Esparza, Unzu, Araiz eta Azkona izango dira ikerketa batzordeko ordezkarien artean

'Cerdan auziari' lotutako ikerketa batzordea bihar bilduko da lehen aldiz. Batzordeko presidentea hautatzea izango da lehen eginbeharra.

Azkona, Unzu eta Araiz, bilera batean. VILLAR LOPEZ / EFE
Azkona, Unzu eta Araiz, parlamentuko mahaiaren eta eledunen bilera batean. VILLAR LOPEZ / EFE
Iosu Alberdi.
2025eko uztailaren 2a
14:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Nafarroako Parlamentuko taldeek aukeratu dituzte gobernuak adjudikatutako herri lanak aztertuko dituen batzordeko kideak, eta hautaketa horrek agerian utzi du alderdiek zenbateko garrantzia eman diote. Izan ere, batzordean izango dira, besteak beste, UPNk eta PSNk ganbera hartan dituzten eledunak: Javier Esparza eta Ainhoa Unzu, hurrenez hurren. Espero zen udazkenerako jarriko zutela martxan, baina Cerdan auziak eragindako harrabotsa dela medio, aurreratu egin dute prozesua, eta bihar izango da batzordearen lehen bilkura.

Nafarroako Parlamentuko talderik handienek bina ordezkari izango dituzte batzordean. Esparzarekin batera, UPNk Pedro Gonzalez aukeratu du lan horretarako. PSNk, berriz, Unzu eledun izendatu berria eta Javier Lekunberri. Geroa Baik ere taldeko eleduna izango du batzordean, Pablo Azkona, eta, harekin batera, Blanca Regulez. EH Bilduren ordezkariak Adolfo Araiz Parlamentuko Mahaiko bigarren idazkaria eta Irati Jimenez izango dira.

PPk, Zurekin-ek eta Voxek ordezkari bana izango dute. Alderdi Popularrak alderdiko buru Javier Garcia izendatu du; Zurekin-ek, Miguel Garrido, eta Voxek, Emilio Jimenez, duen ordezkari bakarra.

Batzordeak bihar goizean hasiko du ibilbidea, 10:00etan, eta mahaia osatzea izango da lehen eginbeharra, hau da, presidentea, presidenteordea eta idazkaria aukeratzea. Oraingoz, bi hautagaitza daude: UPNk eta EH Bilduk azaldu dute prest daudela gidaritza hartzeko. Koalizio subiranistak nahi du Jimenez izan dadin mahaiburu.

Behin martxa hartuta, batzordeak lau hilabeteko epea izango du, baina badago aukera hura luzatzeko. Hala, taldeek uztailaren 31ra arteko epea izango dute lan plana eta informazio eskaerak egiteko, eta abuztuaren 5ean egingo duten saio berezian onartuko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.