Etxebizitzaren arloan «egiturazko aldaketak» eskatuko ditu ELAk azaroaren 11n

Sindikatuak batzarrak egin ditu bere kideekin, etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorra prestatzeko. Jaurlaritzaren aurrekontuak kritikatu ditu Mitxel Lakuntzak, eta etxebizitzaren arloan egindako ahalegina «hutsaren hurrengoa» dela salatu.

ELAren manifestazioa, gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
ELAren manifestazioa, gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
gotzon hermosilla
Bilbo
2026ko azaroaren 3a
13:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Apurka-apurka, eragileak ari dira motorrak berotzen etxebizitzarako eskubidearen aldeko greba orokorrerako. ELAk bere militanteak bildu ditu, eta batzarrak egin Bilbon, Donostian, Azpeitian (Gipuzkoa), Leioan eta Santurtzin (Bizkaia), grebarako arrazoiak azaldu eta mobilizazioaren arlo teknikoak jorratzeko. Bilboko batzarrean, sindikatuko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak parte hartu du, eta bilera amaitutakoan adierazi du grebaren bidez «egiturazko aldaketak» galdegingo dituela ELAk etxebizitzaren «larrialdiari» irtenbidea emateko.

Lakuntzaren iritziz, etxebizitzaren egoera «porrot politiko» baten emaitza da, eta Hego Euskal Herriko instituzio egitura osoa jo du horren arduraduntzat: Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua, foru aldundiak eta, «neurri apalagoan bada ere», udalak. «Ez dugu ahaztu behar, beste arlo batzuetan ez bezala, etxebizitzaren auzian hemen daudela eskumen nagusiak». Horregatik uste du ez dela asago joan behar egoeraren erantzuleak topatzeko, eta deitoratu du erakunde horietatik bakar batek ere ez duela «autokritikarik» egin etxebizitzaren auzia dela eta.

Eusko Jaurlaritza egunotan aurkezten ari den aurrekontuen egitasmoa jarri du horren erakusletzat. Haren iritziz, aurrekontuetan argi gelditzen da Jaurlaritzak etxebizitzaren auzian egiten duen ahalegina «hutsaren hurrengoa» dela: «Lehen, aurrekontuaren %2,7 erabiltzen zuten etxebizitza politiketarako, eta orain %2,8 erabiltzea proposatzen dute; horrek ematen du Pradalesen gobernua egiten ari den ahaleginaren neurria».

«Grebara joango gara erakundeek orain arte egin ez dutena egin dezaten»

MITXEL LAKUNTZA ELAren idazkari nagusia

Lakuntzaren iritziz, gakoa da orain arteko etxebizitza politikak «bankuen, eraikuntza enpresen, errentadunen eta espekulatzaileen mesedetan» egin direla, eta hori «errotik» aldatu nahi dute greba orokorraren bitartez: «Hain zuzen ere, grebara joango gara erakundeek orain arte egin ez dutena egin dezaten».

«Egiturazko aldaketak» nahi ditu ELAk etxebizitzaren alorrean, eta horietako batzuk aipatu ditu Lakuntzak: espekulazioa galaraztea, alokairuen prezioa mugatzea eta etxebizitza politiketako inbertsio publikoak handitzea. Aldarri horiek gogoan joko dute greba orokorrera azaroaren 11n.

Manifestazioa Bilbon

Campos antzokian egin dute Bilboko batzarra, eta, hura amaitu eta gero, kalean elkartu dira ELAko kideak, ikurrinak eta sindikatuaren ikurrak eskuan, eta Etxebizitza denontzat. Euskal Herrian SMI 1.500 euro leloa idatzita zuen pankarta baten atzetik.

Ondoren, manifestazioa egin dute. Espekulazioaren eta kaleratzeen kontrako eta desjabetzeen aldeko oihuekin batera, «negozioa bada, ez da eskubidea», «etxegabetzeak gelditu», «azaroak 11, greba orokorra» eta antzeko leloak oihukatu dituzte manifestariek. Urkixo zumarkalea hartu dute, eta handik Areiltza Doktorearen zumarkalera jo dute. Han amaitu dute mobilizazioa, Alquiler Seguro etxe agentziak kale horretan duen egoitzaren aurrean, enpresa horiek «espekulazioaren errudunetako batzuk» direla nabarmentzeko.

Aurreko egunetan, Eibarren, Errenterian, Beasainen (Gipuzkoa), Arrigorriagan (Bizkaia), Gasteizen, Iruñean eta Tuteran (Nafarroa) egin dituzte batzarrak. Bihar amaituko dute greba orokorra prestatzeko sindikatuko kideekin antolatutako bilera sorta, Durangon (Bizkaia) egingo duten batzarrarekin.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA