Etxebizitza alternatiba bat jaso du Donostian etxegabetu behar zuten familiak

Saretxek «antolakuntza kolektiboan oinarritutako garaipena» azpimarratu du. Halere, «higiezinen arrazakeria» aitzinera eraman du eta interes elektoralisten araberako jokamoldeak gaitzetsi.

Saretxeko kideak etxegabetzearen salatzeko prentsaurrekoan, urriaren 13an, Donostian. JAVI COLMENERO / EFE
Saretxeko kideak etxegabetzearen salatzeko prentsaurrekoan, urriaren 13an, Donostian. JAVI COLMENERO / EFE
Leire Casamajou Elkegarai
2026ko azaroaren 20a
12:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Atzo, azaroak 19, justu hilabete bete zen Egiako familia hau etxegabetu behar zutenetik, eta sindikatuak egindako lanari esker, gaur etxebizitza alternatiba jaso duela ospatu nahi dugu». Hitz horiekin azaldu du Saretxek etxebizitza alternatiba bat jaso duela Donostiako Egia auzoan etxegabetu behar zuten familiak.

Saretxek urriaren 13an eman zuen familia horren egoeraren berri, eta, biharamunean bertan, etxegabetzearen bertan behera uztea lortu zuen, behin-behinean. Hain zuzen ere, sindikatuak azpimarratu zuen ezin zela familia hori etxegabetu, Espainiako Gobernuak urriaren 6an onartutako errege dekretuaren arabera egoera zaurgarrian baitago. Azkenean, etxegabetzea bertan behera uztea erabaki zuen epaileak, zaurgarritasun txostena lortu bitartean. Behin-behinekoa zen ebazpena, eta gehienez ere bi hilabeteko epea eman zien txostena eskuratzeko. 

Baina hara: etxebizitza berria esleitu zaio familiari. Gauzak horrela, «adingabeak dituen familia hau ez da kale gorrian geldituko», Saretxek ohartarazi duenez. «Auzoan bizitzen jarraitu ahal izango du, urte hauetan eraiki duen ingurua eta komunitatea mantenduz». Sindikatuak «antolakuntza kolektiboan oinarritutako garaipena» azpimarratu du, baita eskerrak eman ere «hori posible egin duten auzokide guztiei».

Behin lorpena txaloturik, halere, «higiezinen arrazakeria» aitzinera eraman du sindikatuak, gaur goizeko agirian. Hain zuzen ere, Saretxek uste du Egiako familiaren egoerak agerian ezarri duela «etxebizitzaren gatazka ere zeharkatzen duen arrazakeria estrukturala». Familiak ez zuen etxebizitza utzi kontratua amaitu zenean, «ez zuelako beste bizilekurik aurkitzeko aukerarik», sindikatuaren ustez. «Egoera horretan, higiezinen arrazakeriak paper garrantzitsua jokatu zuen, familiak etxebizitza eskuratzeko izan zituen oztopoak areagotuz».

Hots, udalaren eta instituzioen jokamoldeak positibotzat harturik ere, sindikatuak uste du norabide aldaketa hori ezin dela testuinguru politiko eta sozialetik bereizita ulertu: «Hauteskunde-testuinguruak hasieratik markatu du 2026-2027 ikasturtea. Egoera horretan, ez da harritzekoa Donostiako Udalak eta haren alderdi gobernukideek, EAJk eta PSE-EEk, halako neurriak hartu izana. Izan ere, etxebizitzaren problematikaren adierazpen gordinenetako bat dugu eskuartean, etxegabetzeen arazoa, eta halako alternatibak eskaintzea irudi publikoa zaintzeko baliagarria izan daiteke».

Ildo beretik, oroitarazi dute etxegabetzeak ez direla kasu isolatuak, baizik «auzoetan egunero gertatzen den errealitatea». Are gehiago, Saretxeren arabera, «udalak ez du egiturazko arazo honi aurre egiteko benetako borondaterik erakutsi, eta etxebizitzaren negozioa sustatzen jarraitzen du». Bereziki larria iruditzen zaie, hain zuzen, familiari eskainitako etxebizitza-alternatibaren berri El Diario Vasco egunkariak eman izana, familiak berak horren berri izan aurretik: «Udalak komunikabide bati eman zion familiaren etorkizunari buruzko albistea, familia bera oraindik informatu gabe zegoenean».

Horren aurrean, komunikabideei dei egin die sindikatuak, «tentuz jokatzera eta denontzako irtenbideak bultzatuko dituen enfoke periodistikoak erabiltzera».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA