Espekulazioari kontra egin eta guztiendako bermatuta egonen den etxebizitza baten alde borrokatu. Aldarrikapen horiek gogoan, kalera atera dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan, Espainiako Diputatuen Kongresuan etxebizitza dekretuek porrot egin eta ordu eskasen buruan. Adierazi dutenez, borrokaren eta antolakuntzaren bidez lortuko da etxebizitzaren arazoa konpontzea. Eta proposamenak egin dituzte: «Espekulatzaileak desjabetzea, espekulazioa debekatzea, eta etxebizitza behar sozialen arabera planifikatzea».
Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatuen Sareak deituta egin dituzte mobilizazioak —ELA sindikatuak ere parte hartzera deitu du—. Gazteluko plazan jende andana bildu da mobilizazioaren aitzinetik, Sindikatu Sozialistak herri batzarra antolatua baitzuen, Gasteizen, Donostian eta Bilbon bezala. Manifestazioa hasi aitzin, dekretuen balorazioa egin dute Iker Narbona Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideak eta Oihana Idoate Etxebizitza Sindikatuen Sareko kideak. Haien irudiko, gaur bozkatu dituzten dekretuek «oso neurri partzialak» biltzen zituzten, «langile klasearen eskaera eta aldarrikapenetatik oso-oso urrun» zeudenak.
Iruñeko Alde Zaharrean barrena egin du aurrera mobilizazioak, «Etxegabetzeak gelditu» eta «Borroka da bide bakarra» oihukatzen zutela. Udaletxe plazarat iristean hartu dute bigarren aldiz hitza Narbonak eta Idoatek. Erran dutenez, espekulazioa da jomugan jarri behar dena: «Etxebizitza gutxi batzuen negozio iturri den bitartean, ezingo da bermatutako eskubide kolektibo bilakatu. Etxebizitzaren negozioa, ala etxebizitza eskubidea, baina biak bateraezinak dira». Gogoratu dute arazoaren parte direla, «putre funtsak» ez ezik, eraikuntza enpresak, bankuak eta etxebizitza alokairuan izanda «langileen kontura aberastu diren jabeak» ere.
«Etxebizitza gutxi batzuen negozio iturri den bitartean, ezingo da bermatutako eskubide kolektibo bilakatu»
EUSKAL HERRIKO ETXEBIZITZA SINDIKATUAK
Hala, sinetsita daude «kaletik, antolatuta eta helburu definituekin» aldaketak bultzatu daitezkeela; eta uste dute etxebizitzaren arloko aurrerapausoak ez direla etorriko gaur egungo alderdi politikoen eskutik, alderdi «gehienek sektore errentadunei men» egiten dietelako eta «guztiek beren interes elektoralistak» lehenesten dituztelako. Euskal Herriko administrazioak ere kritikatu dituzte, eta «negozioa indartzen duten politikak» bultzatu izana egotzi diete Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari, bertzeak bertze. «Horren adibide argia, EAJk gaur Diputatuen Kongresuan izan duen jarrera. Politika horiek seinalatzea eta borrokatzea Euskal Herriko herri mugimenduaren egiteko garrantzitsu bat da», adierazi dute.

Hala, borrokan segituko dutela berretsi dute, «espekulazioari aurre egin eta etxebizitza eskubide bermatua izan dadin». «Baina bide hau ez zen hasi pasa den asteko mobilizazioekin, eta are gutxiago amaituko da Diputatuen Kongresuan. Egin dezagun urrats bat aurrera Euskal Herrian ideia hauen arabera lan egingo duen etxebizitza mugimendu sendo bat gorpuzteko», borobildu dute.
LAB, asteburuan
Gaurkoak ez dira izanen etxebizitza eskubidearen aldeko mobilizazio bakarrak: LABek bihar eta etzi eginen ditu mobilizazioak. Bihar Donostiako Bulebarrean, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan eta Iruñeko Merindadeen plazan eginen dute mobilizazioa, eguerdian; igandean, berriz, Bilboko Plaza Eliptikotik abiatuko da mobilizazioa, hura ere 12:00etan.
Mobilizazio horien helburua zera da, bertzeak bertze: alokairu guztiak «modu iraunkorrean» luzatzea; logelen eta aldi baterako alokairuen «iruzurra» amaitzea; etxegabetzeak bukatzea; inbertsio funtsen erosketa «espekulatiboak» gelditzea; eta prezioak apaltzea.