Torturaren zazpi biktimak auzitara joko dute, egia judiziala argitzeko

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainia zigortu zuen horien tortura salaketak ez ikertzeagatik. Martxelo Otamendik adierazi du egia soziala eta instituzionala bidean direla, baina egia judiziala falta zaiela «egiaren zirkulua ixteko».

GEBehatokiaren agerraldi bat, artxiboko irudi batean. AITOR KARASATORRE / FOKU
GEBehatokiaren agerraldi bat, artxiboko irudi batean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Iosu Alberdi.
2026ko martxoaren 23a
10:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak hamar aldiz zigortu du Espainiako Estatua euskal herritarrek jarritako tortura salaketak ez ikertzeagatik. Orain, salatzaile horietatik zazpik bat egin dute, estatuari «egia osoa» eta erreparazioa exijitzeko. Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiaren babespean, ekinbide bat jarriko dute martxan, egia judiziala eskuratzeko asmoz, eta, erantzun egokirik ezean, Nazio Batuen Erakundera jotzeko prest daude. Martxelo Otamendi Egunkaria-ko eta BERRIAko zuzendari ohia da ekinaldiaren bultzatzaileetako bat: «Egiaren zirkulua itxi behar da, eta ez da itxiko egia judiziala ez daukagun bitartean».

Egia kontzeptuari abizen ugari jar dakizkioke. Kasu honetan, salaketa jarri duten zazpi lagunek egia judiziala ezartzea dute helburu. Izan ere, Otamendik Euskadi Irratian azaldu duenez, azken urteetan egin diren urratsekin, estatu indarkeriaren biktimak egia soziala eta instituzionala lortzeko bidean dira, kontuan hartuta «gizartearen zati handi batek» sinesgarritzat jo dituela salaketak, eta euskal erakundeek pauso batzuk eman dituztela biktimak aitortzeko. Halere, adierazi du «zailena» falta dela, egia judiziala, eta beharrezkotzat jo du epaitegiek ere aitortzarako urratsak egitea: «Horretarako, torturak ikertu egin behar dira, baina ez zaharrak, nire torturatzaile batzuk egun lanean egongo baitira».

Otamendi Egunkaria auziaren barruan atxilotu eta torturatu zuten, hedabide horretako beste zenbait arduradunekin batera. Espainiako justizia sistemako «eskailera judiziala» hari deklaraziorik hartu ere egin gabe amaitu ostean, Otamendiren salaketa Estrasburgoko auzitegira iritsi zen, eta auzitegi hark Espainia zigortu zuen 2013an, zer jazo zen ez ikertzeagatik. Zehazki, 24.000 euroko isuna ezarri zion. Otamendiren esanetan, baina, ez da nahikoa. «Tortura oso merke ateratzen zaio».

Otamendirena ez da salbuespen bat. 2004tik 2022ra bitarte, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak hamar ebazpenetan zigortu du Espainia, euskal herritarrek pairatutako torturak ez ikertzeagatik. Horien ostean, baina, Espainiako justizia sistemak ez du erantzunik eman. Agus Hernan, GEBehatokiko ordezkaria: «Azken urteotan, Giza Eskubideen Behatokian ikusi dugu ez dela ezer gertatzen epai horien ondorioz». Espainiak ez entzunarena egin die NBEko Giza Eskubideen Batzordeak eta Torturaren Aurkako Batzordeak emandako gomendioei ere. «Etengabe esaten ari dira kasuak ikertu egin behar direla, tortura kasuak preskribaezinak direla», gogoratu du. 

Hernanek Iratxe Sorzabal euskal presoaren kasuari ere erreparatu dio. Hura absolbitu egin zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta ebazpenean egiaztatutzat jo zuen torturatu egin zutela. Halere, fiskaltzak eta auzitegiek ez dute ekinbiderik abiatu hari gertatutakoak argitzeko. 

Zulo bila

Bultzatzaileek uste dute orain «baldintza hobeak» daudela halako ekinaldi batek aurrera egiteko, eta xede dute «zulo txikiren bat topatzea» Espainian nagusi den «inpunitate estrukturalean». Hain zuzen, xede hori betetzeko sortu zuten GEBehatokia. «Fiskaltza soziala izateko asmoz sortu zen, eta estatuaren biktimei lagunduko diegu bide horretan», adierazi du Hernanek.

Hala, Espainian erantzun egokirik jasotzen ez badute, NBEra jotzea aurreikusten dute. Beraz, Hernanek uste du bidea «luzea» izango dela, eta orain arteko erantzunak ikusita, biktimak berriro biktimizatzeko arriskua ere badagoela. Era berean, baina, uste du «sendatze prozesu bat» ere izango dela, hala ekinbidean parte hartuko duten zazpi lagunentzat nola torturak pairatutako guztientzat. «Jasan zuten guztia entzuten da, eta badaude egitura batzuk, tartean GEBehatokia, bide horretan laguntzeko prest daudenak», adierazi du, eta gehitu du halako egitasmoak bultzatzea garrantzitsua dela salatu dituzten gertaeren modukorik berriro ez gertatzeko. 

Egia Jakiteko Eskubidearen Nazioarteko Eguna da bihar, eta, horren harira, Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiaren II. Topaketa antolatu dute. Hartan, Otamendi bera, Amaia Izko abokatua eta Josep Casadevall Estrasburgoko auzitegiko presidenteorde ohia arituko dira hizketan. Hain zuzen, Casadevall txostengile lanetan aritu zen Otamendiren auzian.

Horiek horrela, Hernanek azaldu du Estrasburgoko auzitegiak tortura kasuetan izandako jarrerari erreparatuko diotela solasaldian. «Casadevalli hona etortzeko proposamena egin genionean, segituan onartu zuen gure planteamendua: egiarako eskubideak ez duela preskribatzen. Harrituta dago ikusita Espainiak ez duela inongo iniziatibarik hartu», azaldu du GEBehatokiko ordezkariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!