Iazko urriaren 9an, Burlatako (Nafarroa) emakume bat eta haren bi seme-alaba adingabeak etxegabetu zituen Espainiako Poliziak, epailearen aginduz. Goizean goizetik hesitu zituzten San Frantzisko kaleko etxearen ingurumariak, eta han bildutako manifestariak bortizki irtenarazi. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako, Haritu sindikatuko eta Berriozarko PAH Hipotekak Kalte Eginikoen Plataformako zenbait kide bertaratuak ziren etxegabetzea gelditzen saiatzera, eta Polizia borra kolpeka eta piperbeltz gasa erabiliz oldartu zitzaien.
Ikusi gehiago
Gaur, hiru gaztek epailearen aurrean deklaratu behar izan dute, etxegabetze horrekin lotuta. «Desobedientzia», «lesio delituak» eta «agintaritzari aurre egitea» egozten diete. Hori dela eta, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Harituk eta PAHk elkarretaratzea egin dute Iruñeko epaitegien aurrean. Txaloka eta oihuka agurtu dituzte ikerketapean diren hiru gazteak, haiek deklaratzera joan direnean.
Harituko Camila Orellanak eta Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako Iker Narbonak gogorarazi dute etxegabetze hartan hamazazpi pertsona identifikatu zituztela, eta Espainiako Poliziaren «oldarraldi bortitza» salatu dute: «Saiatu ginen familiari laguntzen, baina 07:00etarako han zegoen Polizia, eta etxera hurbiltzea galarazi zigun makilakadaka. Epaitegiak ezarritako etxegabetze ordua ez zuen errespetatu Poliziak, eta goizaldetik ibili zen ingurumariak zaintzen, jendearen erantzun antolatua oztopatzeko», esan du Orellanak.
Etxegabetutako familiaren egoera
Harituko kidearen esanetan, Burlatako Udalak bizitoki alternatiba bat eskaini dio jada urrian etxegabetutako familiari, baina txartzat jo du konponbidea eman arteko prozesua gehiegi luzatu izana: «Sei hilabetez, hotel bateko logela batean bizi behar izan dute emakume horrek eta haren bi seme-alabek; halako bizitoki batek ez ditu gutxieneko baldintzak betetzen haur txikiak dituen familia bat luzaz hartzeko; besteak beste, ez dago ez sukalderik ezta intimitaterako espaziorik ere».
Narbonak ere kritikatu ditu instituzioek eskainitako konponbideak: «Hasieran esan zuten hotelaren alternatiba egun gutxi batzuetarako baino ez zela, baina zenbait hilabete iraun du kontuak. Finean, instituzio publikoek ez dute behar besteko baliabiderik, edo hobeki esanda, baliabide horiek merkatuaren esku daude, eta ez dituzte eskaintzen halako kasuetarako».
Etxegabetzeen auzian instituzioen arteko «konplizitatea» dagoela gehitu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistako ordezkariak: «Bakoitzak bere rola jokatzen du, baina, finean, epaitegien, Poliziaren eta administrazio publikoen eginkizuna da jabetza pribatuari lotutako ustezko eskubideak bermatzea, gainerako giza eskubideen gainetik». Horren harira, Narbonak beharrezkotzat jo du herritarrak antolatzea: «Etxebizitzaren aldeko borroka kriminalizatu nahi dute, gure sindikatuen eta kolektiboen jarduna ekonomikoki ito, eta, azkenik, jabetza pribatua izateko eskubidea blindatu. Horregatik guztiarengatik, tinko eutsi behar diogu borrokari».