Inbertsio funts batek Erandioko ehun etxetako baino gehiagotako maizterrak kanporatu nahi ditu

Los Ochos eraikinetako bizilagunek eta LAB sindikatuak manifestazioa egin dute. 2.000 lagunetik gora bildu dira etxebizitza eskubidearen aldeko protestan.

Erandioko Los Ochos eraikineko bizilagunei babesa emateko manifestazioa. LUIS TEJIDO / EFE
Erandioko Los Ochos eraikineko bizilagunei babesa emateko manifestazioa. LUIS TEJIDO / EFE
Kepa Ugarte Martiarena - Iñigo Astiz
2026ko irailaren 24a
19:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urte askotako oroitzapenak kutxatan bildu eta etxetik alde egin. Hori da Mosaic Propco enpresak Erandioko Tartanga kaleko 8. zenbakiko dozenaka bizilaguni eskaintzen dien aukera bakarra. Inbertsio funts horrek ez du asmorik indarrean dauden alokairu kontratuak berritzeko, eta, horren ondorioz, maizterrak etxetik kanporatuak izateko arriskuan daude. Los Ochos eraikinetako bizilagunak, ordea, ez daude joateko prest. LAB sindikatuarekin batera, manifestazioa egin dute.

LABek eta Los Ochos eraikineko biztanleek deitutako manifestazioak 2.000 lagunetik gora batu ditu, eta arreta handia ere piztu du. MOSAIC inbertsio funtsak erositako eraikinek osatzen duten plazan abiatu dute ibilbidea, eta Irailaren 23a plazan amaitu, udaletxe aurrean. Abiatzerakoan babesa adierazteko oihua zabaldu du herritar batek: «Ez zaudete bakarrik!». Eta etengabeak izan dira aldarriak gero. Besteak beste, honako leloak izan dira gehien errepikatu dituztenak: «Etxeak bai, putreak ez», «Etxebizitza eskubidea da» eta «MOSAIC putre funtsa, Erandiotik kanpora». Herritarrek ez ezik, udal ordezkariek ere hartu dute parte mobilizazioan.

Los Ochos eraikinetako bizilagunak etxeak egin zituztenetik bizi dira han —duela hamasei urte ingurutik—, gehienak alokairuan. Etxebizitzen jabea Inmo Caixa zen, La Caixa bankuaren higiezinen ondarea kudeatzen zuen enpresa. Duela urte eta erdi, ordea, Los Ochoseko etxebizitzak lotean saldu zizkion Mosaic inbertsio funtsari. Iñigo Alonso LAB sindikatuko ordezkariak esplikatu duenez, alokairu kontratuak amaitu ahala hasi zitzaizkien iristen bertatik alde egiteko jakinarazpenak maizterrei. «Urriaren 1era arte daukate epea horietako batzuek», ohartarazi du.

Beste hainbat maizterri etxea erosteko eskaintza egin diete, «ezin pagatu ditzaketen prezioetan». Alonsok azaldu duenez, higiezinen agentzien webguneetan ere agertzen dira etxeetako batzuk. Horrez gain, telefonoz eta atez ate, bizilagunak estu hartu izana egotzi dio Mosaicentzat lan egiten duen Imass enpresari, etxebizitzak lehenbailehen hutsik gera daitezen. Horrek guztiak «izugarrizko ezinegona» sortu die bizilagunei. Horregatik erabaki dute LAB sindikatura jotzea: «Egoera zaurgarrienei aurre egiteko irtenbide bat nahi dute: kontratu mugagabeak lortu nahi dituzte». Bide batez, presioak eta mehatxuak eteteko eskatu dute.

Erdiko klasekoak

Gutxi gorabehera 150 dira Mosaicek erosi zituen etxeak. «Egia da batzuk ez direla hor bizi. Dena dela, ehun etxe baino gehiagotako maizterrek bertan bizitzen jarraitu nahi dute», zehaztu du Alonsok.

Gainera, LABekoaren ustez, Los Ochos eraikinetako auziak agerian uzten du «etxebizitza eskuratzea ez dela bakarrik herritar zaurgarrienen arazoa». Erandioko Tartanga kaleko 8. zenbakiko atarietan bizi diren familietako askok bi soldata dituzte: «Nahikoa izan beharko litzateke hori etxe duin bat eskuratu ahal izateko».

«Funtsak etxea uzteko data eman arren, epaile batek hartu behar du desjabetzeko erabakia»

IÑIGO ALONSO LAB sindikatuko ordezkaria

Bizilagunetako bat, Oskar Leal, gurasoekin bizi da: aitak 84 urte ditu, eta amak 75 urte egingo ditu laster. «Nire aitak pentsio ona du, eta ez da erraza izango babes ofizialeko etxebizitza bat lortzea», deitoratu du. Are zailagoa ikusten du salneurri askeko bat erostea. Lealek ez du oraindik etxea uzteko abisurik jaso, 2028an amaitzen baitzaie kontratua. «Oraindik ez dugu erabaki zehatzik hartu, oraindik bi urte baitauzkagu aurretik. Baina joateko aukera ez dugu baztertzen, ez baitut nahi gurasoak kaleratze horretan egotea», esan du bizilagunak.

Okerragoa da Victoria Abeziaren egoera: 78 urte ditu, eta 84 urteko senarrarekin bizi da. Biak gaixorik daude. 1.000 euro inguruko nomina bat dauka, eta 875 euroko alokairua ordaintzen du. «Mailegurik ez digute ematen, beste etxe batean logelatxo bat erosteko ere ez», gaitzetsi du emakumeak.

Negoziazioa eta mobilizazioa

Haien helburua da Mosaic enpresarekin negoziazio mahai bat osatzea, abendura bitartean, alokairu kontratuak berritzeko asmoz. Bide horretan, hainbat pauso eman dituzte dagoeneko, funts horrek «etxea uzteko data eman arren, epaiketa bat egon behar delako, eta epaile batek hartu behar duelako desjabetzeko erabakia». Horiek horrela, elkarrizketak abiatzeko eskaera egin diote Mosaici, «legeak horixe bera agintzen baitu». Horretaz gain, etxeak uzteko epemuga luzatzeko eskaera ere egin dute maizterrek. «Funtsak dio horrek ez duela balio, baina epaile batek esan beharko du», azpimarratu du Alonsok.

Erandioko Udalari dagokionez, orain arteko hartu-emanak «informalak» izan direla jakinarazi du LABekoak. Agintariei eskatu diete herria tentsio handiko eremu izendatzeko prozesua azkartu dezala, legeak aurreikusten dituen luzapenez baliatu ahal izateko, eta, horrela, kaleratze mehatxurik gabe negoziatu ahal izateko Mosaic funtsarekin. Hala ere, ohartarazi dute izendapena «beranduegi» iritsi daitekeela. Halaber, udalari eta Eusko Jaurlaritzari galdegin diete gatazkan bitartekari gisa jardun dezala, eta konponbidea lortzeko «beharrezko neurriak» har ditzala. Funts putreen aurka egin dezala ere eskatu diote Jaurlaritzari, «espekulazioa eragozteko».

«Gurasoak nagusiak dira, eta joateko aukera ez dugu baztertzen. Ez dut nahi gurasoak kaleratze horretan egotea»

OSKAR LEAL Los Ochos eraikinetako bizilaguna

Hori lortzeko, udal gobernuarekin eta gainontzeko alderdi politikoekin bildu nahi dute: «Erandiok ez dauka aukerarik etxe bat desjabetzeko edo bitartekaritza lan bat egiteko funtsekin. Joan gaitezen eskutik hartuta Imanol Pradalesengana edo Denis Itxasorengana», esan du Alonsok Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Etxebizitza sailburua aipatuta. Luzera begirako konponbidetzat jo dute Los Ochoseko etxeak jabetza publikora igarotzea eta alokairu publikoko parkearen barruan sartzea.

Espekulazioaren aurka hitz egin dute manifestazio amaieran ere. «Hau gure herria da, eta hauek gure etxeak dira, baina Mosaic funtsarentzat hauek ez dira etxeak, inbertsioak baizik». Zuzenketa neurriak ere eskatu dituzte horregatik. «Etxebizitzarekin espekulatzeari alfonbra gorria jartzen zaio». Eta Erandio tentsio handiko eremu lehenago izendatu zitekeela ere gogoratu dute. Hala egin izan balitz kontratua beste hiru urtez luzatzeko aukera izango zuketela esan dute. Horregatik, neurri hori azkartzeko eskatu diote udalari. Eusko Jaurlaritzari ere etxebizitzarekin espekulatzea galarazteko neurriak eskatu dizkiote.

LABekoak ohartarazi du udal zerbitzuek «etxetik kanporatzeko eguna baino ez» dutela hartzen larrialdikotzat: hurrengoak ez. Alonsoren ustez, «aurreikuspen lan bat egin beharko da, eta horren gainean egon, hori inolaz ere ez gertatzeko». Kaleratzerik izanez gero, herritarrei eskatu diete horiei aurre egiteko protokoloan zehaztutako ekinbideetan parte hartzeko. «Ez dugu uste halakorik gertatuko denik, desjabetzeak egoerarik zaurgarrienetan baino ez baitira egiten. Koldar hutsak dira», esan du Alonsok. Datorren astean batzar irekia egingo dute, irailaren 30ean, 18:30ean, Altzagako azoka zaharrean.

Agintarientzat, «erabateko lehentasuna»

Erandioko Udalak gaur argitu du Los Ochos eraikinetako auziaren inguruan duen jarrera: batetik, etxebizitza horietan alokairuan bizi diren familien «borroka judiziala» babestu du, eta laguntza juridikoa eskaini ziela adierazi. Horretaz gain, jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak «erabateko lehentasuna» eman diola Erandio tentsio handiko eremu izendatzeari, Los Ochoseko maizterren alokairu kontratuak «presaka bukatzea» eragozteko eta hiru urterainoko «ezohiko luzapenak» eskatzeko aukera emateko. Bestalde, udalak esan du bizilagunekin harremanetan dagoela «etengabe».

Udalerrian etxea eskuratzea errazteko bost neurri zehaztu ditu udalak. Batetik, asmoa dute Eusko Jaurlaritzari udal lurzorua uzteko, Erandiogoikoko Ibañez de Betolaz eta Astrabuduko Meso kaleetan etxe babestuak eraikitzeko. Bestalde, Pagoetabidea kaleko bi udal etxebizitza Bizigune programan sartuko dituzte. Azkenik, udalak aurreratu du OHZren %150eko errekargua ezarriko diela hutsik dauden etxeei —%50ean zegoen jada—, eta OHZren %75eko hobaria emango diela jabetzak Bizigunen sartzea erabakitzen dutenei.

Los Ochosekoek egindako eskaerei dagokienez, ordea, zera zehaztu du: «Udalak etxebizitzak erosteko eskaerei erantzungo balie, etxe horiek Gizarte Zerbitzuen erabiltzaileentzat izango liratekeela». Kasu horretan, azpimarratu dute «urgentziazko, pribatutasunezko eta premiazko irizpideak» aplikatuko liratekeela, eta, «agian, kaltetuek ez lituzkete horiek eskuratzeko baldintzak beteko».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA