Ostegunean abiatuko da ikerketa batzordea, eta udan lanean izango da

Taldeek uztailaren 31ra arteko epea izango dute batzordearen lan plana eta informazio eskaerak egiteko, eta abuztuaren 5ean onartuko dira, saio berezi batean. EH Bilduk Irati Jimenez proposatu du batzordeko buruzagi izateko.

Gaurko Parlamentuko Mahaiko eta Eledunen Batzordeko bilera, VILLAR LOPEZ / EFE
Gaurko Parlamentuko Mahaiko eta Eledunen Batzordeko bilera, VILLAR LOPEZ / EFE
joxerra senar
2025eko ekainaren 30a
12:04
Entzun 00:00:0000:00:00

Aste honetan jarriko da abian Cerdan auziari lotutako ikerketa batzordea, Nafarroako Parlamentuan. Ostegunean hasiko da martxan, eta legebiltzarrak bere ateak irekirik izango ditu uztailean —sanferminetan izan ezik— eta abuztuan, taldeek informazioa eta agiriak eska ditzaten. Batzordeak printzipioz lau hilabete iraungo ditu, azaroaren 30era arte, baina haren iraupena luza daiteke taldeek hala erabakiz gero.

Asteleheneroko Parlamentuko Mahaiko eta Eledunen Batzordeko bileran aztertu den gai nagusia izan da. Bertan, batzordearen osaeraz eta funtzionamendu arauez hitz egin dute taldeetako bozeramaileek. Hala, hiru ordezkari baino gehiago dituzten taldeek bina ordezkari izango dituzte batzordean, eta talde txikiek, aldiz, bakarra.

Asteazken eguerdira arteko epea du alderdi bakoitzak bere hautagaiak aurkezteko. Dena den, zenbaitek aurreratu egin dute nortzuk izango diren bertan: UPNren izenean, Javier Esparza eta Pedro Gonzalez egongo dira; EH Bilduren kideetako bat Adolfo Araiz izango da, eta PPk Javier Garcia izendatu du. Nahiz eta gainerakoek ez duten aurreratu, litekeena da talde bakoitzak lehen lerroko parlamentariak izendatzea.

EH Bildu, batzordeburu

Ostegunean abiatuko da, eta lehen saio hori Unai Hualde parlamentuko lehendakariak izendatuko du. Hasierako bilkura horretan, batzordea gidatuko duen mahaia eratu beharko dute taldeek. Aurretik esan bezala, EH Bilduko Iñaki Zabaletak aurreratu du koalizioak batzordeko buruzagitza eskatu duela eta horretarako Irati Jimenez proposatu duela. Jimenezek «profil juridikoa» du, Nafarroako Arartekoaren bulegoan egin baitu lan, eta Nafarroako Gardentasun Kontseiluko kide baita.

Zabaletaren arabera, hautagai horrekin agerian utzi nahi du ustelkeriaren aurkako konpromiso sendoa duela koalizio abertzaleak, «inoiz ez baitu kasurik izan eta ez delako Nafarroako Gobernuko partaide». Gaineratu du sakon ikertuko dutela, «ondorio guztiak kontuan izanda», eta ez dutela modurik egingo batzordea «interes alderdikoien tresna» bihur dadin.

UPNk, aldiz, aukera hori gaitzetsi du. Javier Esparzaren arabera, EH Bildu «epel» agertu da orain arte, Alderdi Sozialistarekin dituen akordioak lehenesten dituelako. Esparzak aurreratu du eurek hautagaitza aurkeztuko dutela, Nafarroan kasua salatu zuen «lehen alderdia» izan delako. Ez du argitu nor izango den.

Taldeek uztailaren 31ra arteko epea izango dute lan plangintza bat aurkezteko. Bertan, informazioa eskatuko dute, eta agerraldietan parte hartuko duten pertsonak proposatu. Abuztuaren 5ean, saio berezi bat izango da, eta proposamen horiek aztertuko dira. 

Hala, udan ateak irekirik izango ditu parlamentuak, baina agerraldiak irailean hastea espero da. Nahiz eta plangintza abuztuaren 5ean onartu, taldeek informazio gehiago eska dezakete, beharrezkoa baderitzote. Gainera, EH Bilduk proposatu du Nafarroako Parlamentua herri akusazio gisa aurkeztea auzi judizialean, eta legebiltzarreko zerbitzu juridikoek txosten bat egingo dute aukera hori aztertzeko.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.