«Imajinatu negar zotinka iristen dela bat epailearen aurrera, edo aurpegia txikituta, eta epaileak ez duela ezer egiten. Berdin-berdin jarraitzen duela aurrera, ezer gertatuko ez balitz bezala». Ez behin, eta ez bitan; «askotan» gertatu da hori, Martxelo Otamendiren erranetan (Tolosa, Gipuzkoa, 1957). Halako kasuen berri badu Giza Eskubideen Europako Auzitegiak, eta hamar aldiz zigortu du Espainiako Estatua, aurpegiratuta ez dituela behar bezala ikertu euskal herritarrek jarritako tortura salaketak. Otamendirena da salaketa horietako bat, eta berriz abiatu dute prozesua, egia judiziala lortzeko esperantzan.
Ikusi gehiago
Eskailera judizialeko hurrengo urratsa: Espainiako Auzitegi Nazionala. Zer helbururekin joanen zarete hara?
Estrasburgoko Auzitegiak esan du gure torturak ez zirela behar bezalako bermearekin ikertu. Ez du esaten torturatu gintuztenik, baina bai Espainiako justiziak ez zituela auziak ondo aztertu. Hortaz, gure helburua da Espainiari esatea dagokion lana egin behar duela, alegia, torturak behar bezala ikertu behar dituela. Kasu bakoitzaren araberako isunak jarri zizkion Estrasburgok Espainiari, hark ordaindu zituen, eta akabo. Giza eskubideen arloan Estrasburgo da autoritate nagusia, eta hari kasu egin diezaiotela besterik ez dugu eskatzen.
«Tortura ez da existitu, eta existitu bada, ez da ikertu. Ikertu baldin bada, ez da epaitu, eta epaitu baldin bada, ez da kondenatu. Kondenatu baldin bada, kargugabetu egin da gero»
Zergatik da hain zaila egia judiziala lortzea?
Tortura babestuta dagoelako, eta urte luzez praktikatu den lan egiteko modu bat izan delako. Euskal Herrian 5.000 tortura kasutik gora daude, eta babes sare oso bat dago haren bueltan. Tortura ez da existitu, eta existitu bada, ez da ikertu. Ikertu baldin bada, ez da epaitu, eta epaitu baldin bada, ez da kondenatu. Kondenatu baldin bada, kargugabetu egin da gero. Estatuaren tresna bat izan da tortura, eta, metodo horrek giza eskubideekin talka egiten zuenez, ezkutatu egin dute. Beti izan da horrela.
Nork ezkutatu du?
Jende askok, partaide asko baitaude hori ezkutatzeaz arduratzen direnak. Nire kasuan, adibidez, eskailera judizial horretan behin ere ez ninduten deklaratzera deitu. Alegia, ez zuten inoiz nire ahozko adierazpenik entzun, eta horrela itxi zuten auzia. Azkenerako, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak etorri behar izan du Espainiari esatera ez duela bere betebeharrik bete.
Gaur arte, Espainiak ez du iniziatibarik hartu; oraingoan zerbait aldatuko dela espero duzue?
Nahiko genuke Auzitegi Nazionalak zerbait esatea, baina behintzat agerian utzi nahi ditugu kontraesan horiek denak. Espainiak ez du bere lana egin, eta Estrasburgok esan du hori; beraz, orain egin egin behar du. Hori da gure aspirazioa, kontraesana erakustea Espainiako justiziari. Zer edo zer esan beharko du, ezta?
Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiaren II. Topaketa eginen duzue bihar, eta Josep Casadevall Estrasburgoko auzitegiko presidenteorde ohia izanen duzue solaslagun. Zer iritzi du hark salaketen eta estatuaren jarreraren inguruan?
Hamazazpi urtez izan zen Casadevall Europako Auzitegiko magistratua, eta hainbat gai eraman izan ditu. Horien artean, adibidez, nire kasua, baita Arnaldo Otegiren kondena bat ere. Topaketara etortzeko eskatu genion, eta berehala esan zigun baietz. Bihar azalduko digu nola funtzionatzen duen Estrasburgoko auzitegiak.