Pastor
DARWIN ETA GU

Eta ume marokoarrak?

2026ko irailaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irudikatu familia marokoar bat, duela hilabete gutxi Espainiara iritsia: senar-emazteak eta alaba eta semea, 6 eta 5 urtekoak, hurrenez hurren. Madrilen bizi arren, haien artean marokoar darijaz, arabieraren dialekto magrebtarraz, baizik ez dute hitz egiten. Gurasoek ozta-ozta egiten dute gazteleraz. Umeek, askoz hobeto ez. Auzoan magrebtarrak dira nagusi. Hori dela eta, haien hizkuntzaz ari dira beti. Logikoa.

Haur horiek oraintxe hasi dira eskola publikora joaten. Irailean. Gelan sartu eta lehen kolpea: den-dena espainieraz. Zergatik ez dute izango haien etxeko hizkuntzaz ikasteko eskubidea? Gure espainolista maiteok ez dira esaten ari, ba, ama hizkuntzaz ikasten duten umeen kalifikazioak hobeak izaten direla? Bai, baina soil-soilik lehen hizkuntza espainiera bada, antza. Beste kasuetan, ez. Izorra daitezela beste umeak, izorra daitezela beste ama hizkuntzak. Ziri ederra sartu nahi digute, baina igarri egin diegu. Ez ahaztu: ama hizkuntzari buruz ari diren guzti-guztietan mintzaira bakar bat dute gogoan: espainiera.

Gure lagunen ustez, etxean gazteleraz berba egiten duten umeek hobe lukete erdaraz ikasi eta azterketak familia hizkuntzaz egingo balituzte. Jaurlaritzak D ereduari buruz hausnartzeko eskatu dute. Bai, sistemak badu zer hobeturik, baina haiek euskarazko irakaskuntzaren kontra egiteko aprobetxatzen ari dira akats horiek. Ez da hezitzailea, irakaslea, soziologoa, filosofoa, iturgina edo igeltseroa izan behar nor bere etxeko hizkuntzaz ondoen moldatzen dela atzemateko. Guztiz ados. Hala ere, hori ikuspegi pedagogiko hutsetik aldarrikatzen bada, ume guzti-guztiek izan beharko lukete aukera hori, ez soilik espainieraz mintzo direnek. Ez da hala?

Norberak bere lehen hizkuntzaz ikastea izango litzateke onena, ez dudarik izan. Hori ez da normalean gertatzen, baina. Estatuek beren legeak ezartzen dituzte, mintzaira jakin bat indartzeko, nagusia, eta lurraldea kohesionatzeko. Horrexegatik defendatzen dute espainiarrek Hego Euskal Herriko umeek espainieraz ikasteko eskubidea. Norvegian, Singapurren edo Kanadan bizi diren espainiarrei eskubide hori ez bermatzeak ez ditu kezkatzen. Beste estatu batzuk dira. Hemen, aldiz, bai. Haien iritziz, Hegoaldean espainieraz ikasteko eskubidea izan beharko lukete ume guztiek. Familia euskaldun, katalan edo galiziar batek, lana dela-eta egun batetik bestera Madrilera joan behar duenak, aukera izango du hango haur-eskoletan umeak euskaraz, katalanez edo galizieraz eskolaratzeko? Galdetu Ayuso andereari.

Ahoa betetzen zaie ama hizkuntzaz ikasteak dakartzan onurekin. Ez amu horri eutsi. Eskubide hori espainieraz hitz egiten duten umeentzat baino ez dute nahi

Ipar Europan, 70-80ko urteetan, salbuespen bitxi batzuk izan ziren arlo horretan. Guraso katalanak zituen suediar batek antzina azaldu zidanez, Olof Palme zenaren garaian atzerritarrek sorterriko au pair edo ume-zaintzaile bat hartzeko eskubidea zuten beraien seme-alabek etxeko hizkuntzaz jardun zezaten haiek lanean ari ziren bitartean. Neska hori bikain mintzatzen zen suedieraz eta katalanez. Eta polito ingelesez. Espainieraz ez hain ondo. Besterik behar zuen mundura irteteko? Suediarra zen, gurasoak katalanak zituen eta eskolan ingelesa ikasia zuen.

Ahoa betetzen zaie ama hizkuntzaz ikasteak dakartzan onurekin. Ez amu horri eutsi. Eskubide hori espainieraz hitz egiten duten umeentzat baino ez dute nahi. Beste haur guztiak diskriminatu egiten dituzte. Hizkuntza bakar bat defendatzen ari dira: espainiera. Hori egiteko arrazoiak, funtsean, ez dira pedagogikoak. Estatu arrazoia da dena, etengabeko eraikuntza nazionalean eta asimilazio prozesuan aurrera egiteko tresna. Eta ume marokoarrak eta haien hizkuntza? Izorra daitezela.

De Andres, Andueza eta enparauak gai honekin kaka ematen hasten diren bakoitzean hau galdetu beharko genieke: «Ama hizkuntzaz ikasteko eskubidea jatorri magrebtarreko umeei ere bermatu behar zaiela uste duzue? Eta senegaldarrei? Pakistandarrei? Txinatarrei? Edo soilik etxean gazteleraz mintzo diren umeek izan beharko lukete aukera hori?». Ea zer erantzuten duten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA