontuak garden erakusteko publikoari eta horien kontrol publikoa bermatzeko».
  10. Negoziazioa: «Segregazioari aurre egiteko neurriak eta ikasleen eskolatze eta planifikazioari loturiko araubideak langileokin negoziatu eta adostu behar dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.