Abortatzeko eskubidea Espainiako Konstituzioan sartzeko erreforma aurrera doa. Hala iragarri du gaur Ana Redondo Espainiako Berdintasun ministroak, Ministroen Kontseiluko bilkuraren ostean. Espainiako Gobernuaren nahia da abortua konstituzioan «blindatzea», etorkizunean aukerarik egon ez dadin abortuaren aurkako ekinaldiei bide emateko. Redondok adierazi du «arriskuan» dagoela lurralde osoan aborturako eskubidea «benetan eta eraginkortasunez jardutea». Eta gogoratu du gaur egun abortuen %79 zentro pribatuetan egiten direla oraindik.Â
Ministroen Kontseiluak gaur onartu du aldaketa, eta, ohiko prozedura jarraituko duela adierazi du Redondok. Hau da, Espainiako Diputatuen Kongresuak onartu behar du, eta, beraz, PPren sostengua ezinbertzekoa da aurrera atera dadin. Lege erreforma onartuko balitz, abortatzeko eskubidea konstituzioan jasotzen duen bigarren herrialdea izango litzateke Espainia, Frantziak 2024an egin baitzuen urrats hori.Â
Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek iazko urrian iragarri zuenez, Espainiako Konstituzioko 43.3 artikuluan gehigarri bat jartzea da proposatzen dutena. Testu horren arabera botere publiko guztiak behartuta egonen dira aborturako eskubidea bermatzera. Hori bera gogorarazi du Redondok gaur: «Botere publikoek emakumeen abortatzerako eskubidea bermatu beharko dute, berdintasunezko baldintza erreal eta eraginkorrekin, eta eskubide hori aurrera eramateko beharrezkoak diren prestazio eta zerbitzuekin».
Redondok adierazi du espero duela alderdi guztiak, PP tarteko, «haurdunaldia borondatez etetea bermatzen duen gehiengo zabal batek» eskatzen duen «mailan» egotea. Hala, gogoratu du agintaldi honetan bi aldiz aldatu dutela konstituzioa, eta gaur onartutako testuarekin lehenbiziko urratsa eman dutela berriz ere bide horri ekiteko.Â
Adostasunak
Hain justu, PPk gaiaren inguruan izan dezakeen jarreraz galdetu diote ministroari, eta hark erantzun du Alberto Nuñez Feijoo buru duen alderdiak bere jarrera «baloratu» behar duela: «Nori zor zaion baloratu beharko du: bertzerik gabe, ideia bati; edo bozkatzen duten emaztekiei, horien eskubideak hobetu eta bermatzeari, hain zuzen». «Bertze gai anitzetan bezala, erantzukidetasuna behar dugu, konpartitutako ardura behar dugu. Ez, ordea, pertsonen arazoak konponduko ez dituzten lubaki ideologikoetan gotortzea, gerora emakume anitz gizonen menpe utziz», adierazi du Redondok.
Ardura horiek betetzea helburu, autonomia erkidegoekin mintzatuko direla iragarri du ministroak, eta «ahalik eta kontsentsu handiena» lortzen saiatuko direla, «elkarrizketa eta negoziazioen bidez». Dena den, onartu du aldaketaren tramitazio parlamentarioa «konplexua» izanen dela. Nabarmendu du, baina, garrantzitsuena «arriskuan dagoen hori blindatzea» dela, gogoratuta zenbait lekutan abortuaren eskubidea zalantza jartzen ari direla. Izan ere, iaz Madrilgo Udalean aurrera atera zen Voxek aurkeztutako eta PPk babestutako mozio bat: hartan, abortatzera doazen emakumeei abortuaren osteko ustezko sindrome bati buruzko informazioa ematea proposatzen da.
Gaur iragarritakoa ez da Espainiak abortatzeko eskubideari lotuta egin nahi duen aldaketa bakarra. Izan ere, gobernua aztertzen ari da kliniken inguruko segurtasun perimetro bat ezartzeko aukera, eta Kongresuan proposamen bat aurkeztu dute 200 metroko perimetroan elkarretaratzeak debekatzeko. Eta bide bereko proposamenak dira eztabaidatzekoak Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan.