Azken urteetan, lehenik Nafarroako Torturatuen Sarea eta gero Euskal Herriko sarea osatu dira, iragan hamarkadetan bortizkeria hori jasan dutenek osatutako babestokia. Sarearen metaforak, ordea, badu guztiz kontrako konnotazioa ere. Fernando Lopez Agudin kazetari espainiar zendu berriak kontatu zuen En el laberinto liburuan (Labirintoan). Lopez Agudin Barne Ministerioko informazio arloko zuzendari zela eta Margarita Robles segurtasun arloko estatu idazkari izendatu berri, Gasteizen lehen bilera izan zuten ETAren aurka ziharduten arduradun nagusiekin. Han, haiek eskatu zieten ea «sarearen babesaz» jarduten jarraitzerik izango zuten. «Hau da, galdetzen ari ziren ea garai hartako gobernuak babesa emango zien torturatzen jarraitzeko».
Iñigo Iruin abokatuak pasarte adierazgarri hori kontatu zuen atzo. Nafarroako Torturatuen Sareak antolatutako nazioarteko jardunaldian parte hartu zuen, eta torturaren inpunitatearen giltzarriak aletu zituen, Ane Eslaba Txalapartako editoreak gidatutako solasaldian. Izan ere, Iruinek nabarmendu zuen tortura ez dela polizien indarkeria soilik. «Polizia indarkeria gisa kontsideratzea okerra da. Estatu indarkeria da».
Izan ere, haren esanetan, tortura eta zigorgabetasuna eskutik helduta doaz, eta, horretarako, «funtsezkoa» da hiru botereen sostengua —legegilea, betearazlea eta judiziala—. Atzean erabaki politiko bat dago, eta beharrezkoa da egitura oso bat tortura «juridikoki ikusezina» izan dadin. «Estatuaren erabaki bat da, eta plan bat behar da tortura ikusezin egiteko eta zigorgabetasuna bermatzeko», zehaztu zuen Iruinek. Horrela baino ezin liteke uler epai kopurua «eskasa» izatea milaka salaketa egonagatik. Hogei epai irmo besterik ez dago tortura auzietan azken 50 urteotan.
«Tortura polizia indarkeria gisa hartzea okerra da. Estatu indarkeria da»
IÑIGO IRUIN Abokatua
Torturaren sarea ehuntzeko, erabakigarria izan zen salbuespenezko legedi antiterrorista, Iruinen esanetan. Frankismoaren hondarrean onartu zen lehena, eta ondotik beste batzuk, baina guztiek zuten «enbor nagusi bat»: inkomunikazioa. Hasieran, hamar egunera arte luzatzeko aukera zegoen; gero, bost egunera murriztu zuten. 1983tik aurrera, ofiziozko abokatuarekin egoteko aukera baimendu zuen legediak, baina inoiz ez du biderik eman konfiantzazko abokatuekin egoteko.
Horrez gain, sekretu ofizialen legea dago: «Torturaren inguruko auzibideetan lege hori erabili da hainbat ekinbide galarazteko». Adibidez, 1980ko hamarkadan, lege horren babespean argudiatzen zuten «estatu segurtasuna» zegoela jokoan.
Tortura, klandestinitatean
Zigorgabetasunaren zutarri nagusietako bat botere exekutiboa da, jakina. «Hark baimentzen zien poliziei eta guardia zibilei sarearen babesaz torturatzea». Iruinen esanetan, segurtasun indarrak gobernuaren esanetara badaude ere, terrorismoaren aurkako unitate bereziek «autonomia osoa» izan dute, eta garai bateko eta besteko Barne ministerioek beste aldera begiratu dute. «Eremu libre batean zebiltzan, inongo esku hartzerik gabe. Klandestinitatean zebiltzan, kontrolik gabe eta legedi antiterroristaren aterkipean. Tortura klandestinoa zen, eta muga bat sortzen zen polizien eta epaileen artean. Ezinezkoa zen eremu horretan sartzea».
Horren adibide jarri zuen: 1980ko eta 1990eko hamarkadetako Intxaurrondoko guardia zibilen jokamoldea. «Araudiaren kontra ibiltzen ziren. Ez zuten erregistro libururik, ez zegoen zaintza guardiarik, ez zegoen zerbitzu orririk, ez zegoen ezer». Hala, Mikel Zabalzaren kasuan instrukzio epaitegiak atxiloaldiaren informazioa eskatu zuenean, Guardia Zibilak uko egin zion, sekretu ofizialen legea argudiatuta, eta, epaitegiak tinko aurrera egin zuenean, ezer gutxi zuten emateko. «Ez zegoen ezer Mikelen pausoen atzetik tira egiteko». Iruinen arabera, gobernuak ontzat jotzen zuen autonomia eta jokabide klandestino hura. Hura zen babes sarea.
«Poliziak klandestinitatean zebiltzan, kontrolik gabe eta legedi antiterroristaren aterkipean. Tortura klandestinoa zen»
IÑIGO IRUIN Abokatua
Beste funtsezko pieza Espainiako Auzitegi Nazionala da. «Legedi antiterroristaren pean atxilotutakoen gaineko kontrola haren esku zegoen». Iruinen arabera, egitura horrek berak Barne Ministerioaren eta batik bat polizien zein guardia zibilen «menpeko» bihurtzen zuen auzitegia. Izan ere, Iruinek azaldu duenez, epaitegiak ez zuen atxilotuaren gaineko kontrolik, paradoxikoki. Askotan, atxilotuak Madrilen egoten ziren, atxiloketak beste toki batean izan baziren ere. Gainera, poliziek eurek kontrolatzen zuten atxiloaldiaren hasiera: «Haiek zehazten zuten noiz hasi inkomunikazioa, zer delitu egotzi... Horrek bidea zabaltzen dio zigorgabetasunari».
Epaileen pasibotasuna
Iruinen arabera, Auzitegi Nazionaleko epaileek badute beste ezaugarri komun bat: «Erabateko pasibotasuna». Azken batean, epaileen ardurapean daude atxilotuak: «Abokatu gisa eman ditudan 45 urteetan, epailea ez da inoiz ere bertaratu kexaren edo salaketaren bat zela eta». Egunkaria auzian, torturaren ondorioz Pello Zubiria ospitaleratu zutenean, habeas corpus-a aktibatu zen, eta orduan baino ez zen joan Auzitegi Nazionaleko epaile bat ospitalera —kasu hartan, Juan del Olmo—».
Inkomunikazioa amaituta, atxilotuak haren bulegoan esertzen direnean, bi jarrera nabaritu ditu Iruinek: «Askotan ez dio uzten salaketa kontatzen, hori beste auzitegi baten zeregina dela esanda. Beste batzuetan, entzuten dute, baina gero ez dute ezer egiten».
Egitura horretan, fiskalek eta auzitegi medikuek ere beren rola jokatu dute torturaren zigorgabetasuna ahalbidetzeko orduan. Horren erakusgarri, aldaketa handi bat izan zen 1990eko hamarkadan. Aurretik, Euskal Herriko auzitegi medikuen txostenak «zorrotzak eta zehatzak» izan ohi ziren, eta, ondorioz, tortura auziak ireki ziren. Hori ikusita, segurtasun indarrek atxilotuak Madrilera eramaten zituzten, hango mediku eta auzitegiek bestelako jarrera zutelako tortura zantzuen inguruan. Estrasburgoko Auzitegiak berak zehaztu zuen auzitegi medikuek euren burua identifikatu behar luketela, bisita gehiago egin, eta atxilotuaren egoera psikologikoa ikuskatu.