Kanpaina abiatu orduko, alderdietako eledunak hasi dira bata besteari erreparatzen, gehienetan koherentziarik eza leporatzeko. Hala egin du EAJko presidente Aitor Estebanek, Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohi Patxi Lopezi esan baitio «aluzinagarria» dela Lopezek jeltzaleei buruz esandakoa, hark PPri esker lehendakaria izatea lortu zuela aintzat hartuta; EAJren alde bozkatzeak ez dituela politika progresistak bermatzen ziurtatu zuen atzo, orain Bizkaiko zerrendaburu sozialista denak.
«Aluzinagarria iruditzen zait Lopezek hori esatea. Herri honetan egin diren politikak, neurri handi batean, EAJri esker egin dira, gu izan garelako prozesua gidatu dugunak. Eta hori esatea gobernukide dugun batek… Etxebizitzari buruzko dekretu baten kontra bozkatu dugula leporatuz esatea, beren ministroek eurek horri 'dekretu txarra' esaten diotenean». Onda Vascan egindako elkarrizketa batean, EBBko buruaren haserrearen neurria eman du Lopezen iragana gogoratu izanak: «Hauteskundeak irabazi ez zituen arren, PPren botoekin lehendakari izan zenak esan du hori».
Erantsi du EAJ dela «euskal herritarren interesak ondo defendatzeko asegurua», eta gogora ekarri du aseguru horrek klausula bi dituela argi baino argiagoak: «autogobernuaren defentsa, gure politikak garatzeko tresna delako eta gure ongizatea bermatzeko; eta gure printzipio demokratiko nagusia: Voxekin batera sekula ere ez».