«Espekulazioaren» kontrako mezua ozendu dute gaur berriro Arberoako herritarrek

Puyo etxe agentzian egindako protesta baten harira, Arberoa Lurra eta Etxebizitza kolektiboko zazpi lagun epaituko dituzte heldu den asteartean Baionan, eta haiei babesa erakutsi nahi izan diete gaur Hazparnen egin duten manifestazioan.

Hazparnen protesta, gaur. PATXI BELTZAIZ / FOKU
Hazparnen protesta, gaur. PATXI BELTZAIZ / FOKU
arantxa iraola
2025eko irailaren 27a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Ezin da okupazio sinboliko batengatik egoeraren hobetzeko lanean dabilen jendea horrela tratatu. Egoera injustuen aitzinean herritarren eskubidea eta betebeharra da mugitzea, borrokatzea, zuzena lortua izan dadin». Era horretan egin zuen Arberoa Lurra eta Etxebizitza kolektiboak gaurko egin zuen mobilizaziorako deia, ekainean. Kolektiboko zazpi lagun epaituko dituzte heldu den asteartean Baionan, eta haiei babesa erakustea izan da helburu behinena. Goizeko hamarretan geratu dira, Donoztirin (Nafarroa Beherea), eta barraskilo operazio batean Hazparnera joan dira (Lapurdi), Donamartiri, Izturitze eta Aiherra igarota. Auto ugari eta laborantzarako ibilgailuak batu dira bidean. Hazparnera iristean, han manifestazioa egin dute. Aurrez hainbatetan egin duten moduan, «espekulazioaren» kontrako aldarriak ozendu dituzte berriro.

Protestan, geldialdi bat egin dute Puyo etxe agentziaren parean. Hain justu ere, 2024ko urtarrilaren 20an Hazparneko agentzia hori okupatzea leporatzen diete epaituko dituzten zazpi auzipetuei, eta DNA laginak jendarmeei emateari uko egitea. Kolektiboko kideen ustetan, justiziaren erantzun «neurrigabea» da hori. Etxebizitzen neurriz kanpoko salneurrien kontrako borrokan jarduteagatik ezin dela inor «kriminalizatu» gogoratu dute. 

«Zer litzateke Euskal Herria azken hamarkadetan ez balitz borrokarik eraman? Zertan lirateke gure hizkuntza, nortasuna, kultura, ekonomia, laborantza, ingurumena, sozial arloa, borrokarik gabe?», galdera airean utzi zuten kolektiboko kideek protestarako deia egin zutenean. Eta egindakoaren damurik ez dutela adierazi zuten. «Arberoa Lurra eta Etxebizitza kolektiboak ekintza anitz eta askotarikoak eraman ditu azken hiru urteetan: traktak, konferentziak, bilkurak, manifestaldiak, piknikak, pankarten ezartzeak, okupazioa... Badakigu salmenta espekulatibo bat bederen ezeztatua izan dela gure ekintzei esker». Horiek guztiak gaur gogora ekarri dituzte berriro protestan.  

Eta mobilizatzen jarraitzea ezinbestekoa dela gogoratu dute. Aurrez ere adierazia dute ez etsitzeko asmoa. «Estatuak beldurtu nahi gaitu, errepresioaren bidez borrokari amore eman dezagun nahi du. Baina guk ez dugu amore emanen, zuzenaren alde segituko dugu lanean. Irria ezpainetan, tinko, baikor».

Denak «hobendun» 

Bide horrexetan, babes osoa azaldu nahi izan diete auzipetutako zazpi kideei. «Gaur hemen adierazten dugu denak hobendun garela. Zazpi kide epaituko badituzte ere, hemen garen guziak okupazioan izan ginen. Arberoa, Hazparnealdea, Baiona edo Euskal Herri osoko jendea ere okupazioan egon zen», aurreratu zuten manifestaziorako deia egin zutenean, eta hitzetatik ekintzetara egin zuten, martxan baita ordutik Ni ere han nintzen autoinkulpazio kanpaina. Asteartean autoinkulpazio horiek guztiak Baionako epaitegira eramatea da orain asmoa. 

Kolektiboa 2023ko maiatzean agertu zen lehen aldiz. Donoztiriko Larrea etxaldearen salmentaren aurka egin zuten orduan. Izan ere, antolaturiko lehen elkarretaratzean salatu zuten etxalde hori 1.270.000 euroan saldu nahi zutela. Ustez, lortu zuten erabakia aldaraztea, baina, aste batzuk geroago, etxaldi hori salgai ezarri zuten berriz, 999.000 euroan. Garai berean, halaber, Aiherran salgai jarri zuten Etxexuria baserria. 2017an, 250.000 euroan erosi zuten jabe berriek; 2023an, berriz, Puyo etxe agentziaren salmenta iragarkian, 1.600.000 euroan agertu zen salgai. Sei urte lehenagoko balioa halako sei zen hori, eta, beraz, kolektiboak erabaki zuen berriz mobilizatzea. Protesta ugari egin dituzte ordutik. 

 


 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.