Espainiako Kongresuak bertan behera utzi du alokairuak luzatzeko dekretua

Ezezkoa bozkatu dute PPk, Voxek, JxCk eta UPNk, eta EAJ abstenitu egin da. Dekretuak hilabete eman du indarrean, eta ez dago argi zer gertatuko den hura baliatu dutenekin.

Pablo Bustinduy dekretua defendatzen, gaur arratsaldean, Espainiako Kongresuan. FERNANDO VILLAR / EFE
Pablo Bustinduy dekretua defendatzen, gaur arratsaldean, Espainiako Kongresuan. FERNANDO VILLAR / EFE
Paulo Ostolaza.
2026ko apirilaren 28a
10:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kontratua 2027. urtea bukatu baino lehen amaitzen zaien maizterrei gaur bukatuko zaie etxejabea alokairua bi urtez luzatzera behartzeko aukera. Espainiako Kongresuak gobernuak duela hilabete indarrean jarri zuen etxebizitzari buruzko dekretua bozkatu du, eta bertan behera utzi dute. Sumarrek, dekretuaren sustatzaileak, ez du lortu JxC konbentzitzea, eta PPk uko egin dio negoziatzeari ere. EAJ, berriz, abstenitu egin da, «segurtasun juridiko faltagatik».

Dekretu horren aldeko borrokan bereziki engaiatu da Pablo Bustinduy Espainiako Gobernuko Kontsumo ministroa. Hala egin du gaur ere Espainiako Kongresuan: «Gaur bozkatzen dena zera da: hiru milioi pertsona babestea, edo, bestela, bakoitzak bere burua salba dezan uztea». Bustinduyk lehenengo aukeraren alde egin du: «Etxebizitzak bertan bizitzeko izan behar dira, ez espekulatzeko».

Yolanda Diaz Espainiako presidenteorde eta Sumarreko buruaren iritziz, araua «neurri txiki bat da, erabilgarria eta eraginkorra», eta milaka maizterrentzat onuragarria izan dela esan du. Horregatik, bozketa galduta ere, neurria berriz ere indarrean jartzeko formulak bilatuko dituztela hitzeman du, eta herritarrei mobilizatzeko deia egin die.

«Neurria bertan behera uzten badute, mobilizatzera dei egiten diet herritarrei»

YOLANDA DIAZ Espainiako Gobernuko presidenteordea

Martxoaren amaieran, Irango krisia piztu eta gutxira, Madrilek hari aurre egiteko bi dekretu onartu zituen: lehenengoak energien garestitzeari erantzutea zuen xede, eta bigarrenak, berriz, alokairuan dauden maizterrak babesgabe ez uztea KPIa asko igoko balitz.

Bigarrena Sumarrek egindako presioagatik onartu zuten, baina PSOEk hasieratik zuen Kongresuaren oniritzia ez lortzeko beldurra, horregatik onartu zituzten bereizita bi dekretuak. Gobernuak 30 eguneko epea zuen neurria Kongresura eramateko, eta ahal bezainbeste luzatu du epe hori: iraungi baino egun bat lehenago egingo dute bozketa.

Bitarte horretan, batez ere azken egunetan, Sumarrek ahaleginak egin ditu JxCren jarrera aldatzeko, eta, besteak beste, autonomoentzako eta etxejabeentzako hobekuntza fiskalak eskaini dizkio. Ez da nahikoa izan, itxuraz. 

PSOEri, berriz, negoziazioetan ahalegin handirik ez egitea egotzi dio Sumarrek. Pedro Sanchezen alderdiak hasieratik esan du JxCk dekretua onartzea ia ezinezkoa izango zela, eta, harentzako babesak lortzen baino, PPren «arduragabekeria» kritikatzen aritu dira.

«Gaur bozkatzen dena zera da: hiru milioi pertsona babestea, edo, bestela, bakoitzak bere burua salba dezan uztea»

PABLO BUSTINDUY Espainiako Gobernuko Kontsumo ministroa

Hainbat etxebizitza sindikatuk eta gobernuz kanpoko erakundek ere babestu dute dekretua. Horien laguntzarekin, milaka izan dira etxejabeei alokairuaren bi urteko luzamendua eskatzeko burofax bat bidali dieten maizterrak. Madrilgo Maizterren Sindikatuak, esaterako, kontzentrazio bat egin zuen herenegun PPren egoitzaren parean, eta Kongresuko diputatuei 75.000 gutun bidali dizkie.

Hego Euskal Herrian ere milaka dira 2027. urtea bukatu aurretik amaituko diren alokairu kontratuak. Azken asteetan, Nafarroako Gobernuak luzamendua eskatzeko aukeraren berri eman die kontratua amaitzear dutenei.

Ziurgabetasuna

Ez dago argi dekretua indargabetuta zer gertatuko den. Sumarren eta Maizterren Sindikatuen Konfederazioaren arabera, indarrean dagoen bitartean eskatutako luzamenduak derrigorrez bete beharko dira, eskatzen direnean indarrean dagoen legedia baita agintzen duena. 

Etxejabeen zenbait erakunderen eta abokaturen iritziz, ordea, arauak beste interpretazio batzuk ere izan ditzake, eta epaitegietan argitu beharko dira luzamenduek eragindako gatazka asko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA