Espetxera bidali dute Solokoetxeko hilketagatik atxilotuetako bat

Beste bi atxilotuak aske gelditu dira behin-behinean. Igande goizean gizon bat hil zuten Bilboko Solokoetxe auzoan, kalean sastakatuta.

Ertzainak, aztarna bila, joan den igandean, Solokoetxe auzoan. JAVIER ZORRILLA / EFE
Ertzainak, aztarna bila, joan den igandean, Solokoetxe auzoan. JAVIER ZORRILLA / EFE
gotzon hermosilla
2025eko irailaren 25a
15:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilboko 9. Instrukzio Epaitegiak gizon bat espetxeratu du behin-behinean, igandean Bilboko Solokoetxe auzoan izandako hilketarekin zerikusia duelakoan. Auzi horregatik atxilotutako hiru gizonetako bat da orain espetxera bidali dutena; beste biak aske utzi dituzte behin-behinean, baina pasaportea kendu diete, Espainiaren administraziopeko lurraldeetatik irtetea galarazi diete, eta epaitegira joan beharko dute aldiro-aldiro.

Igande goizean gertatu zen hilketa. Segurtasun Sailak 06:45ean jaso zuen abisua: liskar bat egon zela Fika kalean, Santutxuren eta Zazpikaleen artean, eta lagun bat zauriturik zegoela. Larrialdi zerbitzuak bertaratu ziren, eta 21 urteko gazte bat topatu zuten, larri zauriturik. Gurutzetako ospitalera eraman zuten, eta han, hil egin zen, bihotzean zituen zaurien ondorioz.

Ertzaintzak ikerketa abiarazi zuen, eta hurrengo egunetan hiru gizon atxilotu zituen: 31 urteko gizon bat Bilbon, 21 urteko bat Getxon (Bizkaia), eta 28 urteko beste bat, Bilbon hura ere. Azken horrek bere burua entregatu zuen Ertzaintzaren Deustuko polizia etxean.

Ertzaintzaren ustez, borrokan aritutako taldeek ez zuten lehenagotik elkar ezagutzen, eta kalean elkarrekin topo egin zutenean sortu zen liskarra. Irainka eta kolpeka ekin zioten, eta hasieran inork ez zuen labanarik edo aiztorik erabili borrokan, baina haietako bat aizto baten bila joan zen, eta itzuli zenean harekin sastakatu zuen 21 urteko gaztea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.