Ez dago albisterik Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiru alderdi nagusiak azken bi urteotan negoziatzen ari diren estatus berriaren inguruan. Uda aurrera doa, eta urte politikoa hastear den honetan argitu beharko litzateke EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta PSOEk zenbateraino egin duten aurrera ados jartzeko bidean. Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek ez zuen «Euskadiren autogobernua zabaldu eta hobetzeko» konpromisoari loturiko bilera sortarik antolatu alderdiekin ekainerako, nahiz eta helburu hori ezarri zuen 2025eko irailean, Eusko Legebiltzarreko politika orokorreko osoko bilkuran. San Ignazio eguna jarri zuen orduan epemuga gisa, uztailaren 31, baina hitzordu hura ere bertan behera utzi. Itunerako oinarririk ez zegoelako zantzu gisa har daiteke erabaki hori.
Alderdiak isilean ari dira adiera politiko sakona izango lukeen akordio hori egiteko lanean; ez alferrik, euskal politikaren gelako elefantea da Hegoaldeko hiru lurralde horiek Espainiako Estatuan beste estatus bat lortzeko saioa. Gorabeherak egon izan dira alderdien artean; esaterako, PSE-EEk adimen artifizialez egindako argazki bat zabaldu zuen sare sozialetan: Aitor Esteban azaltzen zen igerileku batera salto egiten, Estebanek esan baitzuen «igerilekuan ura» bazela jauzi egin eta akordio bat lortzeko. Baina jeltzaleen, bilkideen eta sozialisten arabera, aurrera doaz hainbat edukiren inguruko elkarrizketetan. Bi urte dira, ordea, elkar ulertzen ari direlako mezua zabaltzen ari direla, eta emaitzak ez dira plazaratu oraindik.
Betiere Moncloaren ordezkari bat negoziazio mahaian dela, alderdiek hizpidera ekarri dituzte, besteak beste, nazio aitortza, «aldebikotasun erreala» esan dioten hori, eskuduntzak babestea bermatzeko mekanismo berriak eta, Gernikako Estatutua onartu zenetik ia 50 urte joan direnez, hark jaso gabe dituen zenbait eskubide sozial ere bai.
Iraila iristeko zain
Ez du ematen asko-askorik itxaron beharko denik estatus berriari buruzko elkarrizketen emaitzak argitara ateratzen has daitezen. Legealdia azken txanpan sartuko da Espainiako Kongresuan, eta kolokan dago, inoiz baino gehiago, EH Bilduk askotan aipatu duen «aukera tarteak» zabalik eutsiko ote dion. PP eta Vox sinetsita daude luze gabe hartuko dutela Espainiako Gobernua, inkesten aldeko haizeak lagundurik. Moncloarako bidean, nolanahi ere, Espainiako Gorteetarako hauteskundeak topatuko dituzte.
Hori horrela, baliteke Pradales lehendakariak irailean bertan egitea bilera sorta baterako deialdia, Eusko Legebiltzarreko urte politikoa zabalduko duen osoko bilkuraren aurretik. Hala egiten ez badu, aurreikus daiteke alderdiek estatus berriaren gaiari helduko diotela irail amaierako politika orokorreko osoko bilkuran, hala Sumar nola PP gai horri erreparatzen ari baitzaizkio uda honetan.
Are, Sumarrek ganberan duen legebiltzarkide bakarrak, Jon Hernandezek, legez besteko proposamen bat erregistratu zuen uda hasieran, autogobernu batzordea berriro zabaldu dezaten. Estatutu berriaren oinarriak osatzen hastea nahi du Sumarrek, «Eusko Legebiltzarra prozesuaren erdigunean dela, herritarren ordezkaritza demokratikoa den heinean». Sumar parlamentutik at egiten ari diren eztabaidatik kanpo geratu da, PP bezala, eta biek ala biek salatu izan dute «euskal gizarteari bizkarra emanda» ari direla negoziatzen ganberako gehiengo zabal-zabal bat ordezkatzen duten hiru alderdiak: EAJ, EH Bildu eta PSE-EE. Ganberako 75 ordezkarietatik 66 dituzte.
Sumarrek giltza bat dauka estatus berriaren eztabaida Eusko Legebiltzarrera eramateko, legez besteko proposamen bat. Ikusteko dago, ordea, Pradales lehendakariak Sumarri aukera hori eman aurretik martxan jarriko ote duen auzi politiko mardul horri buruzko eztabaida instituzionala.
Batera edo bestera, Sumarrek giltza bat dauka estatus berriaren eztabaida Eusko Legebiltzarrera eramateko, legez besteko proposamen bat. Ikusteko dago, ordea, Pradales lehendakariak Sumarri aukera hori eman aurretik martxan jarriko ote duen auzi politiko mardul horri buruzko eztabaida instituzionala; beharbada, beste epemuga bat ezarriko du bilera sorta baterako, oporretatik itzuli bezain laster. Halakorik egingo ez balu, Sumarrek gaiari buruzko iritzia ematera behartuko lituzke alderdi negoziatzaileak, Gasteizko ganberan bertan, legez besteko proposamenari buruzko eztabaidaren bitartez.