Espainiako Konstituzioan jarri dute muga

Erabakitzeko eskubidea errefusatu dute Joseba Arregik eta Javier Tajadurak, autogobernu lantaldean.Konstituzioaren erreforma federala defenditu dute biek

Edurne Begiristain.
Gasteiz
2014ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Nork bere ñabardurekin, baina funtsean mezu bertsua helarazi zuten atzo Joseba Arregi EAJko kide eta Jaurlaritzako sailburu izandakoak, eta Javier Tajadura EHUko Zuzenbide Konstituzionaleko irakasleak: Gernikako Estatutua aldatu nahi bada, ezinbestekoa da Espainiako Konstituzioa erreformatzea, eta erabakitzeko eskubideak ez du tokirik erreforma horretan. Eusko Legebiltzarreko autogobernuari buruzko lantaldean gonbidatu gisa izan ziren bi adituak: PPk proposatuta joan zen Arregi, eta PSEren eskutik, berriz, Tajadura.

Alderdi abertzaleak gogor astindu zituen Joseba Agirrek bere hitzaldian. Batetik, ezker abertzalearen aurka jo zuen, bere garaian «ETAren indarkeriaren eta hausturaren» alde egin zuelako estatutuari aurre egiteko. Eta bestetik, jeltzaleak kritikatu zituen, hamarkadetan estatutuaren aldeko «diskurtso sendorik» eraikitzeko gai izan ez direlako. Autogobernuaren inguruan sortutako eztabaidaren muinean, beraz, abertzaleen «exijentzia maila» dago, haren ustez. Estatutuarekiko «errespetu eta leialtasun falta» ere leporatu zien jeltzaleei, eta orain itun hori erreformatzeko asmoen atzean «nazioa eraiki» nahi dutela leporatu zien. «Nazionalisten arazoa da nazioaren izenean gizartean haustura sortzen dutela», ohartarazi zuen. Haren aburuz, Gernikako Estatutuaren erreforma proposatzen dutenek itun hori «desorekatu» nahi dute, eta «alde baten beharrei soilik» eman nahi diete erantzuna.

Espainiako Konstituzioa aldatzea proposatu zuen Arregik. Eta eredua ere mahai gainean jarri zuen: erreforma federal simetrikoa. Aitortu zuen, hala ere, eredu horrek ez lituzkeela «gogobeteko» alderdi abertzaleen eskaerak, baina garrantzia kendu zion horri: «Nazionalismoak aseezinak dira». Burujabetzarako aukera ordenamendu juridikoan txertatzea erabat ezinezkoa dela gaineratu zuen, halaber. «Burujabetza kontzeptu gisa demokraziaren aurkakoa da. Eta erabakitzeko eskubidea ere ez da existitzen, ikuspuntu abstraktu batetik begiratuta».

«Arazo kualitatiboa»

Autogobernuaren eguneraketari buruzko «ikuspuntu tekniko soila» emango zuela iragarri zuen Javier Tajadurak hitza hartu orduko, baina erabakitzeko eskubideaz eta independentziaz balorazio politikoa egiten amaitu zuen hitzaldia. «Erabakitzeko eskubiderik ba ote dagoen? Espainiako Konstituzioaren 2.artikuluak espresuki zehazten du zein den eskubide historikoen muga. Demokratikoa ote den? Estatu berri baten sorrera beti egongo da legeditik kanpo».

Argia eta zehatza izan zen estatutuaren erreformari buruz galdetu ziotenean ere: «Autogobernuaren inguruko egungo arazoak Konstituzioaren erreforma batekin konponduko dira, ez estatutu politiko berri batekin». Autogobernuaren korapilorik handiena, haren aburuz, «kualitatiboa» da, eskumen kopuruaren banaketarekin zerikusia duelako, eta horrenbestez, soluzioa, Madrilen dago. «Ez da ezer berririk asmatu behar, Konstituzioaren erreforma federal batekin konpondu behar da».

Nolanahi ere, EHUko irakasleak aitortu egin zuen erreforma federalak ez diela konponbiderik emango estatua osatzen duten Euskal Herria eta Katalunia bezalako «nazioen» aferei. «Independentistak ez ditu gogobeteko horrelako erreforma batek, haiek erabateko aldaketa bat aldarrikatzen dutelako». Haren ustez, ordenamendu juridikoa errespetatuta ezin da estatu berririk sortu: «Hori ekintza iraultzaile bat izango litzateke».

Horiek hala, burujabetzaren aukera erabat baztertu zuen: «Anakronikoa da, XIX.mendeko kontzeptu bat da». Haren ustez, autodeterminazio eskubidea jasoko lukeen Konstituzioa «bideraezina» litzateke eta «ezegonkortasuna» sortuko luke. Euskal Herriko eta Kataluniako balizko independentziei erreparatuta, berriz, abisua bota zuen: «Europako Batasunarentzat kalte oso larria izango litzateke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.