Espainiako Auzitegi Konstituzionalak atzera bota ditu COVID-19aren kontrako EAEko zenbait neurri

Voxeko 50 diputatuk aurkeztu zuten helegitea. Auzitegiak indargabetu egin ditu oinarrizko eskubideak eta askatasunak mugatzen zituzten artikuluak.

jakes goikoetxea
2025eko ekainaren 13a
14:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak atzera bota ditu Eusko Legebiltzarrak COVID-19aren pandemia kudeatzeko onartu zuen 2/2021 legearen artikulu batzuk. Aho batez hartu du erabakia.

Nork jarri zuen legearen kontrako helegitea? Espainiako Kongresuko Voxen talde parlamentarioko 50 diputatuk. Argudiatu zuten lege horretako artikulu batzuek eragina zutela Espainiako Konstituzioak onartutako oinarrizko zenbait eskubidetan, eta, beraz, lege organiko baten bidez onartu behar zirela. Horrez gain, Voxeko diputatuen iritziz, artikuluek krisi egoeretako Espainiako araudia eta estatuaren eskuduntzak ere urratzen zituzten.

«Neurri hertsagarriak»

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak arrazoia eman die: onartu du EAEko 2/2021 legearen artikulu batzuek eragotzi eta mugatu egiten dituztela osotasun fisikoaren eta intimitate pertsonalaren eskubideak, askatasun pertsonalerako askatasuna eta zirkulazio askatasuna. Artikulu batzuk ez betetzea arau haustea zen. COVID-19a atzemateko proba diagnostikoei, txertoei eta bahetzeei dagokienez, ez ziren derrigorrezkoak, baina Espainiako Auzitegi Konstituzionalak nabarmendu du haiei uko egiten zietenek ondorioak onartu behar zituztela: lan egiteko debekua edo norberari egokitutako neurri murriztaileak. «Beraz, neurri hertsagarriak dira».

Auzitegiak atzera bota ditu artikulu hauek: proba diagnostikoei uko egiteagatik lan egiteko debekua izatea eta neurri murriztaileak ezartzeko aukera; kutsatutakoek bakartu eta berrogeialdia egin beharra; lehen alerta egoeran gauez mugitzeko eta ibilgailuetan ibiltzeko aukerak mugatzea; lehen alerta egoeran leku itxietan 35 pertsona baino gehiago eta leku irekietan 75 pertsona baino gehiago biltzeko debekua; hirugarren alerta egoeran joan-etorriak eta jende elkartzeak mugatzeko aukera; eta bosgarren alerta egoeran, automatikoki, gaueko joan-etorriak eta zirkulazioa mugatzea eta autokonfinamenduak eta konfinamendu kolektiboak ezartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.