Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek iragarri du abortatzeko eskubidea Espainiako Konstituzioan txertatzeko lege erreforma bat eramango duela Kongresura. Azken asteetan gai horren inguruan sortutako harrabotsak bultzatuta hartu du erabakia Sanchezek. Izan ere, Madrilgo Udalean aurrera atera da Voxek aurkeztutako eta PPk babestutako mozio bat: hartan, abortatzera doazen emakumeei abortuaren osteko ustezko sindrome bati buruzko informazioa ematea proposatzen da. Hori hala, Espainiako Gobernuaren nahia da abortua konstituzioan «blindatzea», etorkizunean aukerarik egon ez dadin gisa horretako ekinaldiei bide emateko.
Konstituzioa aldatzea, ordea, ez da bide erraza. Erreformak ganberako hiru bostenen babesa beharko luke, eta, beraz, PPren sostengua ezinbestekoa da aurrera atera dadin. Lege erreforma onartuko balitz, abortatzeko eskubidea konstituzioan jasotzen duen bigarren herrialdea izango litzateke Espainia, Frantziak 2024an egin baitzuen urrats hori.
Abortua konstituzioan blindatzeko erabakia eskubide sexual eta erreproduktiboen kontra nazioartean izaten ari den «erasoaldiaren» harira hartu duela esan du Sanchezek; bereziki, PPk eta Voxek Espainian hartutako bideari mugak jartzeko egin nahi du erreforma. «Urrats bat egin nahi dugu emakumeek beren bizitzan erabakitzeko duten askatasuna eta autonomia sendotzeko», adierazi du Espainiako gobernuburuak. Sanchezen hitzetan, abortua eskubide konstituzional gisa aitortuz gero, «etorkizuneko belaunaldien askatasuna» bermatuko da, eta emakumeen «askatasuna eta autonomia finkatuko».
Horrez gain, Espainiako Gobernuak abortuaren legea ere aldatzea proposatuko du, abortatzera doazen emakumeei ematen zaien informazio orok oinarri zientifiko objektiboa izan dezan, OME Osasunaren Mundu Erakundearen eta APA Estatu Batuetako Psikologia Elkartearen estandarrak betez. Modu horretan, abortuaren osteko sindromeak eta halako teoria faltsuek ez lukete tokirik izango.