Ezustekorik ez Espainiako Diputatuen Kongresuan. Pedro Sanchezen Gobernuak etxebizitzaren krisiaren ondorioak samurtzeko asmoz aste honetan onartutako bi dekretuek oso ibilbide laburra izan dute: PSOEk eta Sumarrek osatutako gobernuak ez du lortu behar zuen gehiengoa. Luze joan dira bi dekretuen eztabaidak, eta ohi baino luzeagoak ere bozketak —banan-banan bozkatu dute diputatu guztiek—. Gauerditik jakina zen bezala, aurkako botoak nagusitu dira bi bozketetan.
Junts Per Catalunyak (JxC) zuen lehen dekretua —mamitsuena— onartzeko giltza, baina alderdi independentistaren zuzendaritzak bart egindako bileraren ostean iragarri zuen ez zituela dekretuak babestuko. Gobernua azken unera arte saiatu da JxCren jarreran eragiten: Isabel Rodriguez Etxebizitza ministroak egin du lehen saiakera sarrerako hitzartzean: Miren Nogueras JxCko bozeramaileari dei zuzena egin dio arduraz joka dezaten, eta gogorarazi dio JxCk egindako proposamen gehienak kontuan hartu dituztela. Pedro Sanchezek berak, amaierako hitzartzean, erregutu die kongresuan bilduta zeuden ordezkariei: «Diputatuei eskatzen diet ausartak izan daitezen eta herritarrengan pentsa dezaten». Alferrikakoa izan da.
Lehen dekretua bozkatu dute lehengoz: banan-banan, zutik eta ahots goran bozkatu dute kongresukide guztiek. 172 kongresukidek bozkatu dute alde, eta 178k. aurka. Alde egin dute PSOE, Sumar, ERC, EH Bildu, EAJ, BNGk, CoaliciĂ³n Canaria (CC), Podemosek eta Compromisek. Aurkako botoa eman dute PP, Vox, JxC eta UPN talde parlamentarietako ordezkariek.
Bigarren dekretuaren bozketaren emaitza oraindik eskasagoa izan da: 166 boto alde, eta 184 aurka. Alde izan dute gobernua osatzen duten bi taldeek, ERCk, EH Bilduk, Podemosek, BNGk eta Compromisek. Kontrako botoetan EAJko eta CCko parlamentariak batu zaizkie PP, Vox, JxC eta UPN alderdietako ordezkariei.
Gobernuaren porrot hori mugarria izan daiteke, eta Sanchez bultza dezake hauteskundeak aurreratzen. Zenbait hedabidek eguna ere iragarri dute: azaroaren 29a.
Isabel Rodriguez Etxebizitza ministroak zabaldu du kongresuko gaurko saioa, 11:00etan. Gobernuak aste honetan bertan onartutako bi dekretuen helburuak eta neurri nagusiak goraipatu ditu. Nahiz eta ordu batzuk lehenago JxCk aurkako botoa emango zuela jakinarazi zuen, azken orduko eskaera egin die Rodriguezek: arduraz jokatzeko eta PPrengandik eta Voxengandik , eskuin muturreko jokaerarengandik, bereizteko. Hala, Miriam Nogueras Juntseko buruari azken momentuko deia, iragarri duten aurkako botoa alda dezaten. «Zuek ez zarete eskuin eta eskuin muturreko alderdien modukoak. Haien zuekin amaitu nahi dute», gogorarazi dio Kataluniako alderdi independentistari. Era berean, aldeko botoa iragarri duten talde parlamentarioei eskerrak eman dizkie Rodriguezek.
Aste honen hasieran plazaratu du Espainiako Gobernuak (PSOEk eta Sumarrek osatuta) urgentziaz onartu dituen dekretuen edukia. Jakina zen bigarren dekretuak, alokairu kontratuei buruzkoak, ez zuela aurrera egingo, atzo EAJk eta Coalicion Canariak aurka bozkatuko zutela iragarri ostean. Aldiz, lehena, etxegabetzeei buruzkoa, JxCren botoaren menpe zegoen; nahikoa izango zatekeen haren abstentzioa dekretuak aurrera egiteko.Â
Gaurko saioan, beraz, begi guztiak zeuden Miriam Noguerasen gainean. Noguerasek JxCkoaren ezezkoa argudiatu du esanez Espainiako Gobernuak aurkeztutako neurriek ez dutela etxebizitzaren krisia konponduko. «Dekretuak onartuta ere, espekulatzaileek etxebizitza erosten jarraitu ahalko dute, eta etxegabetzeak gertatzen jarraituko dute», esan du. Etxebizitzaren inguruko dekretuak onartzeak herritarrei «itxaropen faltsua elikatzea» izango litzateke, haren iritziz. «Itxura ona dute, baina jendeak egia jakin behar du», erantsi du.
Noguerasek proposamen alternatibo bat eraman du kongresuko atrilera, eta horren gainean lan egiteko eskaintza egin dio gobernuari. Putre funtsekin gogor jokatzea eta etxerik gabeko familiak ez egotea dira haien erronkak. Horretarako, haien proposamenak dira «etxebizitzaren prezioen igoera ekarri duten orain arteko politikak zuzentzea eta familiak babestea» dira.
JxCren ustez, dekretu berriek «bilatzen den kontrako efektua lortuko dute». Aipatu du dekretuen edukia jakinarazi eta egun gutxi batzuetan milaka etxebizitza erretiratu direla alokairuaren merkatutik. «Ez dugu amore emango muturreko jarreren xantaiaren aurrean», ohartarazi du Noguerasek.
EAJ, alde baina kritiko
EAJren jarrera ere zalantzazkoa izan zen atzo arte. Orduan argitu zuten jeltzaleek lehen dekretuaren alde egingo zutela, eta bigarrenaren aurka. Maribel Vaquero kongresuko kideak azaldu du lehen dekretuari buruz EAJk erabakitako aldeko boto «kritikoa». Vaquerok nabarmendu du etxebizitzaren gaia oso garrantzitsua izanik, ez dela komeni «beroan legeak egitea». Dekretu itxiaren bidearen aurrean, lege arrunt baten prozedura hobetsi du, hasieratik talde parlamentario guztien parte hartzea bermatzeko. Aldeko botoa emango dion arren, kritiko azaldu da, eta «jabe txikien» interesen alde egin du «Jabetza pribatua ezin da arriskuan jarri pertsona zaurgarriei babesa emateko aitzakian».
Espainiako Etxebizitza Legea ere kritikatu du, eta esan du jasotzen dituen neurri batzuen ondorioz ohiko etxebizitzako kontratu asko behin-behinekoak bihurtu direla.
EH Bilduk hasieratik jakinarazi zuen bi dekretuen alde bozkatuko zuela. Oskar Matute koalizioko ordezkariak kongresuan esan du «haserre» dagoela alderdi batzuek interes partidistak lehenetsi dituztelako herritarren beharrak bazterrean utzita. Aurka bozkatuko duten alderdi polikotikoei mezua bidali die: «Hemen ikusten da putre funtsak etxebizitzak ez ezik, alderdiak ere erosten dituztela».
Matuteren hitzetan, EH Bilduk ez du uste dekretu hauek beharrak asetuko dutenik, baina konponbiderako ibilbidearen «lehen kanpalekua da, eta milioi pertsonaren behar larriak urgentziaz asetzen lagun dezakete». Borrokan jarraitzeko asmoa ere adierazi du: «Hau ez da hemen amaituko. EH Bilduk jarraituko du kaletik eta erakundeetatik krisiari aurre egingo dizkioten neurriak bultzatzen eta konponbideak bilatzen».
ERCk ere aldeko botoa iragarrita zuen. Gabriel Rufian Kataluniako alderdi errepublikarraren bozeramailea oso minduta azaldu da Juntsekin. PPrekin eta Voxekin batera bozkatzearen larritasuna gogorarazi dio. Eskuineko alderdien bandera bakarra dirua dela ere esan du. JxC alderdiari egotzi dio kontrako botoarekin «higiezinen enpresekin duten zorra» kitatzen ari dela. Rufianek esan duenez, Junts alderdiaren boto emaileen %82a dekretuen alde egonda, alderdi kontserbadorea «40.000 pertsonen interesak defensatzen ari dira». Katalunian «Ayusorenaren antza» duen jokaera horrek zigorra izango duela iragarri du ERCko ordezkariak.
PPk eta Voxek Pedro Sanchezek gobernua gogor kritikatu dute, eta esan dute etxebizitzaren arazoa etxebizitza gehiago eraikitzen konponduko dela.