EH Bildu kezkatuta dago Eusko Jaurlaritzak eta EP Elkarrekin Podemosek datorren urterako aurrekontuak aurrera ateratzeko lortutako itunarekin. Leire Pinedo eta Iker Casanovas koalizio subiranistako parlamentariek prentsaren aurrean agertu dutenez, kontu horiek berriak izan beharrean «berrituak» dira, eta ezkerreko koalizioari leporatu diote «eskuinaren betiko aurrekontuak» babestea eta eskaera progresistei «uko egitea». Joan den astean, EH Bilduk osoko zuzenketa jarri zion aurrekontuen aurreakordioari. Uste du «egiturazko politika bat bera ere» ez duela aldatzen itunak.
Jaurlaritzak eta EPk 88,9 milioi euroren diru sailak adostu dituzte 2020rako, eta hiru ardatz dituzte: politika feministak; klima aldaketa; eta familientzako, gazteentzako eta enpresentzako babes neurriak. Pinedorentzat, adostutako kopuru hori «anekdotikoa» da, haren esanetan aurrekontu osoaren %0,75 baita. Konpromiso kredituetarako beste 112 milioi euro ere adostu dituzte bi aldeek, 2021 eta 2027 artean egikaritu beharrekoak. Pinedok nabarmendu du, ordea, diru hori «kea» besterik ez dela. «Jaurlaritza ez dago kreditu horiek aplikatzera derrigortuta, eta bere esku egongo da inbertsio horiek gauzatzea». Horren harira, gogorarazi nahi izan du kopuru hori, «ia osorik», Jasangarritasun Energetikoaren Legea 2027ra bitartean betetzera bideratu dela, «nahiz eta, lege horren arabera, gobernuak obligazioa duen 100 milioiko inbertsioa egiteko 2020an». EH Bildukoak EPri egotzi dio lortu duena izan dela «legea betetzea ala ez negoziagarria izatea».
Casanovak argitu nahi izan du, halere, «zilegi» dela Elkarrekin Podemosek aurrekontuak EAJrekin adostea, baina iruditzen zaio akordioa «txarra» dela. «Eta hori kritikatzen dugu, akordioaren edukia». Agerraldia baliatu du ezkerreko koalizioari ohartarazpen bat egiteko: «Edozein alderdik eskubidea dauka bere ildo politikoa goitik behera aldatzeko, baina akordioa justifikatzeko Podemos egiten ari den diskurtsoa larria da». Izan ere, Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, ez da «onargarria» eskuinaren politikak «zuritzea», eta «egia ez esatea egin duen aldaketa justifikatzeko».
Murrizketak «betikotzen»
Elkarrekin Podemosek eta Jaurlaritzak aurrekontuetarako adostu dituzten hiru ardatzei helduz, Pinedok salatu du DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren igoera ere —%4 igotzea erabaki dute— «negoziagarri» bilakatu duela EPk. «%4ko igoerak murrizketak betikotzen ditu, eta ez du konpentsatzen aurrekontuen proiektuan gobernuak finantzaketan egindako murrizketa (20 milioi euro gutxiago)». Horrenbestez, azpimarratu du hurrengo urtean aurten baino «diru gutxiago» egongo dela DSBE sistema finantzatzeko, «nahiz eta probrezia etengabe zabaltzen ari den, Caritasen azken txostenak erakutsi bezala».
Politika feministak laguntzeko adostutakoaren inguruan, Pinedok salatu du gonernuak eta EPk «behin eta berriz» adierazi dutela genero ikuspegiak «1.200 milioi euroko inpaktua» izango duela aurrekontuetan. «Baina hori ere ez da egia. Jaurlaritzaren arabera, 330 milioikoa da, aurrekontu osoaren %2,8». EH Bilduko parlamentariaren hitzetan, Ogasun sailburuak berak aitortu zuen aurreko urteetako aurrekontuekin alderatuta «ia ez dagoela» aldaketarik.