Espainiako Auzitegi Gorenak ere atzera bota du UGTk Euskotreneko hizkuntza eskakizunen kontra jarritako helegitea

Berretsi egin du aurrez EAEko Auzitegi Nagusiak hartutako erabakia. LAB sindikatuak jakinarazi du albistea, eta esan «tentuz» aztertu behar direla epaiok, zehaztu baitu ez direla sartzen «hizkuntza eskakizunen muinean».

Euskotreneko langileak UGTk ezarritako helegitearen kontra protestan, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Euskotreneko langileak UGTk ezarritako helegitearen kontra protestan, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
arantxa iraola
2026ko apirilaren 8a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

2024ko urrian heldu zen albistea, ELA sindikatuaren bidez orduan. Ohar baten bitartez, jakinarazi zuen Euskotrenerako ezarritako hizkuntza eskakizunen aurka UGTk abiatua zuen auzibideari erantzunez EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi zuela eskakizun horiek itun kolektiboan onetsita daudela, eta, beraz, ezin dela haien aurka egin. Gaur, LAB sindikatuak plazaratu du ohar bat, eta jakinarazi orain Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin duela erabaki hori, eta atzera bota duela UGTk hizkuntza eskakizunen aurka aurkeztutako helegitea.

Euskotrenen enplegua egonkortzeko prozesuan ezarritako hizkuntza eskakizunen kontra abiarazi zuen UGTk auzibidea. LABen arabera, urrats bat izan zen euskararen normalizazioa bultzatzeko urteotan izandako aurrerapenak «deuseztatu nahi dituen oldarraldi judizialaren ildoan». Gogoratu du, hain justu ere, ez dela bakarka ari helburu hori duten bideak irekitzen: CCOO sindikatuak ere abiarazi eta sustatu ditu halako auzibideak, eta txalotu egin ditu, halaber, hizkuntza eskakizunak apalarazteko asmoz epaileek ebatzitako sententziak. 

LABek esan du «tentuz» aztertu behar direla bi epaiok, zehaztu baitu ez direla sartzen «hizkuntza eskakizunen muinean». UGTk euskara eskakizunen «proportziorik eza» eta euskararen «inposizioa» erabili zituen argudio gisara, eta sententzietan ez zaio erantzun horri. Hizkuntza eskakizunak enpresaren lan itunean jasota daudela diote bi epaiek, euskara planetan ere ageri direla, eta horietan dutela «zilegitasuna». Gainera, LABek gogoratu du akordio horiek inpugnatzeko urratsik ez duela inork egin, eta, beraz, indarrean daudela. «Are gehiago, UGTk berak onartu zituen. Ondorioz, auzitegiek diote UGTk ezin dituela auzitara eraman bere garaian ontzat eman zituen akordioen neurriak». 

Lege babes handiagoa

Epaiok aldekoak izan badira ere, euskarak gaztelaniaren pare jarriko duen «bestelako lege babesa» behar duela gogoratu du LAB sindikatuak gaur plazara atera duen oharrean. Izan ere, Espainiako Auzitegi Gorenaren berrespen horrek ez dakar aparteko aldaketarik ziurgabetasunez betetako egoera honetan: «Epaiak balio positiboa du, Euskotrenen hizkuntza eskakizunen aurkako saiakera hori atzera botatzen duelako; hala ere, argi izan behar da ez duela zalantzan jartzen administrazioaren euskalduntzearen aurkako oldarraldi judizial, politiko eta sindikalaren muina, eta ez duela geldituko oldarraldi hori». 

Enpresetan euskararen sustapena bultzatzeko neurriak hartzeak ere berebiziko garrantzia duela gogorarazi du LABek. «Epai hau aldekoa  da neurri egokiak jaso zirelako bere garaian, langileen ekimenez —tartean LABeko sail sindikalaren ekimenez—, Euskotreneko lan hitzarmenean eta euskara planean euskalduntzearen alde». Erantsi du urrats horiek oraindik ere eraginkorragoak izan daitezkeela lege babes sendoagoa izanez gero, eta Eusko Legebiltzarrean Euskal Enplegu Publikoaren Legea erreformatzeko abian dagoen prozesuak helburu izan behar duela euskararen estatusa eta administrazioan duen eskakizuna gaztelaniaren pare jartzea. 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA