Esteban hauteskundeei begira jarri da: «Jokoan dago zer eredu jarriko dugun martxan hurrengo belaunaldientzat»

EAJk 50. Alderdi Eguna ospatu du. EBBko presidenteak esan du EH Bilduk taktika soilik duela buruan, eta PSE-EEk euskararen inguruan duen jarrera gaitzetsi du. Jeltzaleek urriaren 19an hasiko dute bozetarako hautagaitzak aukeratzeko barne prozesua.

EAJren Alderdi Eguna, gaur, Forondan. L. RICO / EFE
EAJren Alderdi Eguna, gaur, Forondan. L. RICO / EFE
Paulo Ostolaza.
2026ko irailaren 27a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hauteskunde ziklo berriaren atarian ospatu du EAJk 50. Alderdi Eguna. Forondan (Araba) bildutako alderdikideen aurrean, Aitor Esteban EEBko presidenteak argi utzi du bi hauteskunde izan arren, finean, ziklo bakarra dela, eta herritarrek erabaki bakarra hartu beharko dutela: «Nor nahi duten Euskadiren defentsa kanpoan egiteko, eta nor nahi duen etxe barruan aurrera egiten jarraitzeko».

Ekitaldian, 50 urte barru zabalduko duten kutxa bat lurperatu dute Estebanek eta Elene Bilbao EGIko kideak, barruan eskutitz bat sartuta. Idazki hori izan du hizpide Estebanek: «Kutxa hori irekiko dutenak biziko dira gaur eraikitzeko gai izango garen Euskadin. Eta hori dago jokoan, Euskadin zer eredu jarriko dugun martxan hurrengo belaunaldientzat».

«[EH Bilduk] lehenik eta behin, bere kalkuluak, eta, ondoren, tarterik geratzen bada, herria. Izan ere, taktika besterik ez dute buruan»

AITOR ESTEBANEBBko presidentea

Espainiako Gorteetarako hauteskundeei buruz, EBBko presidenteak esan du «batzuek eta besteek» jeltzaleak despistatu nahiko dituztela, bi alternatiba soilik daudela esanez: Pedro Sanchez edo «eskuina, inongo kontrolik gabea». Argi utzi du Sanchezek aurrekontuak onartzeko behar beste babes lortzen ez badu bozetara deitu beharko duela, eta ezin duela legegintzaldia gehiago luzatu.

Udal eta foru hauteskundeei dagokienez, berriz, iragarri du urriaren 19an hasiko dutela bozetarako hautagaitzak aukeratzeko barne prozesua.

Gainontzeko alderdiei erreparatuta, EH Bildu «taktika» hitza nola erabiltzen ari den kritikatu du Estebanek: «Lehenik eta behin, bere kalkuluak, eta, ondoren, tarterik geratzen bada, herria. Izan ere, taktika besterik ez dute buruan». Arnaldo Otegik egindako proposamenari emandako ezezkoa berretsi du Estebanek, argudiatuz hainbat arlotan —etxebizitza, osasuna eta fiskalitatea— koalizio subiranista izan dela itunak egiteari muzin egin diona: «Asko esan eta gutxi egin».

Aitor Esteban, gaur, Forondan. L. RICO / EFE
Aitor Esteban, gaur, Forondan. L. RICO / EFE

Euskararen inguruan, esan du «herri gisa definitzen gaituen ondarea» dela, eta kritikatu egin ditu «hainbat arlotatik, hala nola PSE-EEtik», euskara euskal gizartearentzat «beharrezkoa ez den oztopo edo zama moduko bat» delako ideia bultzatzen dutenak. 

PP, berriz, galduta dagoela iritzi dio Estebanek, eta PSOErekin batera Ceutako krisia baliatuta «polarizazioaren soka tenkatzen» aritzea leporatu dio. 

Autogobernuarekin jolasik ez

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere hartu du hitza Forondan. «Euskadik azken 50 urteetan izandako eraldaketa» izan du hizpide, eta Garaikoetxea, Ardanza, Ibarretxe eta Urkullu lehendakarien lana goraipatu du.

Gernikako Estatutua ere izan du mintzagai Pradalesek, eta Sanchezi emandako hitza betetzeko exijitu dio: «Autogobernua ez da trukerako txanpon bat; autogobernuarekin ez da jolasean ibili behar».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA