EAJ-ren EBB-ko eleduna

Maitane Ipiñazar: «Estatus berriaren inguruan adostasun polit bat lortzen ari gara gai batzuetan»

Euzkadi Buru Batzarreko eleduna oso kritiko azaldu da Pedro Sanchezekin; sexu jazarpenaren aurkako protokolen garrantzia azpimarratu du; eta estatus berriaren negoziazioari begira, berriz, «baikor» dagoela helarazi du.

Maitane Ipiñazar, Sabin Etxean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Maitane Ipiñazar, Sabin Etxean. ARITZ LOIOLA / FOKU
xabier martin
Bilbo
2025eko abenduaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

EAJ ez dago gustura Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezekin; ez du ontzat eman Sanchezen mezua, esan baitu legealdia amaituko duela, baina ez nola amaituko duen, zer gehiengok lagunduta eta zer helburu ezarrita. Ustelkeriaren mamua handituz doa Madrilen, eta Euzkadi Buru Batzarrak koska bat gora egin du PSOE estu hartzeko adierazpenetan. Maitane Ipiñazarren (Igorre, Bizkaia, 1990) hitzak ere argiak izan dira egungo egoera azaltzeko orduan. Guggenheim Urdaibai ez egiteko erabakiaz aritu da, era berean.

Proiektua bertan behera geratu da, eta plataformek diote herriaren garaipena izan dela.

Proiektuagaz ez jarraitzea ebidentzia teknikoan, ingurumenekoan, ekonomikoan eta sozialean oinarritutako erabakia da. Proiektu batek zalantza handiak sortzen dituenean, epe labur eta ertainean bideragarria ez denean, zintzotasunez eta gardentasunez jokatzea da onena, eta hori egin da. Entzute prozesua ez da izan erabakia hartzeko arrazoi nagusiena, baina asko baloratu da inguruarekiko sentsibilitatea erakutsi duelako. Dena dela, Bizkaiko Foru Aldundiaren apostu sendoa da Urdaibaik garapena edukitzea.

EAJk Sanchezi eskatu dio 2026rako hauteskundeetara deitzeko, baina PP eta Vox zain-zain daude Espainiako Gobernua noiz eskuratuko duten. Hori jakinik, ulertuko al du euskal gizarteak EAJren eskaera hori? 

Gizarteak ulertu behar du oraingo egoera ez dela egokiena. Sanchezek ez ditu argitu gure zalantzak; haren azken agerraldiaren ondoren berdin utzi gaitu, ez baitu eman guk nahi dugun informazioa, PSOEren inguruan gertatzen ari den horri buruzkoa, alegia. Zur eta lur utzi gaitu. Eta hemendik aurrera zer gura du? 2027ra arte gobernatzen jarraitu gura du, baina zelan egingo du? Zer agendagaz? Ez du ezer argitu, eta ezeren aurretik argitu behar zuena ez du azaldu: zer jazoko den orain arte irten diren albiste horiek irteten jarraitzen badute.

PSE-EEk argi galdetu dizue ea PP-Vox gobernu bat nahiago duzuen, azpimarratuta hori dela alternatiba.

Eta zer nahi du Pedro Sanchezek? Zelan egingo du aurrera egiteko? Jabetzen gara alternatiba zein den, baina ezin dugu beste alde batera begiratu azaltzen ari den informazio guztia jakinda. Ezin dugu jokatu gertatzen ari ez balitz bezala. Zurrumurrua hor dago beti: badakigu alternatiba zein den, eta guk ez dugu gura eskuin muturraren eskutik doan gobernu bat Madrilen, baina ezin dugu beste alde batera begiratu.

PSOEren legez kanpoko finantzaketaren erakuslerik ez da iritsi, eta EAJk hor jarri zuen marra gorria. Posizio hori aldatu duzue?

Ez, marra gorri hori ez da iritsi, baina egunero daukagu informazio berria, eta sexu jazarpenaren auziak iritsi dira orain. UCOren informazio hori tantaka iristen da, gainera, eta kontuan eduki behar dugu dena. Ez da egoera normala demokrazia osasuntsu batean.

Sanchezek ez du garaiz beteko EAJrekin duen ituna Gernikako Estatutuari dagokionez. Aldagai horrek badu lotura zuen jarrerak izan duen doikuntzarekin?

Guk konpromisoak betetzea baino ez dugu eskatzen, berba betetzea, eta horretan gaude. 

Ez da garaiz beteko. Balekoa da zuentzat 2026ko lehen hilabeteetan betetzen badu? Espero duzue Sanchezen deklarazio bat konpromisoa beteko duela esanez?

Sanchezek esan zuen urtea amaitu aurretik beteko zuela estatutua, eta egun batzuk falta dira oraindik epemuga hori iristeko. Baina urtarrilaren 1etik aurrera ere Sanchezek konpromisoa baldin badauka bere berba betetzeko, guk ez dugu arazorik izango. Guk bete ditugu itun horretan jasotako betebeharrak, eta beste aldeak beste hainbeste egitea eskatzen dugu.

Sanchez estatutua betetzeko konpromiso hori baliatzen ari da, hura atzeratuz, EAJ lotuta edukitzeko?

Berak erantzun beharko luke hori. Baina hemen gauzak desberdindu behar dira: batetik, autogobernuaren inguruan egiten dugun apustua eta horren inguruko ituna dago, eta, bestetik, berriz, Sanchezen inguruan gertatzen ari den guztia dago, eta zilegitasuna dugu horren inguruko informazio guztia eskatzeko.

«Indarkeria matxista gizarte osoan zabalduta dago. Guk ez dugu horrelako auzirik alderdian, baina hori ez da nahikoa arrazoi protokolorik ez egiteko»

2026rako eskatu dituzuen boz horietako emaitzek modua emango balute Vox kanpoan uzteko, PP babestuko zenukete?

Matematika ariketa soil bat eginez ikusten da PPk ezingo duela gobernatu Vox barik. Zenbakiek ez dute modurik ematen. 

Baina modua emango balute kanpoan uzteko, EAJk PP babestuko luke?

Alderdi Popularrak oraindik ez du lortu alternatiba izatea, ezta Alderdi Sozialistan gertatzen ari den guztia gertatzen ari denean ere. Sanchezen posizioa ahula bada ere, PPk ez du lortzen alternatiba gisa azaltzea, berdin du Voxegaz edo barik. Guk argi utzi dugu oraintxe bertan PPk daroan jarrera horregaz, gure aurkako estrategia argi bategaz, ez dela posible. Voxegaz gobernatu du beste erakunde batzuetan jadanik. Hori ikusirik, gugaz ez dute zer eginik. 

EBBk uste du urtea amaitzerako edo 2026a hasi berritan jakingo dela estatus berriaren negoziazioa atzera edo aurrera doan. Onerako nahiz txarrerako, albisteak iritsiko dira aurki?

Diskrezioz ari gara, hiru alderdiren arteko konpromisoa baita negoziazio hori. Gu [EBB berria] hemen gaudenetik eta gure aurretik ere negoziazioak egon dira, eta aurrerapausoak eman dira. Hiru alderdien konpromisoa sendoa da, eta normala da, hiru garen heinean, desberdintasunak egotea batzuetan; baina uste dut lortzen ari garela gai batzuen inguruan adostasun polit bat hiruren artean. Ez nituzke epeak jarriko, hala ere. Helburuak betetzearen aldekoa naiz ni, epemugarik jarri barik.

Ez dirudi ezkor zaudenik...

Ez, ni baikorra naiz izaeraz, baina berriro diotsut: ezberdinak garen hiru alderdi gaudela kontuan hartuta, uste dut bide onetik goazela.

(ID_15611032) (Aritz Loiola/@FOKU) 2025-12-16, Bilbo. Maitane Ipiñazar EAJren EBBko idazkaria
Ipiñazar elkarrizketan, Sabin Etxeko bere bulegoan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Barne prozesuak egiteko epeak laburtu egin dituzue EAJren estatutu onartu berrietan. EBB berritzeko prozesua luzeegi egon zen ageri-agerian hedabideen aurrean, barne tirabirak bistan utzita?

Estatutuak lau urtetik behin aldatzen dira, txostenei jarraituz, eta orain arte inork ez die erreparatu barne prozesuen epeei. Gaur egun bizi dugun garai azkar honetan, digitalizazioagaz eta abar, ba ez diegu zentzu handirik ikusi arauturik zeuden aldiei. Uste dugu afiliazioaren parte hartzeko eskubidea bermatu behar dela, baina gaurkotu behar direla prozesuak egungo baliabidekaz. Aldiak inongo beharrik barik luzatzea ekidin gura izan dugu.

Filtrazio gehiegi egon ziren Aitor Estebanen eta Andoni Ortuzarren arteko lehia horren harira?

Urte erdi egon gara gutxi gorabehera zuzendaritzak berritzeko prozesuetan, Euzkadi Buru Batzarraren aurretik herrialde buru batzarrak berritu baitziren. Estatutuak ez dira berritu kanpora begira bakarrik; afiliazioari begira sei hilabeteko prozesu bat luzeegia izan ahal dela uler dezaket, izan ere. 

Kezkarik ez da orduan EBBn, prozesu horien inguruan egon diren filtrazioak direla eta?

Ez; ohituta gaude hedabideetan irteten den guztiakaz. Kezka handiena izan da denbora optimizatzearena.

Militantzia aktibatzeko neurriak ere hartu dituzue. Hain zuzen, hedabideek azpimarratu dute azken prozesuetan parte hartze apala egon zela batzokietan. 

Ez nago ados horregaz: parte hartzea ez zen apala izan. Prozesu hau burura iristean, Atano pilotalekuan ikusi zen zenbat jende bildu zen. Guztiz bete zen, eta jendea gogotsu joan zen. Zer da parte hartze apala? Zer zenbakiren arabera da apala? Militantzia aktibatzeko saioa digitalizazioagaz dauka lotura. Orain arte, militantzia ulertu izan dugu batzokietan egiten den horri begira, eta eutsi behar diogu horri ere, baina egungo baliabidekaz, sare sozialak direla eta, parte har daiteke ere militantzian, batez ere gazteei begira.

EAJren estatutuek jaso dute sexu jazarpenaren aurkako protokoloak une oro gaurkoturik egon behar duela. Jazarpen matxista egiturazkoa da: ba al duzue kezka alderdiaren barruan auziren bat aterako ote den?

Begira, Sanchezegaz ados nago horretan: indarkeria matxista gizarte osoan zabalduta dago. Guk ez dugu horrelako auzirik alderdian, baina hori ez da nahikoa arrazoi protokolorik ez egiteko. Guretzat oso garrantzitsua da protokoloa edukitzea, etorkizunean zerbait gertatuz gero, biktima babestua sentitzeko, eta gertatutakoaren arabera neurriak har daitezen.

«Berak bere bizitza pertsonalari eta profesionalari loturik hartzen dituen erabakien inguruan alderdiak ez du baloraziorik egiten»

PwCk Andoni Ortuzar fitxatu zuen, eta orain Telefonicara joan da kontseilari gisa. Zer iritzi du EBBk horri buruz?

EBBk ez du horren inguruko baloraziorik egiten. Berak bere bizitza pertsonalari eta profesionalari loturik hartzen dituen erabakien inguruan alderdiak ez du baloraziorik egiten.

Nola uste duzue har ditzakeela gizarteak hamabi urtez EBBko presidente izan denaren fitxaketa horiek?

Pertsona batek politikaren alorra uzten duenean beti lupagaz begiratzen da zer egiten duen, nora doan eta abar. EAJn esperientzia handia daukagu jakiteko lupa zelan jartzen diguten. Alderdi gisa ez dugu bere erabakien inguruan ezer esateko.

Ate birakarien kasu bat da?

Ez dut horren inguruko baloraziorik egingo.

EH Bilduk esan du Ernairi buruz asko hitz egiten dela, baina «entxufismoak» eragin handiagoa duela gizartean.

Zer esango dute ba! Euren etxean dutena estali eta fokua ondokoari jarri nahi diote. Oso kezkagarriak dira Ernaik azken hilabeteetan egin dituen ekintzak, ulertarazi gura dutelako faxismoaren aurka borroka egitea dela hori: alderdien bulegoak margotzea, gure askatasunen ikurren aurka jotzea, Gernikako juntetxera sartuta.... Ekintza horiek ontzat ematea da kezkagarriena. Ernai Sortuko gazteria da, eta Sortu da EH Bilduren gehiengoa; beraz, EH Bilduk beste alde batera begiratzeak kezkatzen gaitu gu.

Arnaldo Otegiri «terrorista doilor» esan dio Durangoko PPko zinegotzi Carlos Garciak, eta EH Bilduk esan du EAJk ez duela arbuiatu hori. Zer iruditzen zaizu zinegotzi horren baieztapena?

EH Bilduk esatea nork gaitzesten duen eta nork ez... Normalean haiek izaten dute arazoa gaitzespenak egiteko. Ez dirudi oso bidezkoa haiek guri gaitzespena eskatzeak. Nik ez nuen zinegotzi horren esanaren berri; hori esan badu, ni pertsonalki ez nago ados adierazpen horregaz. Baina EH Bilduri esan behar zaio zerrenda luze bat egin ahal dela gaitzesi ez den guztiagaz. 

«Segurtasun faltaren sentsazioaren aurka lan egitea dagokigu, baina segurtasuna eta migrazioa uztartzen dituen ildoa ez dugu defendatzen»

Euskararen eta estatus berriaren inguruko negoziazioak blindaturik daude? Ematen du azken hilabeetan gora egin duela abertzaleen arteko talka politikoak.

Historiak erakusten du EAJ beti egon dela prest akordioak egiteko beste alderdiakaz, Voxegaz salbu. Gure aldetik ez dago arazorik negoziazio horiek egiteko.

Zuen bazkide PSE ez dago ados delitu egileen jatorriari buruzko informazioa ematearekin, baina zuekin lerratu da gaiari buruzko mozio batean. Horretan ere ez zaudete ados?

Katalunia gure eredua aplikatzen hasi da, eta han PSCk gobernatzen du. PSEk azaldu beharko du zein den bere posizioa, guk oso argi azaldu dugu geurea zein den.

Oposizioko zenbait taldek EAJri leporatzen diote eskuin muturraren agendara hurbiltzen hasi dela, migrazioa eta segurtasuna nahastuz.

Azken soziometroan ere baieztatu da: herritarren kezka nagusien artean dago segurtasuna. Segurtasun faltaren sentsazio horren aurka lan egitea dagokigu. Oraingoz, guk bakarrik ditugu proposamenak sentsazio horri aurre egiteko. Segurtasuna eta migrazioa uztartzen dituen ildoa ez da gurea, ordea; guk ez dugu hori defendatzen.

Delitu egileen jatorriaren berri ematea ez da bi edukiak nahastea?

Ez da bakarrik jatorria ematen, datu gehiago ematen dira. Gardentasuna behar dugu. Informazio horiek gizarteari ematean, gizarteak berak bere irakurketa egin ahal du, eskuin muturraren bitartekaritzarik gabe. Adina, generoa, jatorria... datu gehiago ematen dira, eta herritarrek eurek interpretatu behar dituzte.

Segurtasun faltaren «sentsazioa» aipatu duzu. Ez da erreala orduan?

Zeregaz alderatzen dugun, horren arabera da erreala. Kalean paseatzen ari garela, bakoitzak sentitzen dugunaren arabera da erreala. Asaldatutako jendeari galdetzen diozunean zer gertatu zaion, askotan erantzuna hau da: «niri ezer ez, baina ezagutzen dut lagun bat...».

Jatorriaren berri emateko erabakiak ez du sentsazio hori areagotzen?

Ez du zertan. Lortu ahal da errealitatea datuakaz janztea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.