xabier martin

Estatus berria negoziatzeko epeak

2026ko otsailaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Arnaldo Otegi eta Aitor Esteban, Gernikako Juntetxean, hizketan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Arnaldo Otegi eta Aitor Esteban, Gernikako Juntetxean, hizketan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Urtarrila joan da, eta oraindik ez dago albisterik estatus berriaren negoziazioaren inguruan. EAJko presidente Aitor Estebanek esan zuen 2025. urtearen amaierarako jakingo zela EAJren, EH Bilduren, PSE-EEren eta PSOEren arteko elkarrizketen emaitzen berri, «edo urte hasierarako». Zerbait aldatu ote da urritik hona aurreikuspen horri dagokionez? Ezezkoa da erantzuna: Estebanek eutsi egiten dio esandakoari. Beraz, datozen asteetan arreta handiz erreparatu beharko zaie auzi horren inguruko albisteei, ikusteko ea lortzen duten Arabaren, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren burujabetzan aurrera egiteko itun bat.

«Onerako edo txarrerako» izango dira albisteak; baina, gaur-gaurkoz, ez dago azken emaitza nolakoa izango den aurreikusteko zantzu handirik, hain da lodia prozesuaren inguruan zabaldutako diskrezio izara. EBBko buruzagitzan Andoni Ortuzar zegoela abiatu ziren Eusko Legebiltzarreko alderdi nagusien arteko elkarrizketak, eta negoziazioak burura eramatearen ardura Estebanena da orain, jeltzaleei dagokienez. Espainiako Kongresua utzi eta alderdiko lema hartu bezain laster, buruzagi berriak aurrekoaren «baikortasuna» baztertu zuen, eta espektatibak apaldu. Gero, epemuga bat ezarri zuen: 2026aren hasiera. Izan ere, eragileek ez dute nahi negoziazioa asko luzatzerik. Ez baitute arrazoi handirik pentsatzeko orain arte askatu ez diren lokarriak hemendik hilabete batzuetara askatuko direla.

Bide ziurgabea aurrean

Madrilgo egoera politikoa ere bada negoziazioa ez luzatzeko arrazoietako bat, sendoa gainera. Zenbat egongo da Pedro Sanchez Moncloan? Beste fase baterako atzerako kontaketa martxan da Madrilen. Eta, agertoki berri horretan Espainiako Gobernua PPk eta Voxek eskuratzen badute, ezinezkoa izango da Euskal Herriaren burujabetzaren esparruan aurrerapausorik ematea. Beraz, Eusko Legebiltzarreko alderdi nagusiek hori jazo baino lehen abiarazi beharko lukete elkarren artean ados jarri ondorengo prozesu instituzionala.

Nolanahi ere, Gernikako Estatutua ordezkatzeko prozesua ez litzateke legealdi honetan bururatuko. Datozen hilabeteetan proposamen zehatz bat onartuko balitz Gasteizko ganberan, saiatu beharko lukete Espainiako Kongresuko galbahea egungo osaerarekin pasatzen; parlamentua berritu aurretik, alegia.

Baina iragarriko balitz ere itun bat egin dutela, hitzarmen hori ziurgabetasun handiko prozesu baten abiapuntua litzateke. Madrilen onespena lortuz gero —Kongresuaren egungo osaerarekin ere ez dago bermatuta hala izango denik—, Espainiako Auzitegi Konstituzionala zain egongo litzateke, idatzia plazaratu eta berehala aurkeztuko bailiokete helegitea. Estatutu berri horren eduki guztiak onartuko lituzke Konstituzionalak? 2010ean, auzitegi horrek Kataluniako estatutuaren hamalau artikulu baliogabetu zituen, eta beste 27ri aldaketak egin.

Prozesuaren azken urratsa Araba, Bizkai eta Gipuzkoan erreferenduma egitea litzateke, baina, horren aurretik, ikusi beharko litzateke alderdi bakoitzak zer jarrera duen Konstituzionaletik ateratako idatziari buruz; hau da, azken idatzi hori babestu ala ez aztertu beharko lukete denek atzera.

Puzzle baten piezak

Edukiei erreparatuta, abertzaleek «benetako jauzia» egin nahi dute burujabetzan; ez badago horrelakorik, ez da itunik izango. PSE-EEk ere argi dauka gauza bat: autodeterminazio eskubidea ez dute onartuko, ezta haren ordez erabiltzen den eufemismo zabalduena: erabakitzeko eskubidea.

Baliteke semantika izatea labirintoaren irteera. Sinatzaile bakoitzak bere erara interpretatu eta esplikatu ditzakeen hitzak jaso beharko lituzke itunak. Estatus berriak beharbada ez luke modurik emango «parez pareko harreman bat» izateko Espainiarekin, baina 'kafea guztientzat' formulatik ihes egiteko bai.

Abiapuntua hori izanik, baliteke semantika izatea labirintoaren irteera. Sinatzaile bakoitzak bere erara interpretatu eta esplikatu ditzakeen hitzak jaso beharko lituzke itunak. «Benetako aldebikotasunari» buruz aritu dira EAJn eta EH Bildun, Espainiako Estatuarekiko beste estatus bat lortze aldera. Estatus horrek beharbada ez luke modurik emango «parez pareko harreman bat» izateko Espainiarekin, baina erkidegoetan aplikatzen den kafea guztientzat formulatik ihes egiteko bai.

Litekeena da eztabaidako korapilo nagusia hori izatea: nola lortu benetako bermeak euskal eskumenentzat. Nola lortu eskumenen inguruko eztabaidetan azken hitza Espainiako Justiziak ez izatea; hau da, inpartziala ez den epaile batek. Kontzertu Ekonomikoaren salbuespenaz hitz egin dute azken urtean, kontzertu politikoaren kontzeptua gizarteratzeko; euskal foruen tradizio historikoaren salbuespen hori estatus berri baterako heldulekua izatea da ideia.

Nazio aitortza ere oinarrizko edukia izango litzateke estatutu berrian. PSE-EEk hura jasotzea onartuko luke, baldin eta horrek ez balu ondorio juridikorik ekarriko. Alegia, Andaluzian edota Valentzian jasoa dagoen moduan sartu nahiko lukete sozialistek, artikuluen aurreko hitzaurrean. Abertzaleek naziotasunaren beste isla bat nahi dute idatzi berrian.

Ituna egingo balute, abertzaleentzat proposamen hori urrats bat baizik ez litzateke izango erabateko burujabetzarako bidean. Gernikako Estatutuaren lehen xedapen gehigarrian argi ezarria dago estatutua onartzeak ez dakarrela Euskal Herriak bere historiaren arabera legozkiokeen eskubide historikoei uko egitea. Idatzi berriren batek oinarri hori jasoz gero, garbi utziko litzateke independentzia eskatzea zilegi litzatekeela aurrerantzean ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA