Esku hartze sozialeko langileek protesta egin dute Iruñean, administrazio publikoarekin pareka ditzatela eskatzeko

LAB sindikatuak antolatu du protesta, Esku Hartze Sozialeko III. Hitzarmenaren negoziazio mahaia hasi aurretik. Iragarri dute mobilizazioei eutsiko dietela.

Esku hartze sozialeko langileen protesta, gaur, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Esku hartze sozialeko langileen protesta, gaur, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2026ko ekainaren 11
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Langile publikoak direla aldarrikatu dute. LAB sindikatuak deituta, zaintza eta esku hartze sozialeko zenbait langilek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean, Nafarroako Lan Epaitegiaren parean, Esku Hartze Sozialeko III. Hitzarmenaren negoziazio mahaia hasi aurretik. Bi aldarrikapen nagusi egin dituzte: batetik, sektorea «publifikatu» behar dela uste dute, eta, bestetik, lan baldintzak «administrazio publikoko langileek dituztenekin parekatzeko» eskatu dute. 

Gaur goizeko elkarretaratzeaz gain, LABek zenbait mobilizazio egin ditu Euskal Herrian zaintza lanetan ari direnak langile publiko gisa aitor ditzatela eskatzeko. Martxoaren 8an, esaterako, zenbait protesta egin zituzten Pribatizazioaren aurrean zaintza publiko komunitarioa lelopean; iaz, berriz, zaintza lanen publifikazioaren aldeko manifestazioa egin zuten Donostian. Lan ildo horretan sakontzeko asmoa agertu du sindikatuak, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan esku hartze sozialeko hitzarmenak negoziatzen ari direla baliatuz. «Esparru horretan, plataformak osatu dira, administrazio publikoarekin parekatzea ekarriko luketen lan baldintzak proposatzeko eta eskatzeko», adierazi du sindikatuak ohar batean.

LABek nabarmendu du negoziazioek aurrera egin dezaten beharrezkoa dela «sektoreko langileen inplikazio aktiboa», hala negoziazio mahaietan nola patronala estutzeko mobilizazio eta ekintzetan parte hartuz. Sindikatuak iragarri du segida emanen diela protesta eta mobilizazioei, hitzarmenak negoziatzeko prozesuek iraun bitartean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE