Eskoletan sexu indarkeria jasandako 11 biktimak salaketa jarri dute Baionako Auzitegian

Hogei bat biktima entzun dituzte eskoletako sexu indarkeriak ikertzen ari diren jendarmeek. Kasu gehienek preskribatu badute ere, erasotzaileetako batzuk atxiloaldian galdekatuak izanen direla espero dute.

Gilles Parent eta San Frantses Xabierkoa ikastetxeko beste zenbait biktima, apirilean, Baionako auzitegi aitzinean, salaketak ezartzera jinak zirela. PATXI BELTZAIZ
Gilles Parent eta San Frantses Xabierkoa ikastetxeko beste zenbait biktima, apirilean, Baionako auzitegi aitzinean, salaketak ezartzera jinak zirela. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
2026ko urtarrilaren 19a
17:21
Entzun 00:00:00 00:00:00

Maiatzean egin zuten Baionako auzitegira jotzeko urratsa, eta salaketa bat abiatzeko balio duen Cerfa formularioa bete zuten. Geroztik, eskola garaian sexu indarkeriak jasan zituzten hogei bat biktima entzun ditu jendarmeriak. Horietako 11k, salaketa formala ematea erabaki dute. Erasotzaileak identifikatu, eta, bizirik direnen kasuan, atxiloaldian galdekatuak izanen direla espero dute. 

Sud Ouest egunkariak zabaldutako informazioaren arabera, 1960tik 2005era izandako kasuak salatu dituzte kolektibo berean bildu diren biktimek. Horietako gehienek preskribatu dute, baina badira kasu berriagoak ere. Angeluko (Lapurdi) Jean Jaures eskola publikoan zegoen hogei urteko emakume baten lekukotasuna jasotzeke dute oraindik, aipatutako hedabidearen arabera. 

Gainerako kasuak Uztaritzeko (Lapurdi) San Frantses Xabierkoa ikastetxe katolikoan —hamahiru kasu—, Izpurako (Nafarroa Beherea) eskola publikoan —bost kasu— eta Domintxineko (Nafarroa Beherea) ikastetxe katolikoan —bi kasu— izan dira. 

Haurren kontrako indarkerien kasuan, hogei urteren buruan aplikatzen da preskripzioa; krimenen kasuan, berriz, 30 urteko epean. 

Betharramdik Uztaritzera

2024ko urrian hasi ziren pilatzen Notre-Dame-de-Betharram ikastetxe katolikoko apez eta zaindari ohi batzuen kontrako salaketak. Hain zuzen, Betharramgo afera zabaltzearekin, San Frantses Xabierkoa kolegioan izandako sexu eraso eta bortizkerien biktimek Facebook talde bat sortu zuten gertakizunen salatzeko.

Gilles Parentek sortu zuen taldea, eta, taldea sortu orduko, bere lekukotasuna eman zuen bertan. Emeki-emeki, geroz eta biktima gehiago txertatu ziren, eta nork bere lekukotasuna kontatu zuen; iazko maiatzean berrehun bat bazituzten jada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.