Etorkizuna erabakitzeko nahiaren inguruan bat etorri dira eragileak

Eragile politiko, sindikal eta sozial ugarik ordezkariak bidali dituzte Gure Esku-ren mobilizaziora. «Ongizatearekin» eta «bizi baldintza duinekin» lotu dute erabakitzeko ahalmena.

GURE ESKU
EH Bilduko ordezkari zenbait, manifestazioaren aurretik. ARITZ LOIOLA / FOKU
gotzon hermosilla
Bilbo
2025eko ekainaren 7a
20:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Eragile politiko, sindikal eta sozial ugarik bat egin dute Gure Esku-k antolatutako mobilizazioarekin, eta, ibilaldia hasi aurretik egindako adierazpenetan, erabakitzeko eskubidearen garrantzia nabarmendu dute haietako askok. Eragile gehienek, sindikatuek batez ere, ongizatearekin eta lan eta bizi baldintza hobeak lortzearekin lotu dute erabakitzeko eskubidea.

EAJren EBBko kide Xabier Barandiaran alabarekin eta ikurrina lepoan agertu da manifestazioan: «Hemen gaude Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea duelako eta aldarri horri eutsi egin behar zaiolako, eta, alderdi eta eragile politiko guztien gainetik, denok elkartuta Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen alde gaudelako». Ohar baten bidez, EAJk jakinarazi du ez duela alderdi gisa parte hartu «aldez aurretik antolatzaileekin koordinaziorik egon ez» delako eta lehentasuna ematen diolako «alderdiak modu diskretuan egiten ari diren eztabaidari», baina mobilizaziora joateko askatasuna eman die alderdikideei. Barandiaranez gain, Markel Olano eta Miren Martiarena jelkideak joan dira.

EH Bilduk ordezkaritza zabala bidali du mobilizaziora, Pello Otxandiano buru zela, eta denen izenean Maddalen Iriarte Gipuzkoako Batzar Nagusietako ordezkaria mintzatu da: «Egunero egiten dugu lan ahalik eta erreminta gehien izan ditzagun geure politika publikoak aurrera eraman ahal izateko, baina oraindik asko falta zaizkigu. Geure gaitasun osoak izan nahi ditugu, eta beste harreman mota bat izan estatuekin». Ahal Dugu-tik, berriz, Richar Vaquero koordinatzaile nagusia eta Maite Gartzia koordinatzaile nagusiaren albokoa joan dira, eta EH Baitik, Xabi Larralde eta Mikel Irastorza.

«Erabakitzeko eskubidearen alde kalera atera behar da», esan du ELAko Amaia Muñoak, eta eskubide hori «edukiz» betetzearen alde egin du: «Gutxieneko soldata Euskal Herrian erabaki ahal izatea adibide paregabea da; Euskal Herriko jendea hobeto bizi dadin eta gure bizi baldintzak hobetu ditzagun behar-beharrezkoa da hemen erabakitzea, bai gauza txikiak eta bai handiak». Antzera mintzatu da LABeko Igor Arroyo: «Erabaki nahi dugu herri bat garelako, eta euskal herritar guztiei oinarrizko lan eta bizi baldintza duinak bermatzeko». Hark ere gutxieneko soldatari eta gutxieneko pentsioei buruzko eztabaida aipatu ditu erabaki ahal izatearen egokitasunaren adibide gisa. Steilas, ESK, EHNE eta beste sindikatu batzuetako ordezkariak ere han izan dira.

Euskalgintza ere bai

Euskalgintzako ordezkariek ere parte hartu dute mobilizazioan: Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia, Amagoia Mujika BERRIAko zuzendaria, EHEko Intza Gurrutxaga eta beste zenbait han izan dira. Korrikaren koordinatzaile Ane Elordik adierazi du bat datozela herri libre baten aldeko eskaerarekin: «AEKn eta Korrikan lanean ari gara Euskal Herria euskaldundu eta harrera herri bilakatzeko, eta oso pozgarria da gaur ere denok kalean egotea».

Kike Amonarriz soziolinguistaren iritziz, Euskal Herriak behar du «urrats bat aurrera egin». Haren esanetan, «herri libre batek lagunduko luke aurrera egiten, bai hizkuntza alorrean, bai hainbat arazo sozialetan, eta herri gisa irauteko eta garatzeko behar ditugun baldintzak bermatzen». Iñaki Goirizelaia EHUko errektore ohiak, berriz, uste du «herri libre bat izateak ongizate handiagoa» ekarriko duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.