Etxe eskubidearen aldeko eragileek 70etik gora mobilizazio eginen dituzte A-11ko greban

Manifestazio nagusiak Hego Euskal Herriko hiriburuetan eginen dituzte, eguerdian, eta protestek segida izanen dute arratsaldez, dozenaka herritan. «Etxegabetzeak etetea» eta «prezioak jaistea» exijitu dute.

Etxe eskubidearen aldeko sindikatuek eta eragileek agerraldia egin dute Iruñean, azaroaren 11ko mobilizazioak iragartzeko. BERRIA
Etxe eskubidearen aldeko sindikatuek eta eragileek agerraldia egin dute Iruñean, azaroaren 11ko mobilizazioak iragartzeko. BERRIA
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2026ko azaroaren 5a
18:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Etxe eskubidearen aldeko aldarriak goizez eta arratsaldez ozenduko dira Hego Euskal Herriko karriketan azaroaren 11n. Greba orokorrera deitu duten eragileek iragarri dute hiri nagusietako manifestazioez gain dozenaka mobilizazio eginen dituztela egun horretan, 70 herritan baino gehiagotan.

Urriaren 22an lanuzterako deia egin zutenean bezala, batasun irudia eman dute antolatzaileek gaur Iruñean egin duten agerraldian ere. Han izan dira etxebizitza sindikatuetako ordezkariak, euskal gehiengo sindikaleko kideak —ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde—, eta baita herri mugimenduko hainbat eragile ere. Denen izenean hitz egin dute Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareko Oihana Idoate Erreak eta Errolda Orain mugimenduko Amaia Redin Irozek.

Manifestazio nagusiak eguerdian eginen dituzte: 12:30ean Bilbon, Iruñean, Donostian eta Tuteran (Nafarroa), eta ordu erdi lehenago Gasteizen eta Eibarren (Gipuzkoa). Arratsaldean, baina, segida izanen dute etxe eskubidearen aldeko protestek, 70etik gora auzo eta herritan. Lanuztearekin bat egitera ez ezik, mobilizazioetan parte hartzera dei egin diete Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako herritarrei.

«Prezioen igoerak, bizitzeko etxeen kopurua apaldu izanak, etxegabetzeen gorakadak eta etxegabeentzako baliabideen murrizketak erakusten dute egoera gero eta kezkagarriagoa dela» 

OIHANA IDOATE ERREA Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareko kidea

Etxebizitzaren krisiak «okerrera» egin duela nabarmendu du Idoate Erreak: «Prezioen etengabeko igoerak, bizitegi erabilerarako etxeen kopurua murriztu izanak, etxegabetzeen gorakadak eta etxerik ez dutenentzako baliabideen murrizketak argi erakusten dute egoera gero eta kezkagarriagoa dela». Are: herritar gehienen egoera okertzen ari den bitartean, espekulatzaileek eta errentadunek «inoizko etekinik handienak» pilatu dituztela salatu du etxebizitza sindikatuen ordezkariak. «Errealitate horrek areagotu egiten ditu desberdintasun sozialak, eta pobrezia, ziurgabetasuna eta eskubideen galera hedatu».

Erantzukizun politikoa

Egoeraren erantzule nagusiak «espekulatzaileak, errentadunak eta, oro har, etxebizitza negozio bihurtu duten eragileak» direla esan dute etxebizitzaren arloko eragileek. Hala ere, uste dute auziaren oinarrian badela «erantzukizun politiko» bat ere. Horren adibidetzat jo dituzte Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta foru aldundien etxebizitza politikak. «Etxejabeentzako bermeak eta onura fiskalak sustatzen dituzte; konponbide gisa aurkezten dituzte alokairurako laguntzak, azkenerako errentadunen poltsikoetara iristen diren arren; eta enpresen etekinak handitzeko soilik balio duten eraikuntza zikloak bultzatzen dituzte behin eta berriro», adierazi du Errolda Orain mugimenduko kideak.

«Osasuna edo hezkuntza bezala, etxebizitza eskubide unibertsal gisa bermatu behar da, eta, horretarako, ezinbestekoa da espekulazioa eta errentismoa bukatzea» 

AMAIA REDIN IROZ Errolda Orain mugimenduko kidea

Etxebizitzaren arazoari aurre egiteko erakundeek planteatutakoak «neurri partzialak eta promesa instituzionalak» baino ez direla gaineratu dute deitzaileek: «Osasuna edo hezkuntza bezalaxe, etxebizitza eskubide unibertsal gisa bermatu behar da, eta, horretarako, ezinbestekoa da espekulazioa eta errentismoa bukatzea». Helburu horrekin, hiru aldarrikapen nagusi egin dituzte: bat, espekulatzaileek pilatutako higiezinak «desjabetzea»; bi, etxebizitzaren erabilera espekulatiboa debekatzea; eta hiru, etxebizitza gizartearen beharren arabera antolatzea, eta ez merkatuaren logikaren arabera.

Egungo krisiaren ondoriorik larrienak arintze aldera, berriz, lehenbailehen aplikatu beharreko bi neurri ere proposatu dituzte: etxegabetze guztiak etetea eta prezioak berehala jaistea. Hori aldarrikatzeko aterako dira kalera azaroaren 11n, eta mobilizazioetan parte hartzeko deia egin diete herritarrei: «Greba orokorra behar-beharrezkoa izango da arazoa egiturazkoa dela agerian uzteko, horretatik etekina ateratzen dutenak seinalatzeko eta benetako eraldaketak konkistatzeko, greba mugarri izan dadin etxebizitzaren aldeko Euskal Herriko borrokan».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA